Itzultzen ari da bere onera

Itzultzen ari da bere onera

Kattalin Barber

Ongi zaindutako ibai bat bakarrik garbitzen ohi da, sobera dagoen landaretza kentzeko ahalmena badutelako uhaldiek. Hiri izaera duen eta “hein batean artifiziala” den tarte batean, hala ere, beharrezkoa izaten da esku-hartzea: hondakinak nonahi daudelako, adibidez. Elortz ibaiaren ibilgua eta ertzak garbitzeko lanekin hasi zen joan den astean Iruñeko Udala, Etxabakoitz auzoko hirigunetik igarotzen den zatian.

“Ikuspuntu guztietatik begiratuta, tarte horretan Elortz ibaiaren itxura negargarria da”. Iruñeko Udaleko Hiri Ekologia eta Mugikortasun saileko zuzendaria da Camino Jaso, eta asteon dabiltza garbiketa lanekin. Udalak antolatutako auzo eztabaidagunetan behin baino gehiagotan atera izan da Elortz ibaiaren auzia. “Etxabakoizko tartea ez da batere naturala; auzoa eraiki heinean hor gelditu da ibaia, eta nahiko ahaztua eta utzia dago. Beharbada, horregatik bota dituzte hondakinak”, adierazi du Jasok. Zainduta ez egoteak “are gutxiago zaintzea” ekartzen duela uste du, gainera.

Joan den astetik, gehienbat obra hondakinak bildu dituzte, 300 metro inguruko tarte horretan, lanean ari diren beharginek. “Ekintza honen helburua izan da sasiak kentzea eta haien azpian zer dagoen ikustea; izan ere, sasiek dena estaltzen zuten, eta ez genuen ezer ikusten”. Sasia balio ekologiko handia duen eta hainbat animalia babesteko balio duen zuhaixka bat bada ere, gehiegi zabaldu da Etxabakoitz inguruan, eta horrek arazoak eragiten ditu, isuriak tokian bertan trabatuta geratzen baitira. Horrez gain, ibilgua ahokatuta dago, eta ibaiertzetako ezpondek malda garaiak dituzte zenbait tokitan.

Gizakiak botatako zikinkeriak eta landare inbaditzaileak kentzen ari dira, baina berez sortzen den tokiko landaretza mantendu nahi dute: “Hori kentzen badugu, ez gara garbitzen ariko, bizitza kentzen baizik”. Garrantzitsua da, funtzio ekologikoak betetzen dituelako. Lehen urratsa, hortaz, sasiak kentzea izan da. Hondakin guztiak atera dituzte, eta ibaiaren ibilgua nola dagoen aztertu: “Ibaia handitzen denean arriskutsuak izan daitezkeen elementuak kendu ditugu, hilak dauden adarrak eta enborrak, adibidez”. Landaredi inbaditzailea kendu dute, sarritan kalteak eragiten dituztelako uhaldietan, urak erraz asko eramaten baititu arrastaka.

Aurretiazko esku hartze bat egitea da xedea, garbiketako oinarrizko helburuak betetzeaz gain, ibilguaren benetako egoeraren eta inguruen balorazioa egiteko. Aurrerago esku hartze osoago bat egin nahi du Iruñeko Udalak, uhaldiei aurre egiteko ibaiaren ibilgua hobetu ahal izateko. “Orain, tarte batean ari gara lanean, baina kontuan izan behar dugu garrantzitsua dela zer dagoen uretan gora eta uretan behera; ibaia elementu lineala da, eta bere osotasunean hartu behar dugu kontuan”. Beraz, testuinguruan jartzeko eta aurrerago ekintza orokorrago bat egiteko balioko dute orain martxan jarritako lanek.

Hala, esku hartzearekin helburu komuna bete nahi da: automantentzea. Ibaien uhaldiek egin ohi dituzte garbiketa lanak, horiek baitira haien erremintak. Hondakinak daudenean, hala ere, ez da nahikoa ibaiak egiten duena. “Ibai osasuntsu batek, bere ohiko uhaldiekin, askoz hobeto funtzionatzen du isurbide edukiera ona duelako”. Jasok adierazi du horri “tunel efektua” deitzen zaiola: landaretzak tunel modukoa eraikitzen du, itzalpean, eta, modu horretan, bertan ez da ezer hazten uraren emariari oztopatzen diona. Uhaldi “normalei” aurre egiteko gaitasuna du Elortz ibaiak, Iruñeko Udaleko adituaren ustez, bere tamaina eta morfologia dela eta, hain zuzen ere.

“Salatari lana”

Arazoaren muinera joan behar dela uste du Jasok: “Saiatu behar dugu ibaiaren ibilgura hainbeste hondakin ez dadin iritsi”. Ibilgura iristen diren hondakin gehienak kalean bertan daudenak izaten dira, eta, euria dela eta, haraino iristen dira.

Horrez gain, ur bazterren erabilera erregulatzearen alde egin du adituak, arazoak ez sortzeko, adibidez, txabolekin. Eta prebentzio, sentsibilizazio eta kontzientziazio lanak egitea ere ezinbestekotzat jo du Camino Jasok. “Ibaiak ekosistemaren behe zatiak dira; haiek biltzen dute eta jasotzen dute arroan, ur gorenetan eta ondoko ibai adarretan gertatzen dena, eta salatari lanak egiten dituzte. Garrantzitsuak dira, ondorioz”.