Edurne Elizondo
Ezintasuna duten pertsonak multzo bakar batean sartzea zaila dela nabarmendu du Nerea Perezek. “Ezintasun fisikoa, psikikoa eta sentsoriala bereizten ditugu, baina talde horietako bakoitzean ere, hamaika errealitate eta esperientzia badira; nork berea du”. Elbarritasun fisikoa du Perezek, 14 urte zituenean diagnostikatu zioten eskoliosiak eraginda. Argi du nork bere egoera eta baldintzak bidelagun dituela, baina, berezitasunen gainetik, errealitateak ezintasuna duten emakumeak batzen dituela uste du: “Ezintasuna dugun emakumeok bazterketa bikoitza sufritzen dugulako, emakume eta elbarri izateagatik”.
Bazterketa bikoitz horri egin nahi dio aurre Nafarroako Cocemfek, elbarritasun fisikoa eta organikoa duten pertsonen elkarteen federazioak. Lana lortzeko ahalduntzea eta aktibazioa izenburuko programa jarri du martxan, ezintasunen bat duten emakumeak enplegua lortzeko bidean laguntzeko. Oraingoz, hamasei emakume ari dira parte hartzen Tuteran; Iruñean ere abian jarriko dute; izena ematera deitu ditu Cocemfek interesa duten andreak. Gero, Lizarrara eraman nahi dute programa, denera 75 emakumeri formakuntza eskaini ahal izateko. Caixaren babesa jaso du Cocemfek egitasmoa garatzeko.
Gisa horretako programa batean aritu zen Perez, iaz. On egin ziola nabarmendu du. “Berdinen arteko espazio bat osatu genuen, esperientziak partekatzeko”, azaldu du. Ez ohi du bere elbarritasun fisikoaren berri ematen, baina ezkutatzeko ahaleginik ere ez du egiten. “Gauzak normal-normal hartzeko ordua da”, nabarmendu du.
Bizkarreko gaitzak baldintzatu du Perezen egunerokoa nerabezarotik. 38 urte ditu orain. Ikasi du eskoliosiak eragiten dizkion mugekin eta min kronikoarekin bizitzen; familia eta lagunak hurbil sentitu ditu beti; baina bertzelakoa da, Perezen hitzetan, lan mundua: hor aurkitu du etsai giro handiena. Esparru horretan ere, bertze guztietan bezala, nor bere aldaketaren eragile izateko beharra nabarmendu du Perezek, halere, oztopo guztien gainetik.
Nafarroan, Cocemfek esku artean dituen datuen arabera, ezintasunen bat duten 25.000 emakume badira; hau da, ezintasuna duten pertsona guztien %58 dira andreak. “Langabezia tasa handia da ezintasuna dutenen artean, eta are handiagoa emakumeon artean”, nabarmendu du Perezek. Ezintasunen bat dutenen langabezia tasa, hain zuzen ere, ezintasunik ez dutenena halako bi da.
Zailena, eustea
Lanak, baina, “dena markatzen du”. Horixe nabarmendu du Perezek. Enpleguak ematen duela nork bere gaitasunak garatzeko aukera, autonomia lantzekoa, ahalduntzekoa. Lana lortzea baino zailagoa da enplegu horri eustea, Perezen hitzetan. “Auzitan jartzen zaituzte etengabe”, salatu du.
“Ni beti saiatu naiz gauzak egiten; ikasi ahal izan dut, eta hamaika lan izan ditut”. Gizarte laneko ikasketak egin zituen Perezek, eta esparru horretan egin nahiko luke lan, batez ere. Orain, halere, administrazioarentzat ari da. “Negozio bat ere jarri nuen martxan, bost urtez, baina utzi egin behar izan nuen; langile autonomoa izatea edozeinentzat da gogorra, baina, ezintasun bat baduzu, ia ezinezkoa da”.
Lan fisikoak egiteko ditu mugak Perezek; ezin du zamarik hartu. “Egin izan dut, bai eta ondorioak sufritu ere”. aitortu du. Gaixo agiria hartu behar izan du haurdunaldiak eragindakoez osatzeko. Hamasei hilabeteko alaba zaintzeko lana ere gogorra da Perezentzat. “Bularra eman diodanez, gainera, ezin izan ditut mina kentzeko botikak hartu”.
Hainbat ebakuntza egin dizkiote Perezi, eskoliosia diagnostikatu ziotenetik. Kortseak jantzi behar izan zituen nerabezaroan, lehendabizi; bizkarrezurrean inplanteak jartzeko ebakuntzak egin zizkioten, gero. Denera, hiru. “Hasierako inplanteak hautsi egin zitzaizkidan, oraindik hazten ari nintzelako jarri zizkidatenean. Berriak jarri, eta infekzioa eragin zidaten”.
Argi utzi du ezintasun bat dutenentzat ez dela erraza gaixo agiria eskatu behar izatea. “Izan ziur behar dugunean baino beranduago eskatzen dugula, eusten saiatzen garelako. Gehiago ezin dugunean hartzen dugu”. Onartu du enpresentzat ez dela atsegina langileek gaixo agiria hartu behar izatea, baina gaixoaldia langileen eskubidea dela nabarmendu du. “Enpresentzat, gainera, badira ezintasuna dutenak kontratatzeko laguntzak”, gogoratu du.
Anitzetan, nagusiek ez ezik lankideek ere ezintasuna dutenen hitza eta lana auzitan jartzen dituztela azaldu du Perezek. Ez hori bakarrik. “Kexatzeko arrazoirik ez dugula erran ohi digute, gu kontratatzeagatik diru laguntza horiek daudenez ustez gu hartzen gaituztelako lehendabizi enpresek. Finean, bertze norbaiti lana kentzen ari garela leporatu ohi digute; guk lan egiteko eskubiderik izanen ez bagenu bezala”, salatu du Perezek. Gogoratu du administrazioko langileek sinadurak bildu zituztela ezintasuna dutenak kontratatzeko diskriminazio positiboaren aurka, eta parlamentura eraman zituztela. “Halakoekin gizarte osoak egiten du atzera”.
Gisako egoerei aurre egitea ez da samurra. Perezek, halere, argi du ezinbertzekoa dela lan egitea. “Gustuko dugun lana aurkitzen ez badugu ere, uste dut garrantzitsua dela gauza bat edo bertze egitea; aritzea. Lanak autonomia ematen digu. Balio dugula erakusteko aukera ematen digu”.
Horri buruz inolako zalantzarik ez du Perezek: ezintasuna izan edo ez, nork bere gaitasunak, nork bere ahuleziak eta indarguneak dituela. Eta azken horiei etekina ateratzea dela gakoa. Ezintasuna izan edo ez.
Lan mundura iritsi aurretik ere egin behar izan die aurre Perezek bertzeen aurreiritziei. “Diagnostikoa jaso aurretik ere, eskolan kirola egiten ez zuena nintzen ni. Nekatuta nengoela erraten nuenean, ezin nuela erraten nuenean, orduan ere auzitan jartzen zuten nire hitza”. Kirolik ezin du egin Perezek orain, eta horren falta sumatzen du.
Bere esku diren tresnak eta esperientziak jarri ditu, halere, mahai gainean. Bidea hori dela uste du. Eta, batez ere, ezintasuna duten emakumeei dagokiela beren erabakien ardura hartzea. “Eragile aktibo bilakatu behar dugu”. Auzitan jartzen dituztenen jarrera agerian utzi du; agerian, halaber, gehiegizko babesa behar dutela uste dutenena. Bazterketen aurka altxatzeko prest da.