Kattalin Barber
Gazteak dira, eta ikerlariak. Soziologiako ikasketak amaituta, eta lan merkatuan haien diziplina aurrera eramateko aukera gutxi zituztela ohartuta, haien kabuz ikerketa bat egitea erabaki dute: Poniendo en forma a la juventud. Decathlon y la situación laboral de los jóvenes en Navarra (Gazteak sasoian jartzen. Decathlon eta Nafarroako gazteen lan egoera) ikerlana egin dute sei gaztek. “Gure ezagutza praktikan jartzeko modu bakarra da, inkestetatik harago”, dio Xabier Elizalde soziologoak.
Prekaritatea jasaten dute haiek eurek, eta Nafarroako gazte askoren errealitatea aztertu dute, Decathlon enpresa abiapuntu hartuta. Ehunka gaztek lan egiten dute edo egin dute bertan, eta “gaur egungo panoramaren isla” da saltoki handia. “Beste enpresa askotan bezala, lan baldintza kaskarrak, prekaritatea eta malgutasuna dira Decathlonen ezaugarriak”, azaldu du Gari Lopezek. Haiekin batera, Xabier Torrea, Felipe Lopez, Ander Gorraiz eta Anchel Reyes aritu dira ikertzaile lanetan.
Bi urteko lana izan da, eta inolako aurrekonturik gabe aurrera atera dute. Bidean “gorabehera” asko izan arren, pozik agertu dira lortutakoarekin. “Ez dugu nahi kaxoi batean geratzea; espero dugu gizartearentzat erabilgarria izatea”, adierazi du Lopezek. “Kontzientziak berpiztu nahi ditugu”, gaineratu du Elizaldek.
Decathlonen lan egiten duten pertsona ia guztiak gazteak dira. Kirolari edo kirolzaleak izatea izan ohi da beste baldintza bat. Gazteei aldi baterako kontratua eskaintzen diete, eta zenbaitetan egun bakarreko kontratua ere izaten da: “Hasieratik argi dute gazteek haien lanak iraungitze data duela. Sei hilabete pasatu eta gero, lan kontratuak mugagabea izan behar du, baina enpresari ez zaio komeni, eta kalera botatzen dituzte”, dio Lopezek.
Horrek ondorio larriak dituela salatu du Elizaldek, gazteen “desegonkortasuna” bilatzen eta sustatzen duelako enpresak: “Gazte askok behartuta ikusten dute beren burua horrelako lanak onartzera, merkatuan ez dagoelako beste aukerarik, eta dagoenarekin konformatu behar dute”. ELA sindikatuak aditzera eman duenez, Nafarroako gazteen langabezia tasa %38,1ekoa da.
Adierazi dutenez, bertan lan egiten duten gazteek ere ez dute beren burua ikusten Decathlonen urte luzez. Aldi baterako lantzat jotzen dute. “Alde batetik, aldi baterako lanak egitera ohituta dauden gazteak daude, eta, bestetik, goi mailako ikasketak dituzten gazteak eta lehendabiziko lan bat behar dutenak. Askorentzat, Decathlon lan merkatuan sartzeko aukera bat da, eta baldintzak onartzera behartuta daude”, azaldu du Lopezek.
Enpresek ere hori sustatzen dutela argi dute bi soziologoek. Aldi baterako lanak, egonkortasunik eza, lansari txikiak eta langileen malgutasun handia dira Decathlonen ezaugarri. Malgutasuna eta prekaritatea txanpon beraren bi aldeak direla diote, hain zuzen ere.
Joan-etorri prozesua
Egoera horrek guztiak ondorioak ditu, eta ez bakarrik gazteen lanetan. “Nafarroako egoera orokorrarekin alderatuta, ‘joan-etorri prozesuan’ daude gazteak, bai lanean, bai beren bizitzan ere: etxetik joaten dira, emantzipatzen dira, etxera itzultzen dira… Horrek zerikusia du enpresek eskaintzen duten malgutasun eta behin-behinekotasunarekin”, dio Lopezek.
Lan baldintzei buruz hitz egitean aipatzen dute prekaritatea, baina gazteen bizimodura hedatu dela uste dute Lopezek eta Elizaldek. Etorkizuna beltz ikusten dute: “Ez dago horrela bizitzerik. Soldata aldetik ere ez du askorako ematen. Ez da bakarrik Decathlon, arazoa egiturazkoa da. Azken finean, prekaritatearen menpe gaude, eta onartzera eramaten gaitu egoerak. Hori da larriena”, ziurtatu du Elizaldek.
Eredu bezala hartu dute Frantziako enpresa, baina beste edozein izan zitekeela argi dute Elizaldek eta Lopezek. “Gu ere izan gintezke”. Prekaritatea da lan merkatuaren eta gazteen arteko loturaren hari mutur bat: ordukako kontratuak, soldata murritzak, behin-behinekotasun erabatekoa… Enplegua lortu arren oinarrizko gastuei aurre egin ezin dieten langileak dira.
Decathlonen kasuan, lana produkzioaren arabera asko aldatzen dela diote, horrek dakartzan ondorioekin: “Horrek babesik ez izatea eragiten du. Gazteak ez daki zenbateko diru sarrerak izanen dituen hilabetean; enpresaren menpe dago, enpresak nahi duenerako beti prest”. Gazteen egoera lanaren esparruan, oro har, kaskarra da.