Edurne Elizondo
Zauri handi bat nekez senda daiteke tiritekin. Gaitz larriek, anitzetan, ebakuntzak behar dituzte, eta ebakuntzak egiteko, gela eta baliabide egokiak behar dituzte zirujauek. Metafora hori baliatu dute Nafarroako Ospitale Guneko larrialdietako hainbat langilek, zerbitzu horren egoera azaltzeko. “Hagitz larritzat” jo, eta “gainezka” egin dutela nabarmendu dute. Espazioarekin, lantaldearekin eta antolakuntzarekin lotutako arazoak jarri dituzte mahai gainean, eta neurriak eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari, egoera horri aurre egiteko. Tiritak ez direla nahiko argi utzi dute; eta gaixoak ebakuntza behar duela berretsi dute. Egungo egoera irauli ahal izanen duten erabakiak eskatu dituzte, finean, “adabaki huts” diren orain arteko urratsez harago.
Nafarroako Ospitale Guneko larrialdietako zerbitzu berriak 2014. urteko urriaren 8an zabaldu zituen ateak. Ordura arte, Nafarroako Ospitaleak eta Bideko Ama ospitaleak larrialdi zerbitzu bana zuten, bakoitzak bere egoitzan. Zerbitzua bateratzeko prozesua abiatu zuen Nafarroako Gobernuak, UPN agintean zenean, eta, prozesu horren ondorioz, bi ospitaleetako larrialdi zerbitzuek egun martxan dagoen eraikinean egin zuten bat. Oztopoz jositako prozesua izan zen hori, hala ere, eta egungo egoeran badute eragin zuzena. “Gaizki sortutako proiektua da hau”, erran du Lander Peirok, ospitale guneko larrialdietako zaintzaileak.
Izan ere, eraikin berria Nafarroako Ospitaleko larrialdiak hartzeko diseinatu zuten. 2010. urtean, ordea, moldatu behar izan zuten, Nafarroako Ospitale Gunea sortu, eta bi ospitaleetako zerbitzuak bateratzea erabaki zutenean. Lanak amaituta berriz egokitu behar izan zuten eraikina, gainera, TAC makinarik ez zutelako, batetik, eta bi ospitaleen arteko lur azpiko lotura egin behar izan zutelako, bertzetik.
Emaitza ez da ona. “21 milioi euro gastatu zituzten eraikina egiteko, eta zerbitzuak ez du hobera egin, inolaz ere”, salatu du Josemi Ablitas larrialdi zerbitzuko erizainak. Bat egin du Peirok iritzi horrekin: “Nolabaiteko inbutu bat sortu da; lehen, ospitale bateko larrialdiek gainezka egiten zutenean, bertze ospitaleak hartzen ahal zuen zerbitzuaren zama; baina orain ezin dugu hori egin”.
Hainbat kontuk egin dute huts, zaintzailearen hitzetan. Hasieratik, gainera. Gogoan du 2014ko urriaren 8 hura, zerbitzua bateratu eta gero, egoitza berrian lanean hasi zireneko eguna. “Ikaragarria izan zen; langile bat baino gehiago negarrez atera zen egun hartan eraikinetik, ezintasunak eragindako amorruagatik, erabat etsita”. Izan ere, egun batetik bertzera egin zuten aldaketa. “Gutxinaka egitea eskatu genuen, ospitale bateko langileak mugitzea lehendabizi, adibidez, egokitzen joateko, baina ez ziguten kasurik egin”. Lanean hasi behar izan zuten, gauzak non ziren edo nora joan behar zuten jakin gabe.
Gela, beteta
Hasierako sentsazio txar horiek ezin izan dituzte uxatu langileek. “Tentsioa agerikoa da zerbitzuko giroan”, aitortu du Ablitasek. Espazioarekin dauden arazoak jarri dituzte beharginek mahai gainean, batetik. Zerbitzuak 3.500 metro koadro inguru hartzen ditu, baina eraikinak 14.000 inguru ditu, denera. Hainbat solairu, ordea, hutsik dira. “Zorua ere ez dute jarri; ez dago deus, eta mantenu lanik ere ez dute egiten”, azaldu du Ablitasek.
Erabiltzen dituzten gelek, ordea, gainezka egiten dute anitzetan. “Eraikina egunean 250 pertsona inguru hartzeko diseinatu zuten, baina 300, 350 eta 400 ere hartzen ditugu anitzetan”. Horrek ekartzen du, adibidez, zerbitzuko erabilera anitzeko gelan 60, 70 edo 80 pertsonak bat egitea, 30 pertsonarentzako tokia duen espazio batean. “Pertsona bakar batentzako tokian bi edo hiru sartu behar izaten ditugu”, erran du Lander Peirok. Gaixoak laguntzera joaten diren senideek, anitzetan, kanpoan gelditu behar izaten dute.
Espazioarekin lotutako bertze arazo bat dago, Peirok eta Ablitasek azaldu dutenez: larrialdietako eraikinetik ospitaleetara joateko dagoen distantzia. “Bideko Ama ospitalera joateko 500 metro inguru ditugu; kalkulatu dugu erizainak egunean 10 kilometro ibiltzen direla batetik bertzera; zaintzaileok 20 ere egiten ditugu”, erran du Peirok.
Bertzetik, dagoen espazioan aritzen den lantaldean ere bada zer hobetu, larrialdietako beharginen hitzetan. Zerbitzua martxan jarri zutenean, 306 profesionalek osatzen zuten. Geroztik, hainbat atal sendotzeko ahalegina egin du Departamentuak, baina egoera ez da egokiena, langileek agerian utzi dutenez. Egindako urratsak ez dituzte nahikotzat jo. Lantaldea, anitzetan, motz gelditzen dela erran dute, batetik; bertzetik, langileen erdiak behin-behineko kontratuekin ari direla. “Ezin gelditu aritzen gara; bertzeak trebatzeko aukerarik ez dugu; horrek badu eragina zerbitzuan”, azaldu du Ablitasek. 120 erizain dira zerbitzuan, adibidez, gaur egun, eta haietako 40 inguruk baino ez dute larrialdi zerbitzukoa beren behin betiko postu. “80 erizain daude behin-behineko egoera batean”, zehaztu du.
Medikuak ere ez daude kontent. “Lantaldea motz gelditu da”, erran du Nafarroako Medikuen Sindikatuko Belen Montes-Jovellarrek. “Lan karga handia da; mediku anitzek nahiago dute kanpora joan, zerbitzuaren presioa arinagoa delako, eta soldatak altuagoak”. Medikuen lan kargak eragina du ere barne mediku egoiliarrengan, Nafarroako Medikuen Sindikatuko sendagile Rosa Aslak gaineratu duenez: “Lehen urtekoak ezin dira bakarrik egon, medikuondokoaren zaintzapean egon behar dute beti, baina duten lan kargarekin nekez bete daiteke hori. Arazo larria da hori”.
Azken hilabeteotako egoera udazken-neguetako gripe kasuekin lotu du gobernuak, neurri handi batean. Sendagileek onartu dute gaitz horrek ekartzen duela larrialdietara jotzen duten gaixoen kopuruak gora egitea, baina zehaztu dute hori urtero gertatzen dela. “Gripea ez da kontu puntual bat; puntuala da autobus istripu bat, baina gripea, berriz, aldizkakoa da; lehenago edo beranduago, baina urtero ailegatzen da”, erran du Montes-Jovellarrek. Ondorioz, gaixoen kopuruak goia jotzen duenerako zerbitzuak “behar adina baliabide” behar dituela nabarmendu du.
Montes-Jovellarrek argi du arazoa larrialdietako zerbitzua hartzen duen egoitzako paretez harago doala. Adibide bat jarri du: “Osasun etxera deitu, eta gaixo batek bi edo hiru egun espetu behar du arta dezaten. Sukarrak gora egiten badio, zer eginen du? larrialdietara joan. Eskubide osoa du hori egiteko, gainera”.
Larrialdietara jotzen duen gaixoa behar den bezala artatzeko antolakuntza falta dela uste dute zerbitzuko langileek. Horixe nabarmendu dute Peirok eta Ablitasek. “Urrats guztien inguruko protokoloak behar ditugu, gaixoa zerbitzuan sartzen den unetik ospitaleratzen dugun arte”, azaldu du erizainak.
Arazoa, bere osotasunean
Arazoak mahai gainean jartzeko ahalegina egiten aspaldi hasi ziren larrialdietako zerbitzuko langileak. Gobernuak martxan jarritako lantaldeetan parte hartu dute, eta Nafarroako Parlamentuan ere agertu dituzte beren kezkak. Baina ez dute sentitu, orain arte, beren eskaerak kontuan izan dituztenik. “Adabakiak jartzen dituzte, baina ez diote arazoari bere osotasunean aurre egiten”, salatu du Peirok.
Nafarroako Gobernua aldatu zenetik, Osasunbideko zuzendaritzako kideekin eta kudeatzaileekin hitz egiteko aukera badela onartu dute larrialdietako langileek, komunikazioak hobera egin duela, alegia. “Lehen, harresi bat baino ez genuen aurrean”, gogoratu du zaintzaileak. Hala ere, larrialdietako zerbitzuko atal buruen artean egoera aldatu ahal izateko esku hartzeko borondaterik ez dute sumatzen, erantsi dutenez. “Gu ez gara inoren kontra ari; guk ematen dugun zerbitzuak hobera egitea baino ez dugu nahi; erabakitzeko eta antolatzeko eskumena duenak, egin dezala”, erantsi du Josemi Ablitasek.
Nafarroako Medikuen Sindikatuko kide Rosa Aslak ere aldaketak egiteko garaia dela uste du. “Arazo bat dago, eta aurre egin behar zaio”. Montes-Jovellarrek onartu du arazoa gobernu berria osatu aurrekoa dela, baina argi du horrek ezin duela urratsak ez egiteko aitzakia izan: “Ehun egun baino gehiago pasatu dira”.
Egoerak badu eragina langileengan. Peirok eta Ablitasek ikusi dute lankide anitzek eskatu dutela larrialdietatik bertze zerbitzuren batera mugitzea. Horregatik atera ziren karrikara, hilaren 1ean. Egoera zein den azaldu, eta konponbideak eskatzera. Egun berean, Nafarroako Parlamentuan azaldu zituen Osasun kontseilari Fernando Dominguezek esku artean dituen neurriak. 2018an, hain zuzen, erabilera anitzeko bertze gela bat zabalduko du gobernuak. Bitartean egoerak bere horretan jarraituko duela argi dute langileek, eta gela hori zabaltzeak, berez, arazoak konponduko ote dituen zalantzan jarri dute.
Osasun Departamentuko kideekin hitz egiten saiatu da Nafarroako Hitza; komunikazio bulegotik Dominguezen agerraldiko txostena helarazi baino ez diote egin. Horren arabera, aurten txostena osatuko dute, egin beharreko urratsak zehazteko. Departamentuak onartu du lantaldea motz gelditzen dela zenbaitetan, eta gaixoek luzeegi espetu behar izaten dutela. Horri aurre egiteko, zerbitzua hobeki antolatzeko neurriak, inbertsioak eta lan taldea sendotzeko aukera jarri ditu mahai gainean. Dominguezen agerraldiak ez zituen langileak gehiegi lasaitu. “Ohatilak eta aulkiak ere falta ditugu”, gogoratu dute. Tiritak ez direla nahiko argi dute. Gaixoa larri delako.