E. Elizondo
Edurne Jauregi da Cocemfe elkarteko kudeatzaile, eta argi du beren lana zein den: ezintasunen bat duten emakumeak laguntzea; haiekin batera egitea urratsak ahalduntzeko bidean. Badaki zaila dela, baina ezinbertzekoa ere bai.
Lanak ahalduntze prozesuan laguntzen du?
Gure gizartean, lana da bazter ez gelditzeko giltza. Langabeziak gogor jotzen du ezintasunen bat dutenen sektorea, eta are gehiago emakumeak badira. Zaila da ezintasunen bat duten emakumeentzat lan merkatuan sartzea, anitzetan, bertzeak bertze, formakuntza eskasa dutelako. Gure lana da emakumeoi tresnak ematea, gaitasunak eskura ditzaten, ahaldundu daitezen, eta lan merkatuan sartzeko urratsa egin ahal izan dezaten.
Zaila da?
Bai. Baina hasi gara azken hamar urteotan egin dugun lanaren emaitzak jasotzen. Enpresekin egin dugu lan, adibidez, eta lortu dugu zenbaitek gurekin bat egitea. Legeak ere hasi dira bide bat markatzen, eta ezarri dute kontratuen %2 ezintasunen bat dutenei egiteko beharra. Zerbitzuen arloan, batez ere, hainbat enpresak bideratzen dizkigute beren lan eskaintzak; garbiketaren esparrukoak dira, batez ere.
Emakumeak dira nagusi esparru horretan; prekaritatea nagusi den arlo bat ere bada.
Egia da. Argi dago emakumeok muga anitz ditugula, oraindik ere, lanaren esparruan, eta are gehiago ezintasunen bat dutenek. Ezintasunen bat duten emakumeek, gainera, estigmari egin behar diote aurre, oraindik ere.
Administrazioak zer lan egiten du?
Lehendabiziko aldiz, aurten, Nafar Lansarek lan zehatz bat eginen du ezintasunen bat duten pertsonak artatzeko eta aholku emateko. 70.000 euroko diru saila zehaztu dute, lau urtez, mila inguru pertsonarentzat. Bada zerbait, baina ez da nahikoa. Bertze hainbat arlotan ere administrazioak ez du deus egin.
Zer arlotan, adibidez?
Indarkeria sufritu duten emakumeen kasuan, adibidez. Ahalduntzea lantzeko programak egin genituen lan esparrukoak antolatu aurretik, eta konturatu ginen ezintasunen bat duten emakume anitzek pairatzen zutela indarkeria. Ikerketa egin genuen, eta datuak kezkagarriak dira. Agerian gelditu zen ezintasunen bat duten emakumeek denbora luzeagoz sufritzen dutela indarkeria; intentsitate handikoa izaten dela, gainera; eta, anitzetan, indarkeria hori da ezintasuna eragiten duena. Egia da legeak jasotzen duela, zehazki, ezintasuna duten emakumeen auzia, baina, praktikan, Nafarroako Berdintasunaren Institutua ez da deus egiten ari. Ezinbertzekoa da, ordea, arlo horretan lan egitea, kontua baita ezintasuna duten emakumeak ez direla ailegatzen ari dauden baliabideetara.
Zergatik ez?
Gure tailerretan ikusi genuen parte hartu zuten emakumeen erdiek indarkeria sufritu zutela, baina haietako anitz, hasieran, ez ziren gai egoera hori identifikatzeko. Gero, kontuan hartu behar dugu emakume anitz indarrez tratatzen duen horren mende bizi direla, eta pertsona hori salatzea ez da erraza. Beraz, hagitz garrantzitsua da indarkeria identifikatzeko eta, batez ere, arazoari aurrea hartzeko lan egitea. Emakumeon ondoan egonen gara; ahalduntzen eta autonomia lortzen laguntzeko.