Kattalin Barber
Lizarraldeko herri txiki bat da Azketa. Ondoan ditu Iguzkitza, Labeaga eta Urbiola. Iguzkitzaibarko herriak dira laurak, eta laurak batu dira Aridos Reciclados de Navarra Arena enpresak eskualdean egin nahi duen lohien tratamendurako plantaren aurka. Diotenez, ez ditu betetzen “ingurumen bermeak”.
Lohien konpost planta egin nahi dute han. Indusketa lanetatik eratorritako lurrak, obra hondakinak eta inausketa eta lorategietako hondakinak erabili nahi dituzte lorategietako lurrak sortzeko. Baina hautsak harrotu ditu proiektuak eskualdean, eta inguruko herriak ez dira proiektuaz fio. Pablo de Antonio Azketako kontzejuko lehendakaria da: “Enpresak aurkezturiko proiektuak ez du zehazten zer neurri zuzentzaile behar diren ingurumen kutsaduraren arloan, ezta zer azpiegitura behar dituen ere, eginen duen jarduera segurtasunez aurrera eramateko”.
Hori dela eta, argi du plantak kalte egiten ahal diela ingurumenari eta herritarren bizi kalitateari: “Arazoa izanen dugu planta kudeatzen duen enpresak metal astuna duten araztegietako lohiak ekartzeko baimena lortzen badu. Ingurumena larriki kaltetzen dute metalek, eta baita pertsonen bizi kalitatea ere”. Enpresaren gardentasunik eza salatu du: “Nekazaritza erabilerako lurrak lortu nahi ditu plantak, baina ez dakigu zein den erabiliko duten lohien jatorria, eta horrek beldurtzen gaitu”.
Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren baimena lortu zuen Arenak Azketan planta eraikitzeko. 2013an izan zen hori, eta, obrak hasi bazituen ere, ez zuten inoiz martxan jarri lohiak tratatzeko planta. Baimena bukatu zaio berriki, eta eskaera berriro egitean sortu dira arazoak. “Hasieratik, Nafarroako Gobernuak ez zion baimena eman behar, eremu horretan %6ko desnibela baino handiagoa baitago”. Baimena berriro lortzeko, proiektu berri bat aurkeztu behar izan zuen Arenak. “Gainera, eranskin batzuk gehitu zizkion, eta, besteak beste, bertan industriako araztegiko lohiak sartzen ditu, baina ez dakigu zer eginen duen haiekin”.
Dioenez, Montejurraren magalean egin nahi duten plantak “kalte larriak” eragin ditzake Ega ibaian eta inguruko herrietan. Alde batetik, Iratxeko kanpina planta eraiki nahi duten tokitik kilometro batera dago, eta turismoan “erabateko” eragina izanen luke proiektuak. “Done Jakue bidea 110 metrora igarotzen da, eta A-12 autobidea ere oso gertu dago. Badakigu araztegiko lohiak, inausketa materialekin konpostatzen bada, usain handia duela. Turismoarentzat kaltegarria izanen da”. Arrazoi gehiago badituzte plantaren aurka egiteko. Lur azpiko akuiferoak kutsa ditzake, eta baita Ega ibaia ere. “Euria egiten duenean, Ega ibaiak eta Iguzkitzak arriskua dute ur filtrazioengatik. Materialak ere arrastaka eramanen lituzke”.
Argi du De Antoniok: “Toki hau ez da egokia planta honetarako. Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu beste leku bat bila dezala”. Horregatik egin dute bat eskualdeko herri gehienek, elkarrekin arituta indar handiagoa izanen dutelakoan. Joan den asteartean amaitu zen Azketaren auzian alegazioak aurkezteko epea. 5.500 baino gehiago aurkeztu dituzte, eta, besteak beste, Aiegiko, Lizarrako eta Iguzkitzako udalek, Ekologistak Martxan elkarteak, Iratxe kanpinak, Ega Salba Dezagun elkarteak eta zenbait herritarrek sinatu dute. “Enpresak, udalak, kolektiboak eta norbanakoak batu gara egin nahi duten plantaren aurka. Lizarraldeak ez du hau nahi”, dio De Antoniok.
Horrez gain, sarean martxan jarri duten sinadura bilketaren bidez, 2.000 sinadura baino gehiago lortu dituzte. De Antoniok salatu du informazio gutxi dagoela proiektuaren inguruan eta herritarrek zalantza ugari dituztela. Horretarako ere, hainbat informazio bilera antolatu dituzte eskualdean. “Proiektua gelditzeko itxaropena dugu oraindik ere; batuta bagaude, lor dezakegu”, baikor azaldu da De Antonio.
Kudeatzailea, “harrituta”
Proiektuak izan duen gaitzespenak “harritu” du gehien Juan Andres Solano Arena enpresako kudeatzailea. “Plantak ez du batere kutsatzen, eta materia organikoa da erabiliko duguna. Ez dago inolako arazorik, ezta arriskurik ere”, dio. Planta erabat ekologikoa dela dio kudeatzaileak: “Inausketatik dator”.
Ziurtatu du, halaber, plantak ez duela izanen “inongo ondoriorik” Ega ibaian. “Hogei urteko esperientzia dugu horrelako lanetan, eta badakigu gure lana ongi egiten. Ez dut ulertzen zergatik azaldu diren gure aurka”. Lohiak tratatzen dituzten plantek kontrol handia dutela dio Solanok, eta Nafarroako Gobernuaren baimen guztiak lortu dituztela. Orain arte, Arena enpresak lohiak tratatzeko duen planta Lizarran egon da, baina, hango lurzorua industriala denez gero, tokiz aldatu behar izan dute. Ondorioz, Azketan egitea deliberatu zuten.
“Argi geratu behar da Nafarroako Gobernua oso zorrotz aritzen dela, eta dena behar bezala ez baduzu ez dizula utziko planta irekitzen. Materia organikoa ez da arriskutsua, eta, horregatik, baimenak ditugu”. Lohi arriskutsuez galdetuta, azaldu du ez dituela erabiliko. “Nik ez dut baimenik lohi arriskutsuak erabiltzeko, eta ez ditut erabiliko. Ezta metal astunak ere”. Planta ikustera eta proiektuari buruzko azalpenak jasotzera gonbidatu ditu herritarrak.