Edurne Elizondo
Tuteran eginen dute Landazuria-Ekologistak Martxan taldeko kideek 2016ko Ingurumen saria banatzeko ekitaldia, hilaren 19an. Ebro arroko urtegiez ariko da Antonio Casas, gainera, egun horretan (Calahorra, Espainia, 1962). Itoitz eta Esa ongi aztertu ditu, eta haien segurtasunik eza agerian utzi du hainbat txostenen bidez.
Kontent sariarekin?
Bai, hagitz kontent. Kezkatzekoa litzateke BBVA fundazioak edo Endesak saritzea, baina jasoko dudan honek erakusten dit bide onetik ari naizela edo ari garela arlo honetan lanean ari garenok. Ez naiz ni bakarrik, eta uste dut saria denentzat dela. Antonio Aretxabala, Pablo Alvarez, Iker Aramendia eta bertze anitz aipatuko nituzke.
Itoizko arriskuez ohartarazi zenuen, baina aurrera egin zuten lanek, eta egun beteta eta martxan da. Gogorra izan da?
Bai. Ikuspuntu profesional batetik, hagitz gogorra izan da, arriskua ez baita desagertu. Hori da okerrena. Itoitzek, finean, erakutsi digu Ebroko Ur Konfederazioak nola egiten duen lan; erakunde horrek hagitz jokabide krudela erakutsi du Itoizko eta inguruko herritarrekin. Zigortu nahi izan ditu. Mendekua izan zen ur azpian gelditu behar zuten etxeak behera botatzea. Erantzuleak, gainera, saritu egin dituzte.
Itoizko urtegiko obren arduradun izandako Raimundo Lafuenteri buruz ari zara?
Bai. Orain, bera da Ebroko Ur Konfederazioko presidente. Saria jaso du egindako lanagatik. Horrela funtzionatzen du erakunde horrek. Ikaragarria da. Urteotan aukera izan dut Ebroko arroko bertze hainbat proiektu ezagutzeko, eta, oro har, lan egiteko modu bera antzeman dut: lardaskeriak egiten dituzte, herritarren eta kanpoko adituen iritziak kontuan hartu gabe. Antza, axola dien gauza bakarra obrak dirua mugitzeko makina bilakatzea da.
Itoitzen zein da egoera orain?
Iruditzen zait Ebroko Ur Konfederazioaren asmoa dela erakustea Itoizko urtegiaren auzian ez dagoela atzera egiterik. Nafarroako ubide osoa martxan jartzen dutenean, nola erranen dute Itoizko urtegia arriskuan dagoen pieza hagitz ahula dela? Pentsatzen dut azpiegiturari eusteko behar den guztia eginen dutela. Gauza bera ari dira egiten Esarekin. Baina Itoitzen kasuan are larriagoa izan da, existitzen ez ziren beharrak sortu dituztelako. Esan ere ez dago urtegia handitzeko beharrik, egia erran. Baina Itoizkoa ikaragarria izan da, hasieratik.
Gardentasunik eza izan da nagusi.
Hala da. Uste dut sasoi erdi garden bakarra izan genuela Cristina Narbona Espainiako Ingurumen ministroa izan zenean. Baina ez zuen luze iraun. Narbona zegoenean baino ez ditugu konfederazioko arduradun teknikoak ikusi kezkatuta eman behar zuten informazioari buruz. Orain, udalen batek presioa egiten badu, Zangozakoak bezala, informazio apur bat jasotzen du, baina, bertzela, deus ere ez. Sentsazioa da edozer gauza egin dezaketela, argi dutelako ez zaiela deus gertatuko. Hori da, antza, administrazioaren lan egiteko modua.
Oraindik bada Esa handitzeko proiektua baztertzeko aukera?
Bai, bada. Uste dut hainbat asmok bat egiten dutela obraren arduradunen artean. Iruditzen zait uste zutela eskuin hegaleko mugimendua gelditu eginen zela presako horma handitzearekin batera. Baina argi dago ez dela hori gertatu. Urbanizazioak hustu behar izan dituzte. Uste dut ez dutela onartu nahi obrarekin kritiko izan garenok zuzen ginela, eta pentsatzen dutela horma berria handituz jarraituz gero lortuko dutela hegaleko mugimendua gelditzea. Haiek sortu dute arriskua; arrisku horri aurre egiteko obrekin aurrera jarraitzen dute, baina onartu gabe haiek direla arrisku horren erantzuleak. Erabateko arduragabekeriaz jokatu dute.
Arriskua ez da desagertu?
Ez. Arriskua hor dago. Zerbait gerta daiteke, baina kontua da ez dakigula noiz. Dena den, arriskua hor dago, eta ezin dugu onartu.
Konfederazioak txosten batean jaso ditu Zangoza aldean egin nahi duten Muga meategiak urtegian eraginen lituzkeen arriskuak; urtegiak jada dituenak ez ditu onartu nahi, ordea.
Hala da. Bitxia iruditu zait meategiari buruzko txosten hori. Haiek eragin dituzte arriskuak, eta bertzeenak jartzen dituzte mahai gainean. Meategia martxan jarri nahi duen enpresari eskatu diote, adibidez, sismikotasuna azter dezala. Ebroko Ur Konfederazioak ez du horrelakorik egin! Ezta Itoitzen ere! Harrigarria da. Ez dut zuritu nahi meategia egin nahi dutenen jokabidea, inondik inora, baina Ebroko Ur Konfederaziokoekin alderatuta, etorri berriak dira; konfederaziokoak profesionalak dira, nolabait erranda. Antonio Aretxabalaren auziak erakusten du zer botere duten; dei bakar bat nahikoa izan zen lanpostutik botatzeko, urtegiko lanekin kritiko agertzeagatik. Boterea beren esku dute, eta irabazia baino ez dute nahi. Ez dira batere kezkatzen herritarren segurtasunarekin.
Eta nola egiten ahal zaio aurre egoera horri?
Herritarrek mobilizatzen jarraitu behar dute, ez dago bertze aukerarik. Nik lehen konfiantza handiagoa nuen bide judizialak ekartzen ahal zuenarekin, baina, Itoitzen eta Esan gertatu dena ikusita, ezinbertzean jarri behar dugu zalantzan epaileen independentzia. Itoitz legez kanpokoa zela erran zuten, baina, halere, aurrera egin zuten. Gauza bera gertatu da Mularroyan [Zaragoza, Espainia]. Epaileak arrazoia eman zien urtegiaren aurka zirenei, baina ez zuen proiektua bazter utzi. Gure lana da jendeari azaltzea zer dagoen, egoera zein den, herritarrak mobilizatzeko, presioa egiteko. Espero dut noizbait ailegatzea gobernura erokeria hutsa diren proiektuok geldiaraziko dituena.
Nafarroako oraingo gobernuak presioa eginen zuela espero zuten Zangozako herritarrek. Zer iruditzen zaizu haren jarrera?
Gobernuak dio ezin duela deus egin, dena Espainiako Gobernuaren esku dagoela, Nafarroakoak ez duela eskumenik. Nik uste dut herritarrek baino presio handiagoa egin dezaketela Nafarroako Gobernuaren gisako erakundeek, eta egin beharko luketela. Jendeak ere ongi jakin behar du zertaz ari garen. Uraren inguruan demagogia egitea erraza da. Urtegiak, berez, ez dira txarrak, baina anitz daude jada. Nafarroan ubidea saldu dute giltzarri balitz bezala. Baina hemen gertatzen ari dena arpilatze handi bat da. Jendea hasia da konturatzen. Ea, behingoz, demokrazia ailegatzen den erakundeetara.
Zaila izan al da zuretzat, noizbait, borrokari eustea?
Bai. Etsigarria da, anitzetan, gertatzen dena. Ez dute deus entzun nahi. Espero dut hondamendirik gertatu behar ez izatea administrazioaren jarrera aldatzeko.