Jon Barberena
Denborak ez du denborarik galtzen, baina galbidera garamatza. Denborarekin amaren bularra edo esnezko hortzak galdu genituen, eta beldur naiz eskualdeko esnea eta esnezko behiak ere ez ote ditugun galduko. Danonek ez die Nafarroako mendialdeko zazpi nekazariri esnerik biltzen aurtengo apirilaren 1etik. Urtetan litro andana ekoitzi dute Danonerendako, baina jakinarazi die apirilaren 1etik aitzinera ez diela esne gehiago bilduko. Arrazoiak edo aitzakiak tartekatu ditu arrazoitu ezin den ekintza arrazoitzeko: esnea soberan duela, urrun daudela edo garraioa garesti dagoela. Nekazari batzuek urtetan Danonek eskatutako inbertsioak egin dituzte, baina bat-batean, aitzakiak ahoan eta inongo errukirik gabe, bizkarra eman die. Hitzezko pertsonak nonbait!
Mendiak zainduak nahi ditugu, berdeak eta sasirik gabekoak. Dolores Redondoren liburua besapean eta txantxigorria ahoan duen turista erakarri eta liluratu dadin. Ohartu gabe, mendien mantentze lana nekazari ttipiaren esku gelditzen dela. Baina ba ote dakigu duela 30 urteko prezio berean saltzen dutela gaur egun esnea? Caparroson 5.000 buruko ustiategi bat egin zutela, eta Sorian 20.000 buruko proiektua martxan paratu nahi dela?, aitzinera eramanez gero 20.000 behi horiek urtero 240.000 tona esne ekoitziko dutela, Hego Euskal Herrian egiten denaren %60 guti goiti-beheiti?
Argi dago industria eta banatzaile erraldoien eredua indartu nahi dela. Bidenabar, gure nekazari ttipien lan baldintzak gogortuz doaz, eta bizirik irauteko lanak dituzte: azken 25 urteetan behi esplotazioen %80 desagertu da Baztanen. Merkatu handi eta libreak nahi ditu eredu neoliberalak, baina nekazari ttipiak, landa eremuak, produktuaren kalitatea eta kontsumitzaileon osasuna ez dira kontuan hartzen.
Esnetako behien sektoreak duen krisiari buruz solastatzeko, Baztango Udalaren ordezkaritza Kaiku kooperatibaren arduradunekin bildu zen. Danonek bizkarra eman eta gero, Kaikuk kaltea jasandako nekazarien esnea hartuko du hemendik aitzin. Berri pozgarria arras! Esne Bidea bizitoki dugun lurtar, euskal herritar eta baztandarron agintariek esneari bidea ematea ikaragarria iruditu zait. Eredugarria! Eredugarria urteetan kolpatutako lehen sektoreari bidea ematea. Maiz, eraikuntza erraldoiekin, zementuarekin edo neurririk gabeko turismoarekin obsesionaturik ikusi izan ditugu agintariak. Dirua zakuka eskuratzea izanik helburu bakarra, eta naturaren ongizatetik eta herritarren beharretatik aldendurik. Modernitatearen eta aitzinamenduaren izenean, makro eta hiper aurrizkiek bakar-bakarrik balio dutenez, zer irabaziko du herriak bizpahiru baserritarren afera konponduz gero? Landa eremu ttipietan bizitzeko modu bat, produkzio eta bilketa eredu orekatu bat, naturarekiko errespetua eta produktuaren kalitatea…
Tabernako garagardo aparretan berotutako aho handiek kritikatzen dute sarritan politikan deus ez dela aldatzen. Zertarako mugitu? Zertarako bozkatu? Hemen adibide ttipi bat erantzun gisara, baina badaude gehiago: etxebizitza hutsen alokairua bultzatzeko sinatutako hitzarmena, kultura programa aniztuna eta indartua, euskarari emandako presentzia, zerbitzuak gurera ekartzeko saiakerak eta lorpenak, Aroztegiaren kontrako jarrera irmoa… Herritarrondako eta herritarrongandik hurbil. Badugu kontent egoteko nahikoa arrazoi.