E. Elizondo
Dena aldatu zen 2016ko urtarrilaren 31ko goizaldean. Deus ez da berdin, geroztik, Alex Jakaren familiarentzat. Auto batek harrapatu zuen 19 urteko gaztea, Etxarri Aranatz eta Arbizu arteko errepidean. Ibilgailuak jo, eta bide bazterrean utzi zuten Jakaren gorpu hila. Gidaria ez zen gelditu. Eta izen-abizenik gabe jarraitzen du. Aurpegirik gabe. “Hori da okerrena; lurrean botata gelditu zen”, azaldu du Nagore Arrutik, Jakaren lehengusinak. Gaztearen gurasoen mina bere egin du. “Jaiki eta halako albistea jasotzea oso gogorra da”. Laguntza eskatu dute senideek, gertatu zena, behingoz, argitzeko.
Gogorra da familia guztiarentzat zer gertatu zen ez jakitea. Horixe nabarmendu du Arrutik. Foruzaingoak ez du ikerketa itxi. “Esan digute ez dutela etsiko gure lehengusua nork harrapatu zuen eta zer gertatu zen jakin arte”. Eskertu du foruzainen ahalegina, baina badaki ikerketak aurrera egiteko tartea ez dela hagitz handia. “Istripua gertatu zenean argi esan ziguten lehendabiziko 72 orduak zirela garrantzitsuenak; hamaika pertsonarekin hitz egin dute, eta inguruko kamerek jasotako irudiak ere aztertu dituzte, baina ez dute deus lortu”.
Informazio bila
Horrek ez du erran nahi, hala ere, amore eman dutenik. Familiak ere ez du etsi, eta, gaztea harrapatu eta hil zutenetik urtebete joan denean, laguntza eskatu dute, 2016ko urtarrilaren 31 hartan zer gertatu zen argitu ahal izateko. Etxarri Aranatzen kintoen besta ospatzen izan zen Jaka egun hartan. Lekukoen arabera, herri horretan zen gaztea 04:30 aldera. 06:09an, berriz, larrialdi zerbitzuetan jasotako dei batek eman zuen gertatu zenaren berri: Jakaren gorpua NA-2410 errepidean aurkitu zuten. Autopsiak baieztatu zuen zauriek erakusten zutela gaztea auto batek harrapatu zuela. Nork eta nola harrapatu zuen, ordea, erantzunik ez duten galderak dira, oraindik ere.
“Uste genuen Alex harrapatu zuenak, azkenean, aitortu eginen zuela; ezin izanen ziola eutsi egindakoaren zamari. Baina ez da hori gertatu, eta, orain, ez dut uste deus esanen duenik. Orain arte egin ez badu…”, erran du Nagore Arrutik.
Familiak presioa egiten jarraituko duela nabarmendu du Jakaren lehengusinak. Gertatu zena jakiteak ematen ahal dien lasaitasun apurra bilatzen du familiak. “Xehetasunik txikiena duenak, esan dezala”.