Aingeru bat dator parlamentura

Saioa Alkaiza

Aingerua dator —goiaingerua, hobeki esanda, klaseak eta hierarkiak baitaude, baita aingeruen artean ere—. Done Mikel Aralarkoa sartuko da beste urte batez Nafarroako Parlamentura. Liturgiaren unea da. Protokolo zorrotz bati jarraikiz, legebiltzarrera etorriko dira eliza katolikoko hainbat ordezkari, aingerua esku artean, eta politikariek, banan-banan, muxu emanen diote figuratxoari. Kantatu ere kantatuko diote. Irudiak ikustea besterik ez dago eliza barnean gerta daitekeen ohiko ekitaldi erlijioso bat dela antzemateko: sotana festa parlamentuan. Jaunartze traza ere badu, politikari guztiak ilaran pa emateko zain, burua makurtuz, debozioz.

Badaezpada ere: oroitarazi dezagun 2017an gaudela, instituzio publiko bati buruz solasean, ustez akonfesionala den estatu batean. Are zehatzago, aldaketaren indarrek gobernatutako lurraldean, eta, hala ere, aingeru bat sartuko da parlamentuan. Egia ez balitz, surrealista lirudiguke egoera. Aldaketaren aroa izateko ekitaldiak berdintsu segitu du. Izan ere, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k irudiari gorazarre ez egiteko eskaera aurkeztu dute, eta, EH Bilduk eta PSNk babesa azaldu dioten arren, botoak batu dituzte UPNk, PPk eta Geroa Baik. Horra jokaldia. Emaitza, gehiengoa; ondorioa, berriz izanen dugula misoginia eta bazterketa muin-muinean dituen instituzio dogmatikoa ustez denona behar lukeen ordezkaritzan. Ongi etorri LGTIB fobikoa zaren hori, ongi etorri genero bereizketa ardatz duzuna, ongi etorri pederastia ezkutatu duen instituzioa, ongi etorri dogmaren dogmaz hiltzaile deitzen diena abortatzeko hautua egiten duten emakumeei, ongi etorri bazterkeriari.

Dena dela, “aniztasunari ateak ireki” behar zaizkiolako joanen da Done Mikel parlamentura, Geroa Baiko Koldo Martinezen hitzetan, “Nafarroako aberastasunaren parte” ere badelako ekitaldia. Horrek ez du esan nahi “nahastuak” direnik erlijioa eta botere publikoak, Martinezen aburuz. Inondik inora. UPNko Carlos Adanerorentzat ere “jarraitu beharreko tradizioa” da, “inori kalte” egiten ez diona.

Horrenbeste gauza dira tradizio: herri batzuetan joaldunak bakarrik gizonezkoak izatea eta alardea pasatzerakoan batzuek plastiko beltzen atzean aurpegia estaltzea, esaterako; edo, garai batean, tradizioa zen lapurtzen zuten horiek sutan erretzea eta, egun, indarkeria matxista tradizio soziopolitikoaren parte ere bada. Aingerua joatea eta kontrako iritziak egotea ere tradizio da.

Beste behin erabaki dute eta eginen dute meza gisako omenaldi-ekitaldi-denadelako hori. Ea hurrengoan. Zain egonen gara, parlamentuak XXI. mendera bueltatu nahi duen unerako. Eskerrak kexaz gaindi une hunkigarri baterako aukera ematen digula Done Mikelek, nafar eskuina Mikel gurea gorde, gorde, gorde Euskal Herria kantatzen entzuteak baduela morboa.