Gurpil zorotik atera nahian

Kattalin Barber

Nafarroako Gobernuaren babespeko etxebizitzak kudeatzen dituen fundazioa da Xilema. Adingabeekin eta bazterketa egoeran dauden pertsonekin lan egiten dute, batez ere. Asteon protesta egin dute langileek, enpresak “lan baldintza onargaitzak” ezarri nahi dizkielako. Oihan Ataun Xilemako LABeko ordezkariak argi eta garbi esan du: “Egoera eutsiezina da, eta baliabideak, berriz, gero eta urriagoak”.

Ordutegia aldatuko diete zenbait hezitzaileri, eta langileek salatu dute onartu ezean kaleratu edo lekuz aldatuko dituztela. Joan den astelehenean hasi behar zuten ordutegi berriarekin, baina, azken momentuan, enpresak neurria atzeratzea erabaki zuen. “Orain ez dakigu noiz ezarriko duten, baina kosta ahala kosta eginen dutela esan digute, hori bai”. Hortaz, langileek ez dakite zeintzuk izanen diren funtzio berriak, ezta zer ordutegi finko izanen dituzten ere. “Langileak lur jota daude; gaizki tratatu gaituzte”, kexu da. Oraingoz neurriak bi tutoretzapeko etxebizitzari eragiten badie ere, Ataun “ziur” da gainerako pisuetan ere jarriko dutela ezarri nahi dieten ordutegi berria.

UPNren garaian sinatutako itun baten ondorioz kudeatzen ditu Xilemak Nafarroako Gobernuaren tutoretzapeko etxebizitzak. Denera, bost etxebizitza daude. “Xilemak Nafarroako Gobernuaren lehiaketa publikoa irabazi zuen, zerbitzuak merkatuko prezioen azpitik eskainita, baina hori langileen lepotik egin dute”. Halaber, lan baldintza “eskasak” salatu ditu. Egoerak azken urteetan okerrera egin duela azaldu du Ataunek, hein handi batean krisi ekonomikoak eta murrizketek eraginda. Hain zuzen ere, gogora ekarri du azken urteetan ugaritu egin direla pobrezia eta gizarte bazterketa kasuak, eta, horrekin batera, gizarte zerbitzuen beharra handitu dela.

Egoera horiek guztiek Xilemako langileen baldintzetan eragiten dutela hausnartu du Ataunek, hain zuzen. “Langile askok sentitzen dute ez dituztela aintzakotzat hartzen; geroz eta lan gehiago dute, baina ez dute giza baliabide gehiago behar horiei erantzuteko. Egunero estu eta larri gabiltza”. Hori dela eta, langile askok, hilabete batzuk egon, eta gero enpresa uzten dute.

Sorgin gurpilaren gisan definitu du egoera Ataunek: “Langileak ez dira Xileman gelditzen ez dutelako lan baldintza duinik, eta horrek zuzenean modu negatiboan eragiten du adingabeengan; une oro ikusten ari dira beraientzat erreferentziazko pertsonak zirenak eta zaintzen zituzten horiek aldatzen ari direla”.

Ildo horretan, langileen egiturazko prekaritatea “adabakiekin” konpondu nahi izatea egotzi dio Ataunek Xilemako zuzendaritzari. Egoera bideratzeko, enpresarekin negoziatzea galdegin du. “Behar diren baliabideak” egon daitezela eskatu du, eta profesionalei baldintza egokiak ematea, besteak beste. “Baldintza berdinekin artatu behar ditugu krisiaren eraginez okerrera egin duten kasuak, eta horrela ez gara gai lana behar bezala egiteko”, azaldu du.

Esku hartzean jarraitutasunik ez dagoelako ezarri nahi du enpresak ordutegi aldaketa. Langileek ere arazo bera dagoela ikusten dute, baina ez daude ados Xilemak egoera horri aurre egiteko hartu dituen neurriekin. “Arazoa dugun prekaritatearen ondorioa da. Zergatik joaten dira hezitzaileak? Horretan jarri behar dugu arreta; horri egin behar zaio aurre”.

Gainera, egoerak ez die batere laguntzen bertan bizi diren adingabeei eta gazteei, langileek ohartarazi dutenez. “Biktimizazio bikoitza” gertatzen dela esan du Ataunek: “Beraiek eragin ez duten egoera baten biktima izan dira, finean; etxebizitza hauetan sartu dira beren bizitzak hobetzeko asmoz, eta adingabe horiek berriz ere biktima bilakatzen dituzte. Askori gustatzen ez bazaie ere, egoera horrek izena du: tratu txar instituzionala da gertatzen ari dena”.

Txandatan aritzen dira Xilemako langileak, eta orain enpresak ezarri nahi duen sistemak berekin ekarriko du txanda finkoak ezartzea. Lau hezitzaile eta arduradun bateko lantaldeak dituzte etxebizitza bakoitzean. “Hezitzaileok txandak egiten ditugu, eta orain nahi dutena da talde batek astegun guztietan lan egitea, eta beste bat, berriz, asteburu guztietan aritzea”, adierazi du Ataunek.

Neurriak langileen desoreka ekarriko duela uste du, argi eta garbi. Kexu dira langileak, ondorioz, ordutegi aldaketak “gehiegizko lan karga” ekarriko dielakoan. “Astegunetan lan egiten dutenek lan zama handia izanen dute; asteburuan lan egiten dutenak, aldiz, lasaiago ibiliko dira, eta bati lanaldia murriztuko diote”, salatu du.

Ituna “beharrezkoa” dute

LABeko ordezkariak adierazi duenez, administrazioko arduradunekin bilerak egin dituzte, eta Xilemaren egoeraren berri eman diete. “Aldaketaren gobernuak badaki gure ituna merkatuko prezioen azpitik sinatu zutela. Hemendik gutxira amaituko da, eta berriro aterako dute. Benetako aldaketa politiko eta soziala gauzatzea eskatu diogu gobernuari; horretarako baldintzak aldatu behar ditu”.

Azken hogei urteetan UPNk gizarte zerbitzuak kudeatu izanak sektore osoari eragin diola dio Ataunek: “Ikusi izan dugu sektore honetan lan egiten duten enpresa gehienek etekin oso handiak izan dituztela, eta langileen baldintzak, aldiz, ez dira batere hobetu”.

Nafarroako esku hartze sozialeko langileen baldintzak arautuko dituen lan ituna duela bi urte hasi ziren lantzen. Lan hitzarmenak egoera aldatuko duela uste du Ataunek, hain zuzen ere: “Aurrerapauso handia izanen da langileontzat; akordio horren bidez, sektorean dauden bazterketa eta desoreka bukatuko lirateke”. Gizarteak gaur egun pairatzen dituen murrizketak eta krisialdiaren ondorioak “zuzen-zuzenean ikusten eta nozitzen dituzten” langileak dira sektore horretan ari direnak.