Edurne Elizondo
Borroka feminista da gurea, eta emakume guztion kontua da. Egiten duguna lan duin bat da, eta bada kontuan hartzeko ordua. Gure gizartean errazagoa izan da emakumeak esplotatzea, baina gure eskubideak aldarrikatzeko unea da oraingoa”. Myriam Barrosenak dira hitzak, Lanzaroteko (Kanariak, Espainia) Las Kellys taldeko kidea. SOS Arrazakeria elkarteak arrazakeriaren aurka antolatu duen astean aritu da, Iruñean. Bertakoak eta kanpotarrak, erresistentziak ehuntzen izenburupean egindako jardunaldietan “izaera mestizodun borroka moldeak ikusgarri” bilakatu nahi izan ditu SOS Arrazakeriak, Natalia Nilo kidearen hitzetan. Biharkoa izanen da azken ekinaldia: manifestazioa eginen dute Nafarroako hiriburuan, Gazteluko plazan, 12:00etan hasita.
SOS Arrazakeriak nabarmendu nahi izan dituen izaera mestizodun borroka molde horien adibide da Las Kellys taldeko kideena. Hoteletako gelak garbitzen dituzten langileek osatu dute elkartea. Lanzarotekoa izan zen lehena, baina gisako bertze anitz sortu dira, jada, hamaika tokitan. 2016ko martxoaren 28an egin zuen Lanzarotekoak lehen bilera. “300 pertsona etorri ziren!”, gogoratu du Barrosek. Gehien-gehienak emakumeak.
Zerbitzari gisa aritu izan da Barros, baina azken hiru urteotan hoteletako garbitzaile lan egin du. “Denek erraten zidaten hagitz lan gogorra zela, baina uste nuen baino anitzez ere gogorragoa da”, nabarmendu du. Gizarte mugimenduetan aritu izan da beti, eta, ondorioz, garbitzaileen lan baldintza gogor eta eskasen berri izan bezain pronto, zerbait egin behar zuela argi izan zuen.
“Sare sozialen bidez gure arteko taldeak osatu genituen lehendabizi; baina garbi ikusi genuen gure artean salatzen genituen kontu horiek guztiak jendaurrean salatzeko eta mahai gainean jartzeko ordua zela”, azaldu du. Eta hori da egin dutena. Beren burua antolatu, eta beren eskubideen eta lan baldintza duinen alde lanean hasi dira.
“Oro har, emakumeek osatutako kolektiboa da gurea; horrek are errazago bilakatu du gure lana prekario bihurtzea, gure gizartean errazagoa delako emakumeak esplotatzea”, berretsi du Barrosek. Hoteletako garbitzaileen egoera hori dela nabarmendu du. “Egoera hagitz kaskarra da; lan karga izugarria dugu; enpresek nahi dutena da gero eta gela kopuru gehiago garbitzea denbora tarte gero eta txikiagoan. Eta are eta okerragoa da azpikontratatutako garbitzaileen egoera; anitzetan, 500 euro eskaseko soldata baino ez dute”, azaldu du Barrosek. Erantsi du anitzetan kontratuak asterokoak izaten direla, eta oporrak edo baimenak izateko eskubiderik ez dutela. Baldintza horiek guztiek, gainera, ondorioak dituzte langileen osasunean. “Egiten ditugun mugimenduak hagitz errepikakorrak dira, eta maiz gaixotzen gara”. Ondorio fisikoez harago, “depresioak edo estresak jota” daude garbitzaile gehienak.
“Garbitzaileon errealitateak ez du tokirik izan sindikatu handien agendetan”, erran du Las Kellys taldeko kideak. Horregatik erabaki zuten urrats bat egitea aurrera, beren kabuz antolatzeko. Sindikatu horiek “mehatxutzat” hartu dituztela erantsi du Barrosek. “Ez gara ari oinarrizko sindikalistei buruz, sindikatuetako buruez baizik. Sentsazioa dugu uste dutela beren esparruan sartu garela. Ondoan nahi bagaituzte, gu prest gara, baina ez badute gure alde deus egiten, aurrean izanen gaituzte”.
Barrosek onartu du, halere, garbitzaileek ere badutela ardura zati bat. “Orain arte, ez gara mugitu, ez gara borroka sindikaletan murgildu. Negoziazio mahaietatik at izan gara; ez dute gure berri, eta inork ez du egiten gure alde”.
Elkarri lagundu
Las Kellys taldeko kideek egiten duten lanaren arlo garrantzitsuenetako bat da langileak laguntzea. “Norbaitek bere enpresa salatzen badu, ez da batere atsegina egunero lan egitera joatea; argi utzi nahi diegu langile guztiei ez daudela bakarrik”, azaldu du Barrosek.
Erakundeen laguntza ere bilatu dute iazko martxoan hasitako bidean, eta jasotako erantzunarekin “kontent” dira Lanzaroteko hoteletako garbitzaileak. “Presio handia egin dugu, eta, ondorioz, Lan Ikuskaritzak kanpaina bat egin du: legez kanpoko 5.000 kontratu salatu dituzte; laster, gisako bertze kanpaina bat jarriko dute martxan”.
Europara begira jarri dira, halaber, Las Kellys taldeko kideak. Izquierda Unidako Marina Albiolen bidez, Europako Parlamentura bidali dituzte garbitzaileek beren proposamenak; bertzeak bertze, lan arriskuen esparruko araudia betetzen dela kontrolatzea, haurdun diren langileak babestea eta erretiroa hartzeko adina jaistea eskatu dute. “Tramiterako onartu dituzte; Bruselan defendatzeko aukera noiz izango dugun zain gara”, azaldu du Barrosek.
Egungo egoerari ezin diotela eutsi berretsi du Las Kellys taldeko kideak. Martxan direla garbitzaileak, eta ez dutela atzera eginen beren eskubideen defentsan. Borrokan direla emakumeak. “Hasieran, bertakoak kontratatzen zituzten; 2000. urtetik aurrera, Hego Amerikakoak kontratatzen hasi ziren; egun, Saharaz hegoaldeko herrialdeetako emakumeak kontratatzen dituzte. Langileon egoera are prekarioagoa da, anitzetan hizkuntzarekin ere arazoak dituztelako, eta nekez aldarrika ditzaketelako beren eskubideak”.
Haien eta gainerako garbitzaileen alde lan egiteko sortu dute Las Kellys, hain zuzen ere. Borroka molde propioa osatu dute, orain arte izan ez duten ikusgarritasuna lortzeko. Eragiteko. Aldatzeko.