Asier Garcia Uribarri
Nola sortu eta garatu zen Eguzki Sistema? Lurrean bizitza sortu zuten osagaiak planetan bertan sortu ziren, edo kanpotik heldu ziren? Galdera horiek eta gehiago erantzuten saiatu da ESA Europako Espazio Agentzia Rosetta misioarekin. Lehenengo aldiz lortu dute satelite batek kometa batekin bat egitea, eta harekin bi urte luzez espazioan bidaiatzea. Miguel Perez Ayucar (Iruñea, 1977) ESAko ingeniaria da. Espazioaren ikerkuntzan egindako lanagatik jaso du aurten ANIT Nafarroako Telekomunikazio Ingeniarien elkarteak ematen duen saria.
Urteak daramatzazu kanpoan lanean, zer da zuretzat horrelako aitorpen bat jaso izana?
Nire lan eta asmoek etxetik urrun eraman naute, baina beti dut nire lurra gogoan, asko maite baitut. Niretzat, ohorea da Iruñera itzultzea eta Eguzki Sistemaren ikerketan egiten duguna azaldu ahal izatea, gai liluragarria baita.
Rosetta proiektuari buruz mintzatu berri zara Iruñean, azken urteetan egin duzun lanaz. Zergatik da hain garrantzitsua?
Rosetta ESAk egin duen zientzia misio konplexuenetariko bat izan da. Lehenengo pausoak 1980ko hamarkadan eman zituzten, ESAren Giotto zundak Halley kometarekin izandako elkartze laburraren ostean. Asmoak zientzia fikziozkoa ematen zuen: kometa bat harrapatzea 100.000 km orduko baino gehiagoko abiaduran, bi urtez orbitatu kometak aktibitate gehien duen garaian, eta eguzkitik hurbilen dagoenean, kometaren gainazalera robot bat bidali. Rosetta-Philae horrela jaio zen. Ariane 5 kohetearekin bidali zuten 2004. urtean. Planeten arteko bidaiak hamar urte baino gehiago iraun du, eta beharrezkoa izan da karanbola bat Lurretik bi aldiz eta Martetik behin pasatzeko. Inguratze bakoitzak aparteko grabitate indarra ematen zigun kometa urruna harrapatzeko. Zunda Eguzkitik urrutien egon zen garaian, hibernazioan jarri genuen, ez zuelako energia nahikorik lanean aritzeko. Hiru urte eman zituen horrela. Azkenean, 2014ko abuztuan, kometara heldu, eta haren orbitan kokatu ginen. Azaroan, Philae banatu genuen Rosetta-tik, eta lurreratu egin zen. Kometaren aktibitate nagusia neurtu genuen 2015eko abuztuan, Eguzkitik hurbilen zegoen momentuan. Proiektua irailaren 30ean bukatu zen, Rosetta-ko ontzi nagusiak kometan lurreratuta.
Zergatik aukeratu zenuten 67P/Churyumov-Gerasimenko kometa?
Egungo teknologiarekin antzeman dezakegun kometa mota da. Jupiterreko kometen familiakoa da, beraz, haren orbita ez da oso eszentrikoa. Jupiterreraino urruntzen da, eta Eguzkira Lurra baino apur bat gehiago hurbiltzen da. Kometa gaztea da, eta hori zientifikoki oso erakargarria da, haren sorreratik ez baita asko aldatu. Hala ere, zailtasuna agerikoa da, 130.000 kilometro orduko abiaduran mugitzen baita, gas eta harriak etengabe kanporatuz.
Zein izan da zailtasun nagusia?
Edozein espazioko misiok zailtasun ugari ditu atxikiak. Rosetta-ren kasuan, unerik kritikoenak Philae eta Rosetta beraren lurreratzeak izan ziren. Konplexutasunaren aldetik, zailena izan zen erabat ezezaguna zitzaigun objektu aktibo baten inguruan hegan egiten ikastea. Gauza asko bidean aldatu behar izan genituen, gas eta hauts zurrustak etengabe gertatzen baitziren.
Misioan, aurreikusitako helburuak bete dira?
Helburuak bete, eta gehiago ere lortu dugu. Misioaren iraupena espero genuena izan da. Hala ere, horrelako arriskuak zituen proiektu bat izanda, askoz lehenago ere bukatu zitekeen.
Proiektuaren zein alderdirekin geratuko zinateke?
Ni neu, irailaren 30eko lurreratzearekin geratzen naiz. Hiru urtez kometan zientzia eta lan handia egin ostean misioa bukatu zen. Jaitsiera oso konplexua izan zen, baina orduan, bereizmen handiena zuten emaitzak lortu genituen. Emozioz beteriko uneak izan ziren, eta dena ondo joan zen.
Zeintzuk dira emaitzarik esanguratsuenak?
Hiru nabarmenduko nituzke. Lehena, aurretik ikusi gabeko objektu bat behatzea. Kometaren forma ez genuen ezagutzen, eta ematen du Eguzkitik urrun gertatutako bi kometaren arteko talka motel baten emaitza dela. Bigarrena, 67P kometaren ur analisia. Horren arabera, hango urak ez du Lurrekoarekin zer ikusirik. Hori erabat harrigarria da. Lurreko urak jatorri estralurtarra du. Haren sortzearen ondoren heldu zen; ziurrenik, kometa eta asteroideen bonbardaketak ekarri zuen. Emaitza horrek iradokitzen du ekarpenik handiena asteroideek egin zutela. Hirugarrena, molekula organiko konplexuen aurkikuntza da. Horien artean, garrantzia berezia du aminoazido glizina aurkitzeak. Rosetta-ren xede nagusietako bat zen ikertzea ea Lurrean bizitza sortu zuten molekula bakunek Lurretik kanpoko jatorria ote zuten. Neurketek berretsi dute kometek ekar zitzaketela Lurreko garapen biologikorako oinarrizko osagaiak.
Zein izan da zure lana misioan?
Planifikazio eta zientzia operazioen taldea gidatu dut. Zehazki, gure ingeniari eta zientzialari taldeak lanabesak erabiltzeko komandoak sortu zituen. Era berean, Rosetta ontziaren norabidea markatu dugu, neurketa zientifikoak egin nahi genituen tokietara jo zezan.Lanabesen operazioen prestaketarako azken katebegia ginen, eta presio handia genuen planak ontzian garaiz egon zitezen eta akatsik egon ez zedin.
Zaila izaten ohi da gisa honetako gaiak gizarteratzea. Zergatik da horren garrantzitsua espazioaren ikerketa?
Zientifikoki, Lurrean ezinezkoak diren aurrerapausoak ematen dizkigu espazio ikerketak. Babesten gaituen atmosfera oztopoa baita unibertsoa eta haren prozesuak ikasteko. Azken urteetan aurkitu dira, besteak beste, Einsteinen grabitazio uhinak, zulo beltzak, materia eta energia iluna, eta beste izar batzuen inguruan dauden ehunka planeta eta atmosfera. Espazioko misio berriek unibertsoari buruz dakiguna irauliko dute. Teknologikoki, berriz, gure egunerokoan erabiltzen ditugun aparatu eta sentsoreak garatzen dira. Hala nola eguzki panelak, laserrak, komunikazioak, propultsioa edota material berriak. Halaber, sistema osoak gauzatu egiten dira, adibidez, GPS edo Galileoren gisakoak, eguraldia eta hondamendi naturalak aurreikustekoak edota abiadura handiko datu eta mugikorren komunikazioak.
Ezin dugu ahaztu misio horiek duten eragin soziologikoa ere: jendea inspiratzen duten misioak dira, eta nazioarteko lankidetzaren beharra dute. Herrialde bakar batek ezin dituelako horrelako proiektuak bere kabuz aurrera eraman. Laburbilduz, unibertsoko beste txokoren batean organismo sinpleak aurkituko bagenitu, unibertsoari buruz dakiguna irauliko litzateke.