Zientziak euskaraz ere egiten baitu

Zientziak euskaraz ere egiten baitu

Kattalin Barber

Euskal Herri osoko ikerlari gazteen bilgune izanen da Iruñea datorren astean. Udako Euskal Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak Ikergazte: nazioarteko ikerketa euskaraz izenburuko bigarren kongresua eginen dute, hilaren 10ean, 11n eta 12an. Prest dute egitaraua, eta ikertzaileen arteko sareak ehundu nahi dituzte, euskaraz ikertzen duten gazteak harremanetan jarriz eta haien lanak plazaratzeko erakustokia izanez.

NUPeko Sario eraikinak hartuko du, hiru egunez, euskal komunitate zientifikoa. Egitarau akademikoari dagokionez, lau saio mota egongo dira: hitzaldi orokorrak, ahozko komunikazioak, posterrak eta tailerrak. “Ikerlari euskaldunen ikusgarritasuna areagotzea, haien arteko ezagutza sustatzea, eta euskarazko zientzia produkzioa areagotzea dira kongresuaren asmoak”, azaldu du Edurne Koch UEUko Nafarroako arduradunak.

Pixkanaka lekua egiten ari da euskara ikerketaren arloan, eta hori erakutsi nahi dute kongresuaren bidez. 140 ikerlan inguru jaso dituzte, eta, lan horiek aztertu eta gero, 125 aurkeztuko dira jendaurrean. “Pentsatzen genuen ikerlari gutxiago erakarriko genituela, baina aurreikusten genituen kopuru guztiak gainditu ditugu, eta horrek erakusten du ikertzaile gazte euskaldunak badaudela eta, gainera, euskaraz lan egin nahi dutela”, esan du Kochek.

Balioa eman nahi diete euskaraz ikertzen ari direnei, eta asmoa da diziplina anitzetan —giza zientzietan, gizarte zientzietan, zientzia zehatzetan, teknologian, arkitekturan edota osasunean— jarduten duen nazioarteko ikertzaileen komunitate euskalduna ikusgai izatea. “Normalean, euskaraz lanean diharduten ikerlariak sakabanatuta egoten dira, eta diziplina bakoitza bereari so egon ohi da. Hori saihestu eta zubiak eraiki nahi ditugu”, esan du.

Kochek adierazi duenez, saio zientifikoetan jasotako lanen artean hautatutako eta arlo guztiak ordezkatuko dituzten lanen aurkezpenak izanen dira, bai ahoz aurkeztuta, bai poster formatuan ere.

Laurence Tresse astrofisikariak, Jose Ramon Etxebarria fisikariak, Arkaitz Carracedo biologia molekularreko ikertzaileak eta hizkuntza gutxituetako aditu Elin Haf Gruffydd Jonesek parte hartuko dute hitzaldi nagusietan. Horrez gain, kongresuan parte hartuko duten ikertzaileen arteko harremanak saretzeko mintegiak eta saio osagarriak izanen dira.

Kongresua hiru egunekoa izanen da, barnetegi moduan, “parte hartzaileen elkar ezagutza errazteko asmoz”. Bertso afari ilustratua, Ezkabarako txangoa eta Iruñean zeharreko ibilaldia eginen dituzte gazteek, besteak beste.

Indar handia Nafarroan

Orain dela bi urte izan zen Durangon Ikergazteren lehen aldia, eta, izan zuen arrakasta ikusita, bi urtetik behin antolatzea erabaki zuten. “Aurtengo bigarren edizioa antolatzen hasi ginenean, argi genuen Nafarroan izan behar zuela, eta joan den urtean elkarlan hitzarmena sinatu genuen Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin; aukera ezin hobea zen Iruñean antolatzeko”, azaldu du Kochek. Indar handia jarri du UEUk azken bi urteotan Nafarroan, eta horren ondorio da Ikergazte Iruñean antolatzeko urratsa egitea.

Haritz Iribas ikertzaile gazteak bigarren aldiz parte hartuko du kongresuan. NUPen ari da doktoretza egiten, komunikazio optikoen inguruan. Gogora ekarri du Durangoko lehendabiziko kongresua, eta “esperientzia baikortzat” jo du. “Ikergaztek aukera eman zidan lehendabiziko aldiz egiten dudan lana euskaraz aurkeztu ahal izateko, eta nik hori asko estimatzen dut”, esan du ikerlariak.

Egitasmoak ikertzaileentzat duen garrantzia azpimarratu du Iribasek, eta, aurten, batzorde dinamizatzailean aritzeaz gain, bere lana aurkeztuko du poster saioen bidez. “Aukera ona da beste jende batek egiten duen lanaz ikasteko, ideiak garatzeko, eta etorkizunean elkarrekin lan egiteko aukera ere ematen digu. Ez bakarrik ikerketa akademikoan; lan merkatuari dagokionez, ate asko irekitzeko aukera ematen du Ikergaztek ere, euskal ikerlarien sarea sortuz”.

Azkenaldian, hain zuzen, ikerketa munduan euskarari gero eta garrantzi handiagoa ematen ari zaiola uste du Iribasek. “Erakusten ari da, bizitzako beste arlo guztietan bezala, euskarak baduela presentzia ikerketan ere”. Horren lekuko izanen da Iruñea datorren astean, hiru egunez, euskara erdigunean jartzeko aukera baita Ikergazte kongresua. Euskaraz jarduteko, eta zubiak eraikitzeko urratsak egiteko ikertzen ari diren zientzialari gazteen artean.