Edurne Elizondo
Ubarroi handia aspalditik dute jomugan arrantzaleek. Hegaztion dieta da, haien ustez, animalia hori etsaitzat hartzeko arrazoia: amuarrainak jan, eta ibaiak hustea egotzi diete, hain zuzen ere. Ubarroiak uxatzeko baimenak lortu izan dituzte administrazioaren eskutik, tesi hori abiapuntutzat hartuta. Jesus Mari Lekuona biologoak, ordea, hutsean utzi du. Urte luzez ikertu ditu hegaztiok, eta jendaurrean agertu nahi izan du, orain, haien alde.
Nafarroan arrantza egiteko 23.400 lizentzia inguru badira. Baimen horien jabeek kirol jardueratzat dute arrantza, eta, ondorioz, beren jarduera horren ikuspuntutik, aurkari gisa hartzen dute ubarroi handia: haiek harrapatu nahi dituzten amuarrainak jaten dituztelako hegaztiok, haien ustez. Lekuonak zientzia baliatu du arrantzaleok zabaldu duten mezu horren aurka egiteko. Izan ere, ubarroi handiei buruz egin zuen tesia, eta, hamar urtez Nafarroako ibairik garrantzitsuenetan egindako ikerketaren bidez, baieztatu ahal izan zuen hegaztiok, nagusiki, bertakotzat jotzen ez diren arrain espezieak jaten dituztela. “Amuarrainen eta izokinen populazioei buruz egin ditudan bertze hainbat lanetan ere agerian gelditu da puntuala dela hegaztiok espezie horiengan izan dezaketen eragina”, erantsi du biologoak.
Hagitz kritiko agertu da Lekuona arrantzaleen jokabidearekin. Salatu du hil izan dituztela ubarroi handiak eta lertxunak. Ubarroi handia ehizatzeko espezieen zerrendan sartzeko eskatu izan diote arrantzaleek Nafarroako Gobernuari, behin baino gehiagotan, gainera. Ez dute hori lortu, baina Lekuonak berretsi du aurkitu izan dituztela hildako hegaztiak.
Gurelur talde ekologistak bat egin du Lekuonaren salaketa horrekin, eta Argan tiroz hildako ubarroi handi baten berri eman du, berriki. Lekuonak egindako lanaren garrantzia nabarmendu du Gurelurrek, eta, ikuspuntu ekologista batetik, ubarroi handiak bertakoak ez diren espezieen kontrolean laguntzen duela erantsi du.
“Azken urteotan, munduko hamaika txokotako arrainak ekarri dituzte arrantzaleek gure ibaietara, gero arrainok harrapatzeko asmoz; Nafarroako Gobernua ez da deus egiten ari horren inguruan, eta arrantzaleek uste dute ibaien jabe direla”, salatu du Gurelurrek. Ekologistek argi dute ubarroi handiak ez direla amuarrainen gainbeheraren erantzule. “Uraren kutsadura eta ibaiertzetako ekosistemen aurkako erasoak kontuan hartu beharko genituzke, kanpotik ekarritako espezieen eraginarekin batera, bertzeak bertze”.
“Arrantzaleentzat, beren amuarrainen aurkako edozer gauza da txarra, eta jarrera horren biktima dira ubarroi handiak”, erran du Lekuonak. Ez hori bakarrik: “Ematen du faunak ez duela eskubiderik egoteko, bizitzeko, atseden hartzeko edo jateko arrantzaleek beren jarduera garatzeko erabiltzen dituzten ibaietan”, gaineratu du biologoak.
Lekuona 1994. urtean hasi zen ubarroi handiari buruzko bere tesirako ikerketa lana egiten. Geroztik, bertze hamaika lan egin ditu, eta hemengo eta nazioarteko zenbait aldizkaritan argitaratu ditu jasotako datuen eta ateratako ondorioen inguruko artikuluak. “Ikerketa egiten hasi nintzenean, bertakoa ez den espezie bakarra zegoen ubarroi handien dietan, perka amerikarra, alegia; 1997tik, nabarmen egin zuen gora kopuruak, eta bertakoak ez ziren bederatzi espezie jaten zituzten, ordurako. Hau da, espezie horiek dietaren %5 ziren hasieran, eta %96, berriz, 1997tik aurrera. Oro har, ubarroi handien eragina positiboa da”.
Amuarrainen egoeraz
1990eko hamarkadaren hasieratik badira amuarrainen populazioari buruzko datuak, Nafarroan. 1992tik, hain zuzen ere, animalion egoerak okerrera egin duela erakutsi dute estatistikek. 2015ean, 1.183 amuarrain zenbatu zituzten hektarea bakoitzeko, herrialdeko ibaietan. 1992tik, 2015eko kopuru hori izan da baxuena, hain justu. Iaz egoerak hobera egin zuen, baina ez behar bezainbertze. Ondorioz, arrantzaleen jarduera ere mugatu behar izan du administrazioak azken urteotan.
Hainbat faktore hartu behar da kontuan azken urteotako garapen hori azaltzeko, bertzeak bertze, ibaien uraren kalitatea, ibaiertzetako ekosistemen osasuna, ibaian arrainek gainditu behar dituzten oztopoak, eta abar. Zentral hidroelektrikoen ondorioz, adibidez, presek mugatzen dute arrainon bidea. Beran, jada erabiltzen ez ziren hainbat botatzen hasi dira, ibaiak berezko bidea berreskura dezan. Arrantzaleak horren aurka ere agertu dira, izokinak harrapatzeko putzuetako bat galdu dutelako.
Irudia: Jesus Mari Lekuona