Kattalin Barber
Behin baino gehiagotan jasan ditu. Tamalez, oihu eta irain arrazistak entzutera “ohituta” dago Romeo Blaisse Yopa (Duala, Kamerun, 1991). Orain dela bi aste Gares taldearen aurka jokatu zuen partidan entzun zituen azkenak. Lehenengo aldiz, baina, futbol partidaren agirian jaso zituzten irain horiek, partida amaitu eta gero. Horrelako jarrera arrazistarik berriro ez izateko salatu du gertatutakoa Beti Kozkor taldeko jokalariak.
Zer gertatu zen Gares taldearen aurkako futbol partidan?
Etxean jokatzen ari ginen, Lekunberrin, eta hasiera-hasieratik konturatu nintzen zale gehienak nire aurka ari zirela. Baloia ukitzen nuen bakoitzean, nire aurka hasten ziren. Ez zen kasu bakan bat izan. Hori izan zen lehendabiziko zati osoan. Foruzaingoa heldu zen gero, eta giroa baretu zen. Baina gehiegizkoa izan zen. Behin baino gehiagotan, zelaian lekuz aldatu behar izan nuen, irainak ez entzuteko.
Nola aurre egin jarrera xenofobo horiei?
Ni askotan saiatzen naiz kasurik ez egiten, eta partidarekin aurrera jarraitzen. Azken aldi honetan ezin izan dut hori egin, ordea, sentsazio desberdina izan bainuen. Kalte handia egin zidan gertatutakoak. Partidan egoten saiatzen nintzen, baloian arreta jartzen eta behar bezala jokatzen, baina ezinezkoa egiten zitzaidan.
Adierazi izan duzunez, ez da lehenengo aldia horrelakorik bizi izan duzula.
Esan behar dut harmailetan denetarik dagoela, eta errespetua agertu duen jende asko aurkitu dudala. Zenbaitetan, pertsona bakarrak botatzen ditu horrelako irainak, eta ingurukoek ez diote kasurik egiten. Arazoa dator guztiek iseka eta barre egiten dutenean, eta ez denean gertaera bakan bat izaten. Garesen aurkako partidan izandako jarrera hori ez zitzaidan batere gustatu. Niri beltza deitzeak ez dit eragiten; berdin zait. Ni beltza naiz. Kontua da nola esaten duten eta zergatik esaten duten. Nitaz irri egiten dute beltza naizelako. Mespretxatzen naute.
Jarrera horiek gero eta ohikoagoak dira?
Tamalez, gure futbol zelaietan eta zaleen artean ohikoak izaten dira horrelako portaerak. Nik uste dut etxean jokatzen ari ginelako eragin zidala hainbeste. Ezin ditut horrelakoak jasan nire zelaian. Ez hemen eta ez inon, baina bereziki horregatik ukitu ninduen gertatu zenak. Denboraldi ona ari gara egiten Beti Kozkor taldeko kideak, eta nik uste dut taldeari erasotzeko helduleku baten bila ari zirela. Gaizki jokatu dute, eta ez dira errespetuz aritu. Ezin gara horrela aritu.
Inoiz pentsatu duzu halako gertaeren eta irainen aurka neurririk hartzea?
Futbola ez dut utziko. Asko gustatzen zait, eta gustura sentitzen naiz. Nahi dudan bakarra da gizartea kontzientziatzea eta horrelakorik berriro ez gertatzea. Pertsona bat naiz, eta, besteek bezala, errespetua merezi dut. Onargaitza da pertsona baten kolorea baliatzea haren aurka egiteko. Horrek ez dit bakarrik niri eragiten. Jokalari beltz ia guztiek jasan dituzte beren bizitzan oihu eta irainak. Urteak daramatzagu jarrera horien aurka, arrazismoa asko azaleratu baita kirolean. Ea behingoz zerbait lortzen dugun.
Partidaren agirian bertan azaltzen da zure aurkako irainak egon zirela. Agiririk gabe zaila da salatzea?
Partidaren akta publikoa izateak eta egoera salatzeak lagunduko du bide horretan. Nik ez dut inorekin arazorik izan nahi, ez dut beste talde batekin inolako gatazkarik izan nahi. Kontzientziatzea nahi dut. Epaileari eskerrak eman nahi dizkiot; hark bere agirian gertatu zena jaso izan ez balu, ni ez nintzateke honi buruz hitz egiten ariko. Berak idatzitakoa baliatu genuen gure salaketa egiteko. Nire ustez, epailea ausarta izan da.
Beste partidetako agirietan ez dituzte zure kontrako irainak jaso?
Ni ezin naiz epailearengana joan eta esan iraindu egin nautela. Salaketa larriak dira. Epaileak ezin du hori idatzi berak entzun ez badu. Entzun badu, irain horiek entzun baditu, noski, aukera du agirian horren berri jasotzeko. Prentsaren bidez jakin nuen nik irainena idatzi zuela agirian. Berak egin du bere partea; orain, nik salatzen dut, eta espero dudan bakarra da egunotan egiten ari garenak balio izatea; gizarteak jakitea horrelako irainek min egiten dutela, eta pertsonak garela, gure jatorria bata edo bestea izan.
Berriro iraindua izateak kezkatzen zaitu?
Bai. Ez dut nahi berriz ere min egitea. Argi dut futbola hau baino askoz gehiago dela: balio politak ditu, eta eremu askotan gozatzeko aukera ematen du. Uste dut balio horiei eutsi behar diegula, berriz ere. Jokalarien eta zaleen arteko lehiaketa ona, elkarbizitza, elkartasuna eta adiskidetasuna, besteak beste. Futbolean ere elkarbizitzarako balioak bermatu behar dira, eta eredu bihurtu. Bestalde, lanean ari gara horrelakoak berriro ez gertatzeko, baina, gertatzen baldin bada, bestelako neurriak hartuko ditugu. Berriro iraintzen banaute, nik ez dut partidan jarraituko; futbol zelaia utziko dut.
Uste duzu Nafarroako Futbol Federazioak neurriak hartu beharko lituzkeela gisa horretako gertaeren kontra?
Nik uste dut Nafarroako Futbol Federazioak badakiela zer egin behar duen. Egia esan, gaiari buruz asko hitz egiten da, eta kanpainak egin izan dira. Haren esku utziko ditugu neurriak, onena erabakiko du eta.
Asteon babesa jaso duzu?
Bai, babes handia eman didatela sentitu dut. Mezu asko jaso ditut, eta hori eskertu behar dut. Nafarroako beste talde batzuen sostengua ere jaso dut. Horrek esan nahi du badagoela jendea gertatzen ari denarekin batere ados ez dagoena, eta gisa horretako jarreren aurka zerbait egin nahi duena.