“Arazo bat ziren zuhaitz zaharrak, baina ari da aldatzen pentsaera”

“Arazo bat ziren zuhaitz zaharrak, baina ari da aldatzen pentsaera”

Kattalin Barber

Toponimiaz gain, zuhaitz zaharrak ere maite ditu Mikel Belasko hizkuntzalari eta Zuhaitz Zaharren Lagunak elkarteko kideak (Iruñea, 1967). Zuhaitz zaharren garrantziaz eta horien aberastasunaren kudeaketaz mintzatu zen atzo, Mendillorriko Civivox aretoan.

Zein irizpideren arabera sailkatzen dira zuhaitz zaharrak?

Oraindik ez dago batere argi zer izan daitekeen zuhaitz zahar bat. Ingelesek zuhaitzak sailkatzeko ahalegin handia egiten dute, baina hemen ez da egin. Izan ere, ez dute zerikusirik 100 urteko sekuoia batek eta haritz batek. Mendira joaten garenean, ohiko galdera izaten da zuhaitzen urteak jakin nahi izatea, baina oso konplexua da zuhaitz baten adina jakitea. Gainera, espezieen artean ez ezik, alde handia dago toki batetik bestera ere. Ez da berdin Baztanen hazi den edo Orbaibarren hazi den haritza. Oso zaharra dirudien zuhaitz bat ere gaztea izan daiteke. Dakienak badaki, baina zuhaitz asko ikusi eta aztertu dituelako. Edozein pertsonarentzat, zaila da.

Zein da Iruñeko zuhaitzik zaharrena?

Esan beharra dugu Iruñean, berez, ez dagoela zuhaitz zaharrik. Baina daudenen artean, Nafarroako Diputazioko sekuoia da zaharrena. 1855. urtean landatu zuten, Baztandik ekarri eta gero. Diputatu batek Iruritako jauregian zuen sekuoia. Garai horretan Ignacio Baleztenak Iruñeko arbola deitzen zion, Gernikakoarekin alderatuz. Jende askorentzat ikusgarria da, eta oraindik askok deitzen diote Iruñeko pinua. Sekuoiek 2.000 eta 3.000 urte arteko bizi itxaropena dute; hortaz, gazte-gaztea da hemen duguna. 150 urte ez dira ezer.

Zergatik ez dago zuhaitz zaharrik Iruñean?

Erromatarren garaitik Iruñea hiri militarra izan da, eta orduan indarrean zegoen agindu batek debekatzen zuen harresietatik bi kilometrora zuhaitzak landatzea, etsaien ezkutaleku izan zitezkeelako. Bitxia da, baina Iruñeko toponimian ez dira zuhaitzak ageri, bakarrik landareak. Iruñeko Ziudadela egin zutenean eta harresi berriak altxatu zituztenean, Takonera hiriaren barnean gelditu zen, eta hori baliatu zuten Iruñeko lorategirik handiena egiteko. Zumarrak ziren gehienak. 1980ko hamarkadan, hala ere, grafiosi gaixotasunaren ondorioz, ehunka hil egin ziren. Gure ondarerik zaharrena galdu genuen.

Zuhaitzek balio historiko eta kultural handia dute. Gertaera askoren lekuko izan dira Iruñekoak?

Bai. Adibidez, Nabarreria kaleari Zugarrondo deitzen zitzaion XIV. mendean. Izan ere, zumar erraldoi bat egon zen han, XVIII. mendera arte. Garai batean, Iruñeko arbolarik ezagunena izan zen. Aranzadin, beste zuhaitz interesgarri bat dago, baina gutxi dakigu hari buruz. Libanoko zedro bat da, eta hiltzeko zorian egon zen. Orain dela 50 urte, jabeak zuhaitza saldu nahi izan zuen zotzak egiteko, baina, zorionez, enpresak porrot egin zuen, eta zuhaitza salbatu zen. Edota Takonerako Kukuaren zuhaitza. Pio Baroja idazlea zumar handiaren adarretara igotzen zen, gaztetan. Albako Dukea ere Iruñea konkistatzera etorri zenean haren azpian egon zela esaten da, hiriko giltzen zain. Gertaera askoren lekuko dira zuhaitz zaharrak, eta, botanikaria ez naizenez, iraganarekin lotzea gustatzen zait. Gertaerak gogora ekartzeko ahalmena dute zuhaitzek, eta hori baliatu behar dugu.

Zer egiten duzue Zuhaitz Zaharren Lagunak elkartean?

Batetik, lan zientifikoa, eta, bestetik, dibulgaziozkoa. Nafarroan, 52 zuhaitz monumental daude, baina badakigu horiek bezalako beste ehunka daudela, eta ez dute inolako babesik. Horiek guztiak katalogatzea da gure lana, eta, bestetik, horiek ezagutaraztea. Hala ere, kontu handiz ibili behar dugu. Gertatu izan da zuhaitz zahar batzuk modan jartzea eta, horren ondorioz, jendea asko hurbiltzea ukitzera eta besarkatzera. Besarkada horiek, urtez urte gertatzen badira, kasu batzuetan hil egin ditzakete zuhaitzak, sustraiak zanpatzen dituztelako. Ingelesek zuhaitz ehizak egiten dituzte, eta, oharkabean, zuhaitz izugarriak harrapatzen dituzte. Oso zaleak dira, eta gustatuko litzaidake hemen horrelakoak antolatzea.

Nola kudeatu daiteke zuhaitz zaharren aberastasuna?

13 zuhaitz inguru daude babestuta Iruñean, baina zuhaitz zaharrek arazo handi bat dute hirietan. Hazteko duten moduagatik, arriskutsu bilaka daitezke pertsonentzat. Adarrak galtzen dituzte, eta zuloak izan ohi dituzte. Hortaz, udalak badu erantzukizuna zerbait gertatzen bada. Zaila da kudeatzea. 80.000 zuhaitz inguru daude Iruñean, eta gehienak orain dela 50 bat urte landatu ziren, Iruñea handitu zenean. Orduan, ez ziren baldintza asko kontuan izan, eta, egun, arazoak daude, asko hazi direlako.

Espezie askoren bizitoki ere badira zuhaitz zaharrak…

Zomorro batzuk izan dezaketen habitat bakarra dira zuhaitz zaharrak. Onddoen eta likenen bizilekua ere badira, bai eta zenbait hegazti espezierena ere. Ekosistema oso bat lekutzen dute, eta hainbat espezieren bizitoki eta babesleku dira. Horrek ematen die garrantzi berezia. Kontua da, Iruñean zuhaitz zaharrak ez daudenez, bestelako bideak bilatu behar direla animalia horiek babesteko. Horregatik, hainbat zuhaitzetan kutxa beltzak paratzen dituzte saguzarrentzat eta apo hontzentzat. Orain arte arazo bat ziren zuhaitz zaharrak, baina pentsaera aldatzen ari da. Bio-aniztasunerako oso garrantzitsuak dira. Horretaz konturatu, eta, orain, hainbat zuhaitz hilda egon arren, tokian bertan uzten dituzte, onak direlako.