Elkartasunak ez du etenik

Elkartasunak ez du etenik

Kattalin Barber

Mundura etorri aurretik sortu zitzaizkion Aiorari osasun arazoak. Kardiopatia batekin jaio zen, eta bihotzeko arazoak ebakuntza bat baino gehiago egiteko beharra eragin zuen. Denbora luzez egon da ospitalean, baina aurrera egin du Aiorak. Hirugarren ebakuntza, hala ere, “atakarik larriena” izan zen. Ebakuntza sinplea izan arren, arazoak izan zituzten, eta Aiorari bihotza gelditu zitzaion 20 bat minutuz. Horren ondorioz, garun paralisia du orain Aiorak. Ate guztiak jo ditu familiak, halabeharrez, eta Kubatik iritsi zaie, azkenean, albiste pozgarria. Hala, behar duen tratamendua finantzatzeko, eta Kubako bidaia ordaintzeko, hain zuzen ere, egun osoko jaialdia antolatu dute, biharko, Lizarran: Ega Fest (Eutsi gogor, Aiora).

“Aukera handia du Aiorak hobetzeko, eta itxaropena dugu. Sei urte bete arte burmuina ez da garatzen, eta denbora hau baliatu behar dugu guztia egiteko”. Maialen Zabalbeaskoaren hitzak dira, Aioraren amarenak. Hiru urte ditu egun haurrak; harenganako elkartasunak ez du etenik. Haren bizi kalitatea hobetu eta haren garuneko mina arindu ahal izateko, hamaika kanpaina eta ekintza egin dira azken hilabeteotan. Handiena, halere, biharkoa izanen da: besteak beste, Esne Beltza, Zea Mays, Mikel Urdangarin eta DJ Elepunto izanen dira Lizarran, Aiora laguntzeko prest. “Kalkulatu dugu 25.000 euro inguru beharko ditugula tratamendua ordaintzeko, ostatu hartzeko eta hegaldiak pagatzeko”, esan du Zabalbeaskoak.

Habanako CIREN neuroerrehabilitazio zentrora joan nahi du familiak, osasun sistema publikoak Nafarroan ez duelako bermatzen Aiorak behar duen tratamendua. “Ez da nahikoa. Horrelako osasun arazo bati aurre egitea gastu izugarria da, eta gizarte segurantzak ez digu eskaintzen. Hemen dagoena eskasa da Aioraren garapenarentzat”.

Astean hiru egunez fisioterapia eskaini diote Aiorari, baina egunero behar du, eta baita logopeda eta hidroterapia ere. Horregatik, arlo pribatura jo behar izan dute, eta Iruñeko klinika batean jasotzen du, astean hirutan, behar duen tratamendua. “Baina egunero behar du hori, eta ez dugu behar dugun dirua ordaintzeko; Kuban tratamendu hori eskaintzen digute, hilabete eta erdiz, egunean bost orduz”, azaldu du Zabalbeaskoak. Ondorioz, argi izpi bat da Aioraren amarentzat Kubako klinika.

Kubako CIREN neuroerrehabilitazio zentroaren tratamendua finantzatzeko, 2.000 sarrera saldu behar dituzte, eta egun osoko egitaraua osatu dute biharko. Esne Beltza, Zea Mays, Mikel Urdangarin eta DJ Elepunto ariko dira taulan, Lizarrako ikastolan, 19:00etatik aurrera. Goizean, berriz, askotariko jarduerak izanen dira Santiago plazan. 12:00etatik 14:00etara puzgarriak eta eskalada murrua egonen da gaztetxoentzat. Herri bazkaria antolatu dute geroko, eta, horren ondotik, ipuin kontaketa Ines Bengoaren eskutik. “Urduri gaude dagoeneko, baina oso pozik lortu dugunarekin”. Telmo Iruretak eta Haritz Morrasek bakarrizketa saioa eginen dute 17:15ean. Egun oso berezia izanen dela ez du dudarik Zabalbeaskoak, eta eskerrak eman dizkie jaialdia antolatzeko lanetan laguntzen aritu eta ari diren pertsona guztiei.

Izan ere, Aiora jaio zenez geroztik honako bidea ate-joka ibiltze bat izan da gurasoentzat, baina, egoeraren gordinetik izanda ere, pozik daude elkartasunaren atea zabal-zabalik ireki zaielako. “Lizarrako erantzuna izugarria izaten ari da”. Herriko Denendako kooperatiba aipatu du Aioraren amak. “Haien laguntzarik gabe, jaialdi hau ez litzateke posible izanen. Herri eta inguruko jende asko batu da, ezagunak eta ezezagunak. Izugarria da”, azaldu du. Bihar, 150 boluntariok baino gehiagok parte hartuko dute jaialdian. Horrez gain, zero ilara deitutako sarrerak egonen dira. Hau da, jaialdira joan ezin baina Aiorari lagundu nahi dionak aukera izanen du zero ilara izeneko txartelak erosteko.

Hobera egin du Aiorak azkenaldian, eta etxetik eskolarako pausoa ere eman berri zuen orain dela hilabete batzuk. “Garun paralisia dutenak asko hobetu daitezke, baina hemen ez digute eskaintzen tratamendu egokirik, eta segimendua behar dute. Gauza asko lor daiteke, baina, zoritxarrez, ezin dugu hemen artatu”.

Elkartearen babesa

Garuneko kaltea jasan duten adingabeen familiek Hiru Hamabi elkartea osatzen dute, eta egiten duten lana goraipatu du Zabalbeaskoak: “Burmuinean kaltea izan duten haurrek behar duten tratamendua sare publikoan jasotzea da haien helburua, eta borrokan ari dira”. Horrez gain, beharrezkoa ikusten du haurren inguruko pertzepzioa aldatzea. “Behin baino gehiagotan esan didate niri horrelako haurrekin ez dagoela ezer egiterik. Baina hori ez da horrela, behar bezalako tratamendua jasotzen badute. Osasun publikoak bermatu beharko luke hori”. Horregatik ere, bihar Lizarran ospatuko den jaialdian, sentsibilizazioa eta kontzientziazioa jorratuko dituzte.

Tapoiak bilduz hasi zuen Aioraren familiak haurrarentzat behar zuen laguntza lortzeko bidea. Joan den urtean, gainera, futbol partida bat antolatu zuten Lizarran, eta lortutako 3.000 euroekin Aiorarentzako gurpil aulki bat erosi ahal izan zuten. “Jendearen ekinaldiak izan dira guztiak; laguntza eskaini digute, eta zinez eskertuta gaude”. Aiora jasotzen ari den babesak ez du etenik izan, eta, bihar ere, babes eta elkartasun horren erakustaldia eginen dute Lizarran, zalantzarik gabe. Familia osoa Kubaraino eraman nahi baitu Ega Fest jaialdiak.