Ez dute zirkulua lerro zuzen bilakatzea nahi

Ez dute zirkulua lerro zuzen bilakatzea nahi

Edurne Elizondo

Datozen hamar urteetarako plana onartu berri du Nafarroako Gobernuak hondakinak kudeatzeko, eta testu horretan, hain justu, eredu aldaketaren beharra eta ekonomia zirkularraren aldeko apustua nabarmendu ditu administrazioak. Erriberan, ordea, egitasmo horien aurka egiten duen erabakia hartu dutela salatu dute plataforma osatu berri duten herritarrek eta eragileek: akordiorako oinarria onetsi dute Erriberako Hondakinen Mankomunitateak eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, azken herrialde horretako errefusaren zati bat Tuterako El Culebrete tratamendu zentroan hartzeko.

“Erabaki horrek kolokan jartzen du gobernuak onartutako hondakinen plan osoa”, salatu du Sustrai Erakuntza fundazioko Martin Zelaiak. Zehazkiago, erran du beldur dela plan hori mamirik gabeko azala ote den. “Kontseilariak berak esan du hondakinen kudeaketan eredu aldaketa bat behar dugula, baina Tuteran egin nahi dutenak ez du asmo horrekin bat egiten. Ez da urrats bat aurrera, atzera baizik. Larria da”.

Azaroan zabaldu zen Erriberako Hondakinen Mankomunitateak eta GHK-k onetsitako akordiorako oinarriaren berri. Zehazki, Erriberako mankomunitateko batzorde iraunkorrak hartu du erabakia. PSNren esku dago mankomunitatearen lehendakaritza, eta batzorde iraunkor horretan ere ordezkari gehienak alderdi sozialistako kideak dira. “11 kide dira, eta PSNren ordezkari dira zazpi. Ezkerrak hiru ditu, eta UPNk bakarra”, azaldu du Erriberako Hondakinen Mankomunitateko presidenteorde Olga Risueñok. Ekologistak Martxan taldeko kide izan da Erriberan, eta Ezkerrako zinegotzia da, orain, Tuterako Udalean.

Erriberako eta Gipuzkoako erakundeen artean adostutakoaren arabera, Gipuzkoako errefusaren zati bat ekarriko dute Nafarroara: urtean, gehienez, 70.000 tona hondakin, hain zuzen ere. Akordioa hiru urterako litzateke, laugarren urtez luzatzeko aukerarekin. Erriberako Hondakinen Mankomunitateak, trukean, bost milioi euro inguru jasoko lituzke. Asmoa da Gipuzkoako errefusa tratatzea El Culebrete zentroan, baina horko zabortegian lurperatu gabe. Erriberatik, beraz, bertze zabortegi batera eramanen lituzkete hondakinak, El Culebreten bereizi eta tratatu ondoren.

Adostutakoaren inguruan dituen zalantzak jarri ditu mahai gainean Sustrai Erakuntza fundazioak. Batetik, ekonomia zirkularraren aurka egiten duelako, eta birziklatzea ez duelako lehenesten; bertzetik, Gipuzkoatik Erriberara eramateko 200 kilometro baino gehiagoko bidea egin beharko dutelako hondakinek. “Horrek Erriberan egun dauden kutsadura arazoak areagotu besterik ez ditu eginen”, erran du Zelaiak. Hirugarrenik, fundazioko kideek ez dute argi hondakinen azken helmuga zein izanen den. “El Culebreten lurperatzeko arriskua bada, beste nonbaitera eramateko dauden zailtasunak kontuan hartuta”, erantsi du fundazioko kideak.

Kezka horiekin bat egin dute Erriberako herritar eta eragile anitzek, eta, ondorioz, Gipuzkoako hondakinak Tuteran hartzeko egitasmoaren aurkako plataforma osatu dute. Hainbat herritako hautetsiek, eta zenbait sindikatuk eta talde ekologistak bat egin dute, bertzeak bertze. Elkarretaratzea egin zuten plataformako kideek joan den abenduaren 17an, eta lanean jarraitzeko asmo sendoa agertu dute. Gustavo Gil Perez Nievas da plataformako kideetako bat. Tuterako Udaleko zinegotzia ere bada, Candidatura de Unidad Popular (CUP) taldearekin.

Talde horrek aurkeztutako mozioa onartu zuen Tuterako Udalak, hain zuzen ere, joan den abenduaren 4ko osoko bileran. Onartutako testuaren bidez, GHKren eta Erriberako Hondakinen Mankomunitatearen arteko akordiorako oinarriaren aurka egin du Tuterako Udalak. PSNk ez zuen mozioa babestu, baina UPNren aldeko boza jaso zuen. Ezkerra, berriz, abstenitu egin zen.

Zinegotzi eta plataformako kide gisa, Gil Perez Nievasek argi du Erriberako mankomunitateak bertan behera utzi beharko lukeela Gipuzkoako hondakinak Nafarroara ekartzeko egitasmoa. Hainbat auzi jarri ditu mahai gainean. Batetik, akordiorako oinarria batzorde iraunkorrak onartu izana salatu du. “Mankomunitateak berak erraten du erakunde horren organo nagusia batzar nagusia dela”. Bertzetik, zinegotziak gogoratu du mankomunitateak ez dituela zuzenean kudeatzen Erriberako hondakinak; FCC enpresak du ardura hori bere gain. “Jasotako zaborraren arabera kobratzen du; ondorioz, gero eta hondakin gehiago hartzea interesatzen zaio”. Kezka horrekin bat egin dute Sustrai Erakuntza fundazioko kideek, eta hondakinen kudeaketa enpresa pribatuen esku dagoenean negozioa gailentzen dela nabarmendu du Zelaiak.

Egoera horri aurre egiteko beharra aipatu du Gil Perez Nievasek, hain zuzen ere, eta Erriberan sortu berri duten plataformak aukera bat proposatu du: “Birziklatutako tona bakoitzeko ordaintzea”.

Gobernuaren jarrera

Hondakinen kudeaketan Gipuzkoak atzera egin duela argi du Zelaiak. “Ekonomia zirkularraren eta birziklatzearen aldeko apustua bazter utzi dute, eta hondakinak errausteko urratsa babestu dute”. Erriberan egin nahi dutenaren atzean “eredu bera” dagoela argi du Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. “Teknika da ezberdina; han errausten dutena hemen lurperatu nahi dute, baina eredu bera da. Eta eredu hori da aldatu behar dena”.

Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Landa Garapen eta Toki Administrazio kontseilari Isabel Elizaldek berak bat egin zuen asmo horrekin, hondakinak kudeatzeko plana aurkeztu zuenean. Alegia, eredua aldatzeko beharra nabarmendu zuen. Aldi berean, ordea, Gipuzkoako hondakinak El Culebreten hartzeko proiektuari oniritzia eman dio departamentu horrek. Behin betiko baimenaren zain da Erriberako mankomunitatea oraindik ere, halere, baimen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean agertzeko zain.

Gobernuak gogoratu du Nafarroatik kanpoko hondakinak tratatzeko akordioen inguruko ardura ez dela berea, mankomunitateena baizik. “Nik uste dut gobernuak ez zuela Erriberan egin dutenaren gisako akordiorik nahi, baina ez du ezetz esan. Pentsatzekoa da harremanen bat izanen zela Gipuzkoako EAJren eta Geroa Bairen artean”, erran du Zelaiak. Erriberako plataformako kideek ere “susmopean” jarri dute Nafarroako Gobernuaren jarrera, eta Geroa Bairen eta Gipuzkoako EAJren arteko harremana ikusten dute egindako urratsen atzean. “Gobernua hagitz azkar ari da dena egiten”, azaldu du Gil Perez Nievasek.

Plataformako kideek, halere, Erriberako Hondakinen Mankomunitateak duen ardura jarri dute erdigunean. “Mankomunitatea Erriberako hemeretzi herrik osatzen dute; herritarron erakunde bat da, finean”.

Ezkerrako zinegotzi eta mankomunitateko presidenteorde Olga Risueñok, hain zuzen, erakunde horren barrutik bizi izan du akordiorako oinarria onesteko prozesua. CUP taldeak mozioa aurkeztu zuenean, abstenitu egin ziren Ezkerrako zinegotziak Tuterako Udalean, abenduaren 4ko bileran. Hil horren 7an, ordea, batzarra egin zuten Ezkerrako kideek, eta Gipuzkoako hondakinak Tuterara eramateko asmoaren aurka agertu zen koalizioa. “Ezetzaren oinarria ez da hainbertze adostutako testua, hondakinak kudeatzeko eredua baizik”, zehaztu du Risueñok.

Zinegotziak azaldu du Erriberako Hondakinen Mankomunitateko presidente Tomas Aguadok maiatzean eman ziela auziaren berri. “GHKrekin harremanetan zela azaldu zigun ekaineko batzorde iraunkorraren bileran. Irailean, berriz, akordiorako oinarria prest zela erran zigun; adostu zutela mankomunitateak bost milioi euro inguru jasoko zituela, eta 10-14 lanpostu sortuko zirela, txandak bikoiztuko zituztelako Gipuzkoako hondakinak tratatzeko”, zehaztu du. Ezkerrako kideek azaroaren 21ean jaso zuten akordiorako oinarriak jasotzen zituen testua. “Ongi aztertu eta gero, uste dugu egin nahi dena ez dela hondakinak kudeatzeko modurik egokiena; horregatik eman diogu ezezkoa”, erantsi du Risueñok.

Mankomunitateko presidenteordeak bertze gai bat jarri du mahai gainean: erabakiak batzorde iraunkorrak hartu izana. “Guk argi dugu auziak eskatzen duela batzar nagusiak erabakitzea; mankomunitateko teknikariek erran dute, halere, batzorde iraunkorrak akordiorako oinarria onesteko eskumena duela”.

Akordiorako oinarria da egun Gipuzkoak eta Erriberak sinatutakoa. Akordio hori berretsi behar da, ordea, aurrera egiteko. Urratsak egiten jarraitzeko, hain zuzen ere, zailtasunak ditu Erriberako Hondakinen Mankomunitateak: Gipuzkoako errefusa El Culebreten hartu eta gero nora eraman argitzeke dago, oraindik ere.

Arnedon (Espainia) zabortegi bat kudeatzen du FCCk, eta harat eramatea izan zen lehen aukera; baina Arnedokoa industriaren hondakinentzako zabortegia da. “Ez du balio”, erran du Sustrai Erakuntzako Zelaiak. Aukera hori baztertu eta gero, Aragoiko (Espainia) Ejea de Los Caballerosko zabortegia zen FCCren bigarren aukera. “Hori, ordea, ez dago enpresa horren esku. Publikoa da. Ez da erraza izanen baimena lortzea”, erantsi du Zelaiak.

Zailtasun horien ondorioz Gipuzkoako hondakinak Tuteran geldituko ote diren beldur dira Sustrai Erakuntzako kideak, bai eta Erriberan plataforma sortu dutenak ere. Egun, jada, Erriberatik kanpoko hondakinak hartzen dituzte El Culebreten. “Nafarroa osoko hondakinen %41, hain zuzen; Iruñerrikoak eta Lizarraldekoak dira honat etortzen ez diren bakarrak”, azaldu du Gil Perez Nievasek. Gogoratu du Gongorako zabortegia 2022an itxiko dutela. Iruñerriko hondakinak hartzen ditu horrek egun.

El Culebreteko datuek, halere, zalantzan jartzen dute horko kudeaketa. “Mankomunitateak berak emandako datuen arabera, jasotako hondakinen %1,12 baino ez dute birziklatzen; %47 konpost bilakatzen dute, baina ez du saldu ahal izateko kalitaterik”, erran du Gil Perez Nievasek. Argi du zentro hori ez dela hondakin gehiago hartzeko toki egokia.

Zailtasunak nabarmendu ditu Zelaiak, eta pentsatu nahi du onetsitako akordiorako oinarriak bazter uzteko gai izanen direla zailtasun horiek. Herritarren erantzuna txalotu du, halaber, Sustrai Erakuntzako kideak, eta auziak haien artean birziklatzeko kontzientzia piztuko duela espero du. Akordioa berresteko bilerara ez du deitu, oraingoz, Erriberako Hondakinen Mankomunitateak.