Edurne Elizondo
Antolatzaile izateak emanen dio hamaika lan egunotan Asier Biurruni (Iruñea, 1977). Korrika egiteko tartea ere bilatuko duela nabarmendu du, halere.
Korrika gaur ailegatuko da Nafarroara; dena prest?
Bai, dena prest. Azken petoak banatu ditugu, eta azken egunotan aritu gara, halaber, errepidea markatzen. Oraindik erabat itxita ez dagoena da azken eguneko jaia. Egitaraua prest dugu, baina hamaika txikikeria gelditzen zaizkigu lotzeko. Horretan ari gara!
Zuretzat, zer da Korrika?
Gozatzeko jai bat da. Hainbat urte dira Korrika antolatzeko lanetan ari naizela, eta, noski, lanez gainezka egoten gara egunotan. Zaila da lanaren zirimola horri ihes egitea, baina fruituak ikusten dituzunean, jendeak nola erantzuten duen ohartzen zarenean, orduan, sekulako poza hartzen duzu. Nik aspaldi erabaki nuen euskararen alde egin nahi nuela lan eta borroka, eta gisa honetako ekinaldi batek betetzen zaitu; erabat, gainera. Euskara ari da aurrera egiten. D ereduarekin hemen gertatu dena da horren adibide; hainbat tokitan lortu dute jartzea. Emozioa sumatzen da, eta horrek betetzen nau.
Emozioak bat egiten du aldarrikapen eta lan politikoarekin?
Hala da. Nik ez dut ahaztu nahi, tamalez, Korrika egin behar dugula euskararen normalizazioa oraindik ez dugulako lortu. Baina Korrika martxan den egunetan, emozioak, irribarreak, sortzen dira, eta horiek guztiek euskararen aterkiaren pean egiten dute bat ere. Eta sekulakoa da! Ziur naiz Korrika Iruñean amaitzen denean sentituko dudana azaltzeko hitzik ez dudala izanen. Eta ziur naiz jende askori gauza bera gertatuko zaiola.
Antolatzaile lanetan ari zara; korrika egiteko aukera ere izanen duzu?
Bai, bai, izanen dut. Aurten, segur aski, bertze batzuetan baino gutxiago egin ahal izanen dut, hemen amaitzen denez, lan handia izanen dugulako. Baina beti bilatzen dut tarte bat lagunekin eta familiarekin korrika egiteko. Sakratua da hori niretzat. Guk ere gure unetxo hori izanen dugu.
20. Korrika da aurtengoa; zer du betiko, eta zer du berri?
Korrika guztiak dira berdinak eta ezberdinak, aldi berean. Betiko du euskarria, eta, zoritxarrez, betiko ditu helburuak. Euskararen normalizazioaren alde, eta AEK-ren inguruan dauden guztiak duintasunez aritu ahal izateko egiten dugu Korrika. Zer du ezberdin? Esperientzia, eskarmentua. Berezia du, gainera, egoera politiko eta sozialean aldaketak izan direla, bai eta 20. edizio honetan, azkenean, Korrika hasi zutenei gorazarre egin diegula ere, behingoz, jendaurrean.
BatZuk da aurtengo leloa. Erranahi anitz dituen leloa da. Zuk zer nabarmenduko zenuke?
Nik gustuko dut nabarmentzea oso mezu zuzena dela, eta norbanako horrentzakoa dela; zuri egiten dizula so. Bada sektore bat, euskaltzalea dena baina euskaraz ez dakiena edo erabiltzen ez duena, eta horiengana jotzen du aurtengo Korrikak: Bat gehi Zuk izateko batzuk, eta izateko, aldi berean, multzo bat. Izateko komunitate bat euskaraz eginen duena. Korrikak ez du inor baztertu nahi, hala ere. Hizkuntza bat badugu, zergatik ez ezagutu eta hitz egin?
Oposizioko taldeek ez dute hori egiteko asmorik. Euskararen aurkako erasoak etengabeak izan dira gobernua aldatu zenetik. Zer deritzozu?
Pena da. Politikan ibiltzen den jendeari ahoa betetzen zaio demokraziaren, justizia sozialaren eta eskubideen gisako hitzekin, baina ez dituzte hitz horiek egunerokoan gauzatzen. Nik uste dut badela komunitate bat euskaraz bizi nahi duena, eta badira, halaber, horren kontra egin nahi duten politikariak. Lehengo lepotik burua. Agintean zirenean egiten zituzten politikak beren erara; orain, aldaketaren gobernuaren erara egiten dira. Gobernuan ere badira hainbat gehiegi laguntzen ez dutenak. Nik uste dut beldurraren kultura horren pean bizi garela. Argi badugu demokrazia demokrazia izan dadin euskaldunek bete behar dituztela beren eskubideak, bada, ezar dezagun demokrazia. Ezartzen ari garena da sasidemokrazia bat.
Oposizioaren diskurtsoa ari da gobernuaren jarduera baldintzatzen?
Uste dut beldur direla, neurri batean; eta, bertzalde, uste dut ez dutela jo egin behar denera, eta euskalgintzatik mahai gainean jarri diren beharrak betetzera ez dutela jo.
Zonifikazioak indarrean jarraitzen du, adibidez.
Hainbat udaletan onartu dituzte eremu mistoan sartzeko mozioak, baina hori ez da nahikoa. Zonifikazioaz ari garen bitartean, hutsegite bat dugu. Ez da naturala. Mugak ezartzen dizkiogu hizkuntzari, eta hizkuntza batek modu natural batean behar du izan bere tokia. Zonifikazioa dugun bitartean, ez dago normalizaziorako biderik. Gainditu behar dugu. Orain egiten ari diren urratsak interesgarriak dira, baina ez dira nahikoak. Udalek baliatu dute aukera, urratsak egiteko irrikan direlako. Eman diezaietela aukera hori denei, lege baten pean egin ahal izateko.
Korrikak ere helburu du horretan eragitea?
Bai, zalantzarik gabe. Korrikak ez du mugarik ikusten; ez ditu herrialdeen arteko mugak ikusten, ezta zonifikazioak ezarritakoak ere. Korrikak, gainera, bere eginen du Nafarroan gertatu direnek eragindako poza; D eredua jarri izana hainbat herritan, edo eremu ez-euskalduneko hainbat herri mistora pasatu izana. Sortutako ilusioak bere eginen ditu Korrikak, zalantzarik gabe. Espero dut mugarri izanen dela konturatzeko jauzia egiten ahal dugula. Eta konturatzeko ofizialtasuna ere eskatzen ahal dugula herrialde osoan.
Oposizioak baldintzatuta, baina erakundeek egin dituzte hainbat urrats. Aurten, adibidez, Iruñeko Udalak bat egin du Korrikarekin.
Bai, aldaketa erabatekoa izan da. Lankidetza hitzarmena sinatu dugu Iruñeko Udalarekin, eta horrek erabateko aldaketa ekarri du orain arte erakundeetatik jaso dugunarekin. Hitzarmen horren bidez, udala azken eguneko bestako antolatzaile ere bilakatu da, neurri batean. Gainera, kilometro bat erosi du.
Gobernuan ere aldatu dira hainbat gauza. Diru laguntzak jasotzen hasi zarete berriz.
Egoera hori aldatu da. Gogoratu nahi dut UPNren garaian genuen aurrekontua, kendu zuten arte, orain jasotzen duguna baino handiagoa zela, halere. Euskalgintzan eta alfabetatzean ari garenontzat, diru laguntza berriz jasotzeak haizea eman digu, baina urratsak egin behar ditugu, oraindik ere. Ikasleek ahalegin handia egiten dute, baina erakundeek oraindik ez. Gobernuak bekarik ere ez du ematen. Euskarak egon behar du agendako lehen lerroan, eta izan behar du transbertsala. Erakundeek laguntzen ez badute, hankamotz gelditzen gara. Aurrera goaz, baina azkarrago joanen ginateke, adibidez, hemengo presidente guztiek euskaraz eginen balute. Naturaltasunez ariko bagina euskaraz.