Edurne Elizondo
Lindus tontor gainetik iaz 83 espezietako 400.000 hegazti pasatu ziren, abuztua eta azaroa bitarte. Hegazti horiei so egon ziren LPO elkarteko eta Ornitolan etxeko kideak. Nafarroako Gobernuaren ordezkari da azken hori, Lindus 2 izeneko proiektuan. Aurizko Udalarekin eta SEO BirdLife elkartearekin batera osatzen dute lantaldea. Pirinioetako bazter horretatik pasatzen diren hegaztien migrazioari buruzko informazioa jasotzea dute helburu, eta, datu horien bidez, klima aldaketaren gainekoak aztertzea, bertzeak bertze.
Zientzia eta turismoa uztartuz egiten dute lan, gainera: ornitologiak bisitariak erakartzeko duen gaitasuna baliatu nahi dute, Aurizko eta inguruko ekonomiaren pizgarri izan dadin. Proiektuak Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsaren babesa jaso du: 1,4 milioi euroko aurrekontua du, eta erakunde horrek ordainduko du %65.
Ornitolan etxeko kideak 2009. urtetik ari dira Lindusen lanean, migrazio garaian hango tontorraren gainetik pasatzen diren hegaztiei so. 2010ean, Lindus 1 jarri zuten martxan, jasotako datuak Nafarroako Gobernuaren esku jartzeko. Oraingo Lindus 2 egitasmoarekin bertze urrats bat egin nahi izan dute parte hartzaileek: migrazioari so jarraituko dute uztaila eta azaroa bitartean, baina bertze hainbat ekinaldi ere bultzatuko dituzte; saguzarrak behatuko dituzte, adibidez, Lindusek haien migrazioan zer garrantzi duen argitzeko asmoz.
2009tik, metodologia bera erabili dute migrazioa aztertzen duten Ornitolan etxeko eta LPO elkarteko kideek. Uztailaren bigarren hamabostaldian ekinen diote lanari aurten, berriz ere, eta azaroko lehendabizikoan amaituko dute. Orain arte, argi ordu guztiak baliatu dituzte Lindus gainetik zer espezie eta espezie bakoitzeko zenbat hegazti pasatu diren zenbatzeko. “Saguzarrekin, gauez ere izanen dugu lana aurten”, azaldu du Ornitolan etxeko arduradun Gabi Berasategik.
Lindus 2 proiektuak duen garrantzia nabarmendu du biologoak. Izan ere, hainbat urtez jasotako datuak behar dira ingurumenean gertatzen diren prozesuen eta gerta daitezkeen aldaketen berri jasotzeko. “Hamabost urte inguruko epemuga batek emanen digu aukera ondorioak mahai gainean jartzeko”, erran du Berasategik.
Lindusen lanean aritzen direnak hasiak dira jada, halere, hainbat joeraren berri jasotzen. Argi dute, adibidez, tenperatura igotzeak hainbat ondorio izan dituela eta berekin ekarri duela hainbat espeziek migrazioa hasteko data aurreratzea. “Hori egin dute miru beltzek, adibidez; lehen baino lehenago pasatzen dira orain Lindusetik”, azaldu du Ornitolan etxeko kideak.
Europako herrarien %90
Europako hegazti herrarien %90 pasatzen dira Lindusko tontorraren gainetik. 2010. urtetik, denera, bi milioi hegaztik zeharkatu dute Aurizko tontor hori. Datu horiek ornitologoentzako toki aparta bilakatu dute Linduskoa, Berasategik nabarmendu duenez. Azken urteotan, hain zuzen ere, gora egin du bisitarien kopuruak Pirinioetako bazter horretan. Prismatikoak eta teleskopioak hartu, eta Lindusen egin dute bat, zerura eta hegaztiei so egiteko.
Miru gorriak, zikoinak, zapelatz liztorjaleak… Luzea da Lindusko tontorretik ikus daitezkeen espezien zerrenda. “Iruñetik gertu, ikuskizun ederraz gozatzeko aukera dago”, berretsi du Gabi Berasategik. “Abuztuaren azken astean, adibidez, milaka zapelatz liztorjale ikus daitezke; uztailaren azkenekoan pasatzen ohi dira miru beltzak; urrian eta azaroan, berriz, kurriloak eta ubarroiak”, azaldu du Ornitolaneko kideak.
Hegaztien bideari behatzerakoan, ahalik eta datu gehien jasotzen saiatzen dira ornitologoak: ordua, eguraldia, haizeak jotzen ote zuen… Halako datuen berri izatea garrantzitsua da ulertzeko, adibidez, zergatik egun jakin batean milaka eta milaka hegaztik bat egiten duten elkarrekin toki beretik pasatzeko. Iaz, adibidez, urriaren 9an, 448 miru gorri ikusi zituzten Lindus tontor gainetik; hilabete bereko 29an, berriz, 123.000 pagauso pasatu ziren, eta 31n, bertze 84.000.
Bisitariak erakarri nahi dituzte Auritzera migrazioaren ikuskizunarekin goza dezaten; gainera, Lindus 2 proiektuko kideek ingurumenarekin lotutako ekinaldiekin uztartu nahi dute turismoaren jarduera hori. SEO BirdLife elkarteko kideak lehendabizikoz ariko dira 2018ra bitarte martxan izanen den proiektuan. 2018tik aurrera ere lanean jarraitzeko aukera izanen dutela espero du Berasategik; datuak jasotzen jarraitzeko. Ikertzen eta gozatzen jarraitzeko.