E. Elizondo
Juan Antonio Rubio-Ardanazentzat altxor baten modukoa da Joseba Ezeolazak idatzitako liburuko azalean agertzen den Camino Oskotzen argazkia. Irakaslearen ahizpa Maria Pilarrek Kanadara alde egin zuen, 1936ko gerra piztu baino lehen. Haren biloba da Rubio-Ardanaz. “Maria Caminok Kanadara bidali zuen argazki hori; bidalitako gainerakoetan bezala, hitz batzuk idatzi zituen atzeko aldean, familia gogoan zuela azaltzeko”. Altxor hori erakutsi du Rubio-Ardanazek liburuaren aurkezpenean; amaren izeba izan zena hurbilago sentitzeko.
Etxeko oroitzapenak, orain, memoria kolektibo bilakatu dira, Ezeolazaren liburuaren bitartez. Eta “kontent eta hagitz hunkituak” dira irakaslearen senitartekoak. “Ona da zer gertatu zen jakitea; ona da gertatu zena zabaltzea, ez ahaztea”, nabarmendu du Rubio-Ardanazen lehengusu Aritz Ardanatzek. Kanadan jaioa da Ardanatz. “Han, bertze modu batera bizi izan genuen gertatu zena; bagenekien Camino hil zutela, baina xehetasun handirik ez genuen; distantziaren eragina sumatzen zen”.
Laura eta Inma Torresek aitari galdetu zioten Oskotzen berri. Tafallakoak dira biak. “Herrian, Caminoren antz handia nuela erran zidaten behin hainbat emakume zaharrek; ni ikusi, eta hunkituta gelditu ziren”, azaldu du Inma Torresek. Haren aitona Oskotzen lehengusua zen.
“Aitari galdetu, eta hark kontatu zigun hil egin zutela. Nik uste dut azkarregia zelako hil zutela; emakume nabarmena zen garai hartan; hezkuntza zen bere arma bakarra, eta bere ideien alde lan egiteagatik hil zuten”, nabarmendu du Laura Torresek.
Pena dute senideek informazio gehiago ezin izan dutelako jaso. Oskotzen gorpua non dagoen jakitea “ia ezinezkotzat” jo du Aritz Ardanatzek. Bilatzeko ahaleginean amore ez emateko prest da, halere. “Merezi du bilatzen jarraitzea; finean, Camino ez da bakarrik Camino; 1936n hil zituzten guztiak izan behar ditugu gogoan Caminori buruz ari garenean”.