Lurraren babeslea

Lurraren babeslea

Edurne Elizondo

Eta orain zer? Solidarioekin borrokan eta lanean jarraitu”. Horixe erran zuen Iñaki Garcia Koch Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kideak, 2004ko abenduan, hirugarren gradua lortu eta gero. Koch izan zen, 1996. urtean, Itoizko urtegia eraikitzeko porlana garraiatzeko kableak moztu zituzten zortzi kideetako bat. Ondorioz, ia lau urte egin zituen espetxe barruan, hagitz baldintza gogorretan: FIES-3ko presotzat jo zuten. Donostian jaio zen, 1963an, eta Agoitzen harrapatu zuen heriotzak, joan den urtarrilaren 4an. Bihar, lagunen eta senideen omenaldi beroa jasoko du.

Artziko zelaian eginen dute bat, lehendabizi, 12:30ean. 14:00etan, berriz, bazkaria eginen dute, eta, arratsaldez, Agoizko Merkatu plazak hartuko du omenaldia, 19:00etan hasita. Garcia Kochek ingurumenaren eta lurraren alde hartutako konpromisoa gogoratzeko, plaka bat jarriko dute plaza horretan. “Gure bazter hauetan bizi izan da Iñaki azken hogei urteotan; harreman estua zuen gurekin. Agur erran nahi diogu, eta azken agur horretan parte hartu nahi duten guztiak gurekin bat egitera deitu”, erran du David Ardanazek.

Itoizko urtegiaren aurkako borrokak bilakatu zituen bidelagun Ardanaz eta Koch, eskualdeko bertze jende anitz bezala. Azpiegitura horren aurkako lanaren zurrunbiloan murgildu baino lehen, hala ere, hamaika urrats bazituen Kochek eginak desobedientziaren eta intsumisioaren bidean. Eta espetxetik atera zenean ere, konpromiso hori berretsi baino ez zuen egin solidarioak. “Desobedientziak eta intsumisioak indarrean jarraitzen dute”, erran zuen.

Haurtzaroa eta gaztaroa Donostiako karriketan eman zituen Garcia Kochek, baina Iruñeko Euskal Jai gaztetxearen sorrerak Nafarroako hiriburuan harrapatu zuen jada. Proiektuarekin bat egin zuen, eta Iruñeko gaztetxean sortu zen, hain zuzen ere, Arizkuren herri abandonatua okupatzeko asmoa, Artzibarren. 1995. urtean egin zuten, eta egitasmo horren bultzatzaileetako bat izan zen Garcia Koch.

Garai berekoa da Itoitzekiko Elkartasuna taldea. Itoizko urtegia egiteko proiektuaren aurkako oposizioaren zama Itoizko Koordinakundeak hartu zuen hasiera batean, eta epaitegien bidetik eraman zuen borroka, batez ere. Epaitegietan, hain zuzen ere, urtegiaren aurkako sententziak lortu zituzten koordinakundeko abokatuek, baina justizia ez zen gai izan sententzia horiek betearazteko. 1995eko ebazpen batek, adibidez, legez kanpokotzat jo zituen urtegia egiteko lanak, baina 24.000 milioi pezetako bermea eskatu zion Itoizko Koordinakundeari, sententzia hori bete, eta lanak bertan behera utzi ahal izateko.

Epaileen ebazpena alde zuten, baina urtegiko lanek aurrera jarraitzen zuten. Testuinguru horretan sortu zen Itoitzekiko Elkartasuna taldea, eta Iñaki Garcia Koch izan zuen kide. Solidarioek hamaika protesta ekintza egin zuten azpiegituraren aurka, baina porlana garraiatzeko kableak moztu zituena izan zen sonatuena, 1996ko Aste Santuan. Bederatzi hilabetez geldiarazi zituen urtegiko lanak.

Iñaki Garcia Koch izan zen kableak moztu zituztenetako bat. Epaiketa egin, eta lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra jaso zuten, bahiketagatik, hainbat minutuz obrak zaintzen zegoen zinpeko guarda lotu zutelako. Epaileen ebazpena jaso eta gero, Europan bira hasi zuten solidarioek, beren egoeraren berri emateko, eta Itoizko urtegiaren auzia nazioartera zabaltzeko.

Espetxearen arrastoa

Garcia Koch izan zen Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kideen artean espetxean sartzen lehena, 2001. urtean. Errepideko kontrol batean harrapatu zuten. Ia lau urte egon zen barruan, eta ezarritako baldintza gogorrek utzi zioten arrastoa. “Erakundeek kartzelan gauzatu dute solidarioak kriminalizatzeko saioa”, salatu zuen Garcia Kochek, hirugarren gradua lortuta, kartzelatik atera eta gero.

Urtegiko kableak moztu izanaz ez zela damutzen argi utzi zuen espetxetik atera eta gero. “Korrika alde egin ez izanaz, akaso!”, erran zuen BERRIA egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean, barrez.

Agoitz izan du etxe azken urteotan, eta, herri horretan, Itoizko urtegiko hormatik hagitz gertu harrapatu zuen heriotzak, duela hilabete. Maite zituen hango bazterrak, eta hantxe emanen diote azken agurra Iñaki Garcia Koch lurraren babesleari.