Asier Garcia Uribarri
Margoa bere bizitzaren erdigunean jartzea erabaki zuen Diana Iniestak (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1971) duela hamar urte. Sorkuntza eta formakuntza tartekatzen ditu artista gisa aurrera egiteko. Sortu, Baztanen egiten du, bere egungo bizilekuan. Formakuntza saio garrantzitsuenak, berriz, New Yorkeko (AEB) The Art Students Leaguen jasotzen ditu. Otsailean izan zen han. Bost urte zeramatzan horrelako formakuntza saiorik gabe, eta beharra sentitzen zuen. “Margolari gisa asko garatu naiz azken urteetan, eta formatzeko behar handia nuen”. New Yorken egindako lanetako batzuk eskolak berak aukeratu ditu ikasleen margoen erakusketarako. Iniesta, orain, urtero abuztuan Erratzun aurkezten duen erakusketa prestatzen ari da buru-belarri.
Bost aste eman dituzu New Yorkeko The Art Students League eskolan. Zure bigarren egonaldia da han. Nola heldu zinen eskola horretara?
Duela hamar urte, nire lana utzi nuen, eta Baztanera etorri nintzen, margotzeko eta psikologia ikasketak bukatzeko. Duela bost urte, Amaia Gurpide margolariaren berri izan nuen, eta ikusi nuen The Art Students Leaguen formatu zela. Aurretik bi aldiz egona nintzen New Yorken, eta ez nuen arazorik izan eskolaren berri izateko. Gainera, Amaiarekin [Gurpide] harremanetan jarri nintzen, eta berak eman zizkidan hainbat aholku. Beraz, 2012an lau mintegitan izena eman nuen. Baina, behin han egonda, erabaki nuen beste hilabete geratzea eskola arruntak jasotzen.
Zaila da eskolan sartzea?
Gutxieneko maila izan behar da, baina ez da zaila sartzea. Behin hor egonda, oso garrantzitsua da jakitea zer nahi duzun. Aukeratzen duzun eskolan ahal bezain ondo bat egin ahal izateko.
Eskolak atelier eran eskaintzen dituzte. Hau da, eskoletara norbera, batez ere, margotzera joaten da. Irakasle batek zuzentzen ditu eskolak, baina, astelehenetik ostiralera bitarte baldin badira, irakaslea pare bat egunetan baino ez da egoten. Berak aholkuak ematen ditu, baina artista lana da bereziki.
Bost urte igaro eta gero, eskola berera itzuli zara.
Bost urteotan asko garatu naiz margolari gisa, eta formakuntza behar nuen. Orain, sormen prozesu bizi batean murgilduta nago, lan handia egiten dut, ordu asko eskaintzen dizkiot margotzeari. Bestalde, New Yorkeko giroaren oso zalea naiz. Oso eroso sentitzen naiz han, eta baita eskolan ere. Nire tailerrarekin batera, bertan sentitzen naiz ondoen.
Baina zergatik New York? Zer berezitasun ditu?
Ipar Amerikako kulturak badu inbidia ematen didan gauza bat: meritukrazia. Hau da, inguru oso dinamikoa dago non aukerak irekitzen zaizkizun, besteak beste, ona baldin bazara, benetan emaitza batzuk lortzeko norabidean bazaude, lan asko egin eta konpromisoa erakutsiz gero. Gainera, zazpi solairu dituen eskola batean egotea, non gela bakoitzean margolaritza estilo bat lantzen den, oso aberasgarria da. Ikuspuntu asko daude.
Eskolan zuk egindako hainbat lan aukeratu dituzte ikasleen margo erakusketarako.
Eskolako ikasleen lanekin arte lehiaketa bat antolatzen dute; irakasleek zure lan batzuk aukeratu ditzakete erakusketa horretan egoteko.
Nola jaso zenuen berria?
Gaia aipatu eta oilo ipurdia jartzen zait. Harro sentiarazten nau. Hilabetez egon dira nire lanak New Yorken ikusgai.
Erakusketetako ikasleen lanen artean lehiaketa egiten dute. Itxaropenik baduzu saritua izateko?
Ez dakit noiz jakinaraziko duten emaitza. Oso garrantzitsua litzateke. Baina New Yorketik heldu naizenetik horren sartua nago sormen prozesuan, ez dut ezta planteatu ere egin. Azkenean, energiak kudeatzen ikasi behar dugu, eta urtero abuztuan Erratzun egiten dudan erakusketan arreta jarri behar dut. Hau izango da inoiz egin dudan erakusketarik aberats eta zabalena.
Zer aurkituko du bisitariak?
Hasteko, New Yorken egin ditudan irudi eta erretratu ikasketetako emaitzak, baita ikusgai izan ditudan lanak ere, noski. Horrez gain, besteak beste, erakutsiko ditut biluzte naturalen irudiak, bai eta natura hilak ere. Baztango irudiek, nola ez, garrantzi handia izango dute. Alde batetik, ohitura erretratuak daude, hala nola Arizkungo kirikoketakoak; bestetik, udazken eta udaberri paisaiak daude. Orain, udaberriko paisaiak margotzen ari naiz, eta aurretik ezagutu gabeko kolore eztanda bizitzen ari naiz. New Yorketik itzuli naizenetik, kolorea nitaz jabetu da. Erakusketa osatzeko, New Yorkeko neguko hiri paisaiako lanak aurkeztuko ditut.
Eskolatik igaro ostean, aldaketarik sumatu duzu?
Ikaragarria. Kolorea eta kontrastea nitaz jabetu dira. Urteak neramatzan horren bila, baina ez nuen aurkitzen. Batzuetan, amets bati jarraitzen diogu, baina lan asko behar da, denbora, eta norberarengan konfiantza handia. Azken finean, konpromisoa.
Zer proiektu dituzu aurrera begira?
Aurten, bakarkako erakusketa pare bat ditut, eta heldu den urterako mural lanetan oinarritutako proiektu bat dut esku artean. 2×1,3 metroko hogei piezarekin lan egiten ari naiz. Horrek berritasun ugari sortzen ditu nire margotzeko eran. Hasteko, margolanaren tamaina handia berritasun bat da, eta horrek erabili beharreko pintzel, margo eta gaiak baldintzatzen ditu. Nahiko proiektu garrantzitsua da. Oraindik datak zehaztu behar ditut, baina Espainia mailako erakusketa izango da.
Jarraituko duzu Baztan eta New York artean?
Nire asmoa orain joan-etorrian ibiltzea da. 600 ordu egin ditut eskolan dagoeneko. Uste dut orain dela garaia horretarako. Noski, horrek aurreztea esan nahi du.