Kattalin Barber
Adinean aurrera joanda ohikoa da memoria galtzea; gaixotasun neurodegeneratiboak maiz agertzen dira 65 urte baino gehiagoko pertsonen artean. Ezagunena alzheimerra den arren, beste hainbat daude, dementzia baskularra kasurako. NavarraBiomed ikerketa zentroko neurologoa da Javier Sanchez, eta behar bati erantzunez sortu du, Laura Moreno neuropsikologoarekin batera, Encartados proiektua.
Karta jokoen bidez, narriadura kognitiboari aurre egin nahi diote: “Kontsultan askotan galdetzen digute etxean zer egiten ahal duten gaixoak laguntzeko, eta nik beti gomendatzen diet kartetara jokatzea”, azaldu du Javier Sanchezek.
Altsasuko Josefina Arregi klinikan elkar ezagutu zuten bi ekintzaile horiek, eta urteetan Sanchezek buruan zuen ideiari forma eman diote, azkenean. Proiektuaren muina gida da, eta bertan azaltzen dira urratsez urrats prestatu dituzten hogei karta jokoak. Gehienak joko ezagunak dira: Eskoba, Xurrupatu bi edota Astoa. Dena den, jokoak “sinplifikatu” eta “beharretara egokitu” dituzte dementzia arina zein larria dutenek jokatu ahal izateko. Joko beraren maila desberdinak bildu dituzte liburuan. “Errezeta liburu bat bezalakoa da; pausoz pauso azaltzen dugu guztia”, adierazi du Sanchezek.
Gaixoa jokoan okertzen bada ez zuzentzearen alde egin du Morenok. “Ezin dugu behin eta berriro zuzendu edo behartu; ongi pasatzeko materiala izatea nahi dugu”. Izan ere, funtzio kognitiboak estimulatzeaz gain, asmo nagusia gaixo eta zaintzailearen arteko harremana estutzea da. Ez dira karta joko soilak, harago doaz. Memoria, hizkuntza, atentzioa, kontzentrazioa, arrazoibidea, abstrakzioa, aritmetika eta praxia eragiketak landu daitezke horien bidez modu “jostagarri” batean.
Sanchezek izan zuen ideia, orain dela urte batzuk. Gertu izan ditu beti kartak, eta amonarekin aritzen zen. Gaixotu zen amona, eta alzheimerra diagnostikatu zioten. “Baina kartekin jokatzen jarraitzen genuen. Gida bat egitea nuen buruan, eta hau izan da emaitza”, azaldu du Sanchezek. Sanchezek eta Morenok badakite haien proiektua ez dela berria. Estimulazio programetan aspaldidanik erabiltzen dituzte kartak. “Edonork ditu etxean kartak, edo erraz eskura ditzake. Zerbait tradizionala eta etxe guztietan dagoena behar honetara egokitu dugu”, argitu du Morenok. Kartekin batera, hamaika jarduera egin daitezke etxean narriadura kognitiboa duten pertsonekin: aldizkaria edo egunkaria irakurri, argazkiak berrikusi, landareak zaindu… Garrantzitsuena, haien ustez, tarte atsegin bat pasatzea da. Sanchezen irudiko, gaixoen senitartekoek edo zaintzaileek askotan ez dakite nola bete denbora eriekin. “Ohikoa da hori gertatzea, ordu asko baitira”. Besteak beste, kartek hutsune hori bete nahi dute. “Guretzat garrantzitsuena adinduekin denbora pasatzea da, eta orduak modu baliagarri batean aprobetxatzea”.
Zaintzaileetan arreta jarri nahi izan du Sanchezek. Izan ere, askotan “ahazten” den taldea dela dio, eta haientzat oso baliagarria izan daiteke Encartados gida. “Gero eta material gehiago badute gaixoekin aritzeko, hobe”, esan du neurologoak.
Pozik agertu dira Moreno eta Sanchez gidak orain arte erabili dutenen artean izan duen harrerarekin. Azaroan aurkeztu ostean, hainbat zahar etxe eta egoitzatan egon dira azken hilabeteotan. Iruñeko Misericordia etxean, adibidez, aurkeztua dute gida, eta hango hainbat boluntariok interesa agertu dute. “Zaintzaileak eta senideak dira gure jomuga, baina profesionalentzako eskura izan dezaketen baliabide bat izatea ere nahi dugu”.
Alzheimerra duten Nafarroako pertsonen senideen elkartearen eta NavarraBiomed ikerketa zentroaren laguntza izan dute proiektua zabaltzeko. “Seguruenik egoitza askotan kartetara jokatuko dute, baina beste batzuentzat erabilgarria eginen zaie”, azaldu du Sanchezek.
Gero eta aukera gehiago
Altsasuko Josefina Arregi klinikan lan egiten du Laura Moreno neuropsikologoak. Estimulazio kognitiboko taldea gidatzen du bertan, eta Encartados gidako jokoak sortu heinean erabiltzaileekin probatzen zituen. “Horrela ikusten genuen zerk funtzionatzen zuen eta zerk ez; jokoen zailtasun maila eta nola egokitu haien beharretara”, adierazi du Morenok.
Karta jokoez gain, beste hainbat material erabiltzen ditu klinikan eriekin, baloiak eta margoak, esaterako, eta ariketak eta paseoak ere egiten dituzte. “Gero eta aukera gehiago ditugu haiekin erabiltzeko, eta hori oso positiboa da; materiala aldatzea ona da”.
Proiektuaren ardatza gida da, baina, horrez gain, jokoen bideoak eta inkesta bat jarri dituzte www.encartados.com webgunean. Erabileraren feedbacka jakin nahi dute galdetegiarekin: “Oso baliagarria izanen da guretzat nola erabili den jakitea, egokia iruditu zaien ala ez, eta horrekin guztiarekin txosten bat argitaratzea gustatuko litzaiguke aurrerantzean”. Lehendabiziko inkesten erantzunak dagoeneko jaso dituzte proiektuaren bultzatzaileek.
Nahiz eta dementzia sendabiderik ez duen gaixotasun progresiboa izan, urrats asko egin dira gainbehera kognitiboa arintzeko edo moteltzeko. Funtzio kognitiboak entrenatu nahi ditu Encartados gidak, kartak zenbatzen, ordenatzen, nahasten… “Zailtasun mailak pertsona bakoitzari egokitua egon behar du; horrela, erabiltzailearentzat erronka txiki bat izanen da”.
Horrelako tresnak balio handikoak izan daitezke dementziaren bat duten pertsona nagusien arretaren esparruan. Laguntzea da Sanchezen eta Morenoren asmoa; urratsak egitea gaixotasuna dutenen eta haien senitartekoen alde.