Edurne Elizondo
Polenari buruzko alerta beheko mailan egon da asteon. Halaxe ageri da Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko eta Iruñeko Udaleko web orrietan. Informazio hori sakelako telefonoan jaso ahal izan dute Iruñeko Udalaren alerta zerbitzuan izena eman dutenek; 1.182 pertsona dira, denera. Udalak duela astebete jarri zuen martxan aurtengo informazio kanpaina. Ekainaren 27a bitarte, astelehenero bidaliko dizkie Iruñeko Udaleko Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Epidemiologia Zerbitzuak polenari buruzko datuak erabiltzaile horiei. Usin eta musuzapi garaia hasiko baita, udaberriarekin batera, alergia dutenentzat.
Nafarren %10 inguruk alergia diote polenari, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren arabera. Haientzat prestatutakoa da udalaren polenari buruzko alerta zerbitzua. “Kontua da informazioa modu erraz batean jartzea erabiltzaileen esku. 2010. urtean jarri genuen martxan; aitzindari izan gara, doan ematen dugulako. Urtetik urtera gora egin du erabiltzaileen kopuruak; urtean ehun erabiltzaile berri inguru ditugu. SMS edo mezu elektroniko bidez jaso dezakete informazioa”, azaldu du Ines Aginaga zerbitzuko arduradunak.
Lastodunen polena da pertsona alergiko gehien eragiten duena. “Aurten aurreratu egin da landare horien polinizazioa; apirilean izaten ohi da, baina martxoan hasi da jada”, azaldu du Aginagak. Lastodunen polenari alergia izatea zer den ederki daki Dani Cabriadak. Hamahiru urte inguru zituenean hasi zen sintomak izaten: “Azkura izaten nuen begietan: malkotan izaten nituen. Etxean inork ez zuen alergiarik, baina nirekin batera anaia zaharra ere hasi zen sintoma horiekin”, gogoratu du Cabriadak.
Alergiko bilakatu zen. Hitz gutxitan erranda, “gorputzaren erantzun desegoki bat” dira alergiak. Horixe azaldu du Nafarroako Ospitale Guneko Alergologia Zerbitzuko kide eta pediatra Esozia Arroabarrenek. “Substantzia toxiko batek denoi egiten digu kalte; alergien kasuan, ustez kaltegarria ez den substantzia batek eragiten dio gure gorputzari”.
“Hori gertatzen da gure sistema immunologikoa gaizki egina dagoenean”, erran du Arroabarrenek, modu sinple batean. Sistema immunologikoaren erantzun oker horren atzean genetika dago, batetik; eta, bertzetik, berriz, ingurunea.
Alergia mota anitz dago; oro har, eragiten dituzten sintomen arabera, hainbat multzo nagusi nabarmentzen dira. Batetik, arnasa hartzeko sistemari eragiten diotenak daude. “Polenak, hautsak, onddoek edo animalien azalean dauden proteinek eragiten dute alergia, kasu horretan; arnasarekin lotutako gaitzak eragiten dituzte, errinitisa edo asma, edo biak batera”, zehaztu du alergologoak. Bertzetik, erleak eta liztorrak aipatu ditu Arroabarrenek. “Alergia badiegu, azalean sor ditzakete sintomak, edo erreakzio sistemiko bat; anafilaxia, alegia”. Hirugarren multzoan daude elikagaiak. “Antzekoak dira sintomak; azalean suma daitezke, edo anafilaxia eragin, zenbait kasutan”, erantsi du ospitale guneko alergologoak.
Sintoma berak, ondorioz, hainbat diagnostiko izan ditzake. Horixe nabarmendu du Arroabarrenek, eta alergologia zerbitzuaren egoitzan ikusten dutena jarri du adibide: “Egon daitezke hiru haur, adibidez, bakoitza bere inhalagailua eskuan, eta bakoitza aurrekari eta pronostiko ezberdinarekin; hirurek behar dute botika bera, baina nork bere diagnostikoa du”.
Probak eginda zehaztu ahal izanen du alergologoak zerk eragiten duen alergia. Dani Cabriadak orain egin ditu. “Orain arte, familia medikuak emandako antihistaminikoak hartzen nituen; nahikoa nuen. Anitzetan, pilula hartu bezain pronto sentitzen nuen hobera egiten nuela”. Egoerak, orain, okerrera egin du Cabriadarentzat, ordea. Txakur batek eragin du aldaketa. “Duela hainbat hilabete hasi nuen txakur bat adoptatzeko prozesua; harekin eta bertze txakur batekin egon nintzen egunean sentitu nituen alergiaren sintomak lehen aldiz”.
Tokiaren garrantzia
“Alergiez ari garenean, kontuan izan behar dugu gaixoa non bizi den; toki batetik bertzera aldatzen dira toki bateko edo bertzeko berezko alergenoak; etxe barruko baldintzak ere garrantzitsuak dira, eta kontuan hartzekoa da, adibidez, gaixoa txakur edo katu batekin bizi ote den”, nabarmendu du Esozia Arroabarrenek. Geografiak duen garrantzia azaltzeko, adibide bat jarri du mahai gainean: “Tuteran gutxi izanen dira akaroei alergia dietenen kasuak; Baztanen, berriz, akaroak dira alergia gehienen eragile”.
Altitudeak, latitudeak, klima motak eta antzekoek duten garrantzia berretsi du alergologoak; ez, ordea, kutsadurarena. “Ematen du alergia dutenak gehiago gaixotzen direla hiri barruan kanpoan baino; egia da, halaber, diesel erregaiek eragina dutela polen partikuletan eta kaltegarriago bilakatzen dituztela. Baina kutsadura gaitz horrekin lotzen duen artikulu bat ateratzen denean, handik gutxira lotura hori kolokan jartzen duen bertze bat agertzen da. Gaia konplexua da. Gaur-gaurkoz, ezin da erran alergia dutenen kopuruak gora egin duela kutsaduragatik”, azaldu du Arroabarrenek.
Gehiegizko garbitasunak izan dezakeen eragina ere bazter utzi dute adituek, alergologoak erantsi duenez. “Hipotesi hori modan izan zen duela hogei urte, baina, gaur egun, ezbaian da. Ikerketek ezin izan dute hipotesi hori berretsi”, erran du.
Sistema immunologikoak huts egiten duela da kontua. Egoera horren aurrean, gertatzen dena “kontrolatzeko gaitasunik eza” sentitzen duela aitortu du Cabriadak. “Azterketa egin eta gero, hamar alergia inguru ditudala jakin dut; bertzeak bertze, lastodunekin eta txakurrekin batera, katuek eta kakahueteek eragiten didate. Orain arte jan izan ditut deus jakin gabe. Arraroa da hori; kontrolatzeko gai ez izateko sentsazioa dut”.
Txakurra adoptatzeko prozesuarekin aurrera egin du Cabriadak. Nabarmendu du artatu duen alergologoak berak argi utzi diola izanen dituela alergiari aurre egiteko tresnak. “Argi dut, lehenik eta behin, garbitasunari ohi baino garrantzi handiagoa eman beharko diodala; kontua da txakurrak ahalik eta zahi gutxien eragitea. Hori saihesteko produktuak ere badira”.
Bertzela, txertoa jartzeko aukera jarri dio alergologoak mahai gainean. “Asma duten haurren kasuan gerta daiteke gaitza desagertzea, edo ez. Gurasoak anitz kezkatzen dira, baina badira botikak alergien sintomei aurre egiteko”, azaldu du Esozia Arroabarrenek. Antihistaminikoak, kolirioak eta antzekoak alergia dutenen eskura daude. Eta, zenbait kasutan, txertoak. “Gaixoei argi erraten diet kasu guztietan ez dutela funtzionatzen, baina egia da anitzetan gaixoak anitz egiten duela hobera”.
Alergologoak bere kasua jarri du adibide: “Asma nuen; lau urtez hartu nuen txertoa, eta hamahiru dira jada inhalagailurik ez dudala behar”, aipatu du. Alergia bat nabarmentzen denean, horren aurkako txertoa jartzen ohi dute alergologoek. “Zailagoa da emaitza onak lortzea bi alergia motaren aurkako txertoekin”. Argi utzi du, gainera, zenbait kasutan txertoa ez dela egokia: “Asma larria dutenen kasuan, adibidez, arriskutsua izan daiteke; bai eta gaixoak bertze gaitz immunologiko edo onkologiko bat duenean ere”, ohartarazi du.
Alergologoak nabarmendu du jendeak gero eta informazio gehiago eskatzen duela alergien inguruan; gero eta kontsulta gehiago dago, eta diagnostikorako gero eta aukera gehiago ere bai. Horrekin lotu du alergia dutenen kopuruak gora egitea. Udaberrian sumatzen dute gaitza anitzek. Bertze anitzek, urte osoan. Alergiarekin bizi behar dute.