Kattalin Barber
Txinparta elkartea 1988. urtean hasi zen omentzen Ezkabako ihesaldian parte hartu zuten presoak, eta ordutik hona ez dute behin ere huts egin. Joan den igandean, ehunka lagun elkartu ziren Iruñe ondoko Ezkabako gotorlekuan, urteroko omenaldi beroan. Duela 79 urte gertatu zen. 1938ko maiatzean, 795 presok egin zuten ihes Ezkaba mendiko espetxetik, baina hiruk bakarrik lortu zuten Ipar Euskal Herriraino heltzea. Gainontzekoak atxilotu edo fusilatu egin zituzten.
Hil zituzten presoak ez ezik, espetxe horretan izan ziren preso guztiak ere gogoan izan dituzte Ezkaban. 1934tik 1945era, 7.000 preso inguru egon ziren, hain justu. “Orain arte, 6.000 preso inguru zeudela uste genuen, baina agiri gehiago aurkitu ditugu, eta zifra handitu egin da”, azaldu du Koldo Pla Txinparta elkarteko kideak. Argi du oraindik asko dagoela egiteko, baina ontzat jo du orain arte lortutakoa: “Orain lortu dugu halako ikuspegi orokor bat gertatu zenari buruz, eta historia argitzen jarraituko dugu, lanean”.
Agiritegietan Ezkabarekin lotutako dokumentu bila ari dira, adibidez. “Heriotza agiriak aurkitu nahi ditugu; senideekin harremanetan jartzea, halaber, oso garrantzitsua da. Ikertzen dugun guztia senideei eskaintzen diegu, historia borobildu nahian”. Gutxika-gutxika, datu berriak azaleratzen ari dira, lan horren ondorioz.
Gazteen parte hartzea nabarmendu du Plak. Txinparta elkarteak gazte talde bat osatu du, hain zuzen ere, Txinparta Gaztea izenekoa; gazteen elkarteko hainbat kidek ere parte hartu zuten joan den igandeko omenaldian. Memoriaren transmisioaren gainean lanean ari da talde hori, zehazki. “Memoriari eutsi behar diogu, eta, horretarako, ezinbestekoak dira gazteak”, aitortu du Plak. Berriki, adibidez, Botilen hilerritik izenburuko bideoa egin dute gazteok, eta interesa “gero eta nabarmenagoa” dela argi du Plak. Hainbat eskolatako ikasleekin, gainera, txangoa egin dute Ezkabara; belaunaldi berriei han gertatu zenaren berri ematea da asmoa.
Fusilatuen lau senidek ere parte hartu zuten igandeko omenaldian, eta, urtero bezala, botilak ikur bihurtu ziren presoen aldeko ekitaldian. Izan ere, espetxean hildako ehun pertsona baino gehiago hilobiratu zituzten, eta, ondoan, botila batean sartuta, haiei buruzko datuak jarri zituzten. Egindako lore eskaintzan, ondorioz, Nafarroatik eta beste hainbat tokitatik bertaratu ziren gonbidatuek botila bana eraman zuten igandean ere, eta haiek idatzitako mezu edo olerkiren bat gorde zuten ontziotan. Erdigunean kokatu zituzten botila guztiak, eta, amaieran, botila bana hartu zuten; ez nork berea, baizik eta beste norbaitek eramandakoa. “Mezuen trukea momentu berezienetako bat da”.
Udan, auzolandegia
Udan, botilen hilerriak gazteen bultzada izanen du. Nafarroako Gobernuak antolatuta, gazteentzako nazioarteko auzolandegi bat izanen da. 1940ko hamarkadan gaixotu eta hil ziren errepublikanoen gorpuak dira hilerri horretan; 131 presoren arrastoak gordetzen ditu kanposantuak. Abuztuan, hormak sendotu, konpondu eta hilerria txukuntzeko kanpaldia eginen dute. Guztira 25 toki ditu, eta horien erdiak nazioartetik etorriko direnentzat izanen dira, hain justu.
Ez da hori izanen Nafarroako Gobernuak antolatutako jarduera bakarra. Ezkabako ihesaldia gogoratzeko eta parte hartu zutenak omentzeko, Ezkaba izenburuko programa zabala aurkeztu berri du. Besteak beste, iheslariek mendiko ibilbide luze baten bidez (GR) askatasuna lortzen saiatzeko egin zuten bidea berreginen dute; liburu bat aterako dute, halaber, eta presoen inguruko emakumeen eginkizuna eta Iruñeko emakumeenganako elkartasun harremana erakusten duen erakusketa ere antolatuko dute.
Egokitzat jo ditu Plak gobernuaren asmoak, baina kexu da ez direlako elkarlanean aritu. “Jendaurrean aurkeztu baino lehen gurekin partekatu izana aberasgarriagoa izaten ahal zela uste dugu”.
Horrez gain, Aranzadi elkartearen laguntzaz iaz abiatutako bidean, Ezkabatik ihes egindakoen arrastoak bilatzen jarraituko du gobernuak, gorpuzkiak ateratzeko lanak egiteko asmotan. Apurka-apurka sakabanatuta dauden gorpuzkiak aurkitu eta hobitik ateratzen ari da, identifikazio lanetarako. Joan den apirilean, Ezkabatik ihes egindako sei presoren hilotzak aurkitu zituzten Burutain inguruan. “Oraingoz, 30 hilotz inguru aurkitu ditugu”, nabarmendu du Plak. “Gauza asko lortzen ari gara ikerketen bidez; gehiago nahiko genuke, baina egindakoa inportantea da”.
Omenaldiak eta ikerketak egin ez ezik, memoria historikoari buruzko liburuak argitaratu ere egiten dituzte Txinparta elkartean. Aurten, urteurrenarekin batera, bi liburu eta poema liburu bat aurkeztu dituzte. La represión y las luchas por la memoria en Argentina y España da horietako bat, preso horietako baten Argentinako senide batek idatzia: Julieta Olasok. Bestalde, Benan Oregik Zutik ozta-ozta nator liburua idatzi du, bere aitonak espetxetik idatzi zituen gutunen inguruan. Hirugarren lana Será grana la lluvia da, Plak berak idatzitakoa; memoriaren inguruan jaso dituen poema guztiekin osatu du.
Nafarroako hiriburua babesteko sortu zuten Ezkabako gotorlekua, baina 1934an kartzela bilakatu zuten. Uste dute 7.000 preso inguru izan zirela han, 1945. urtean itxi zuten arte. 1936ko gerran izan zuen preso gehien, frankistek Nafarroa menderatu ostean. Munduko ihesaldirik handienetakoa izan zen Ezkabakoa, eta, duela 79 urte jazotakoa ez ahazteko, dozenaka lagun ari dira lanean. “Iragana ezagutzeko eta gertatu zenaren berri emateko beharra dugu”.