Pertsona gaitz bihurtzeko soka

Pertsona gaitz bihurtzeko soka

Edurne Elizondo

Pertsona bat zara sartzen zarenean; baina gaitz bilakatzen zaituzte. Norbait izateari utzi, eta eritasun bihurtzen zaituzte; pertsona jada ez da pertsona, eskizofreniko bat baizik”. Manuelenak dira hitzak, eta ospitaleratze psikiatrikoko unitateetan gertatzen denari buruz aipatu ditu. Nahiago du bere abizena ez erran. “Ez da erraza hitz egitea, baina bada jendaurrean agertzeko eta jarrera bat hartzeko ordua”. Mejorana elkarteko kide da Manuel; buruko gaitza dutenek egiten dute bat talde horretan. Duela urte eta erdi adimen osasun arazoak dituztenak ahalduntzeko hasitako bidean urratsak egiten jarraitu nahi dute, eta, horregatik, karrikara atera dira asteon, Iruñean, ohera lotzearen kontra direla ozen oihukatzeko.

Lehendabizikoz egin dute buruko gaitza dutenek elkarretaratze bat, Nafarroan; azken hilabeteotan Galiziako eta Asturiasko (Espainia) ospitale banatan gertatutakoa salatzeko egin dute: otsailean, Galiziako ospitale batean pertsona bat zendu zen, lotuta zegoen bitartean; apirilean, berriz, 26 urteko emakume bat hil zen Asturiasen; ohera lotuta zegoen hura ere, ospitaleratze psikiatrikoko unitate batean. “Ez dugu heriotz bakar bat gehiago gertatzea nahi”, erran du Mejoranako Josebak.

Manuelek bezala, nahiago du abizenik ez erran. Ongi daki ohera lotzea zer den. Biek dakite. Joseba bitan lotu dute. “19 urterekin krisi handia izan nuen; ez nuen sentitzen nuen sufrimendua kudeatzeko tresnarik, eta nire buruaz bertze egiten saiatu nintzen”. Ospitaleratze psikiatrikoko unitatera eraman zuen horrek. “Maitasuna eta elkartasuna bilatzen nituen, norbaitek nirekin bat egitea, eta botikak eta tortura bertzerik ez nituen aurkitu”, gogoratu du. “Unitatean dena dago profesionalen kontrolpean; jarduera batean parte hartzeari uko egin niolako lotu ninduten. Hainbat pertsona gainera etorri zitzaizkidan, eta lotu ninduten ohera. Sekulako amorrua sentitu nuen, ezintasun handia; esperientzia erabat traumatikoa izan zen niretzat. Terapeutikoa dela diote, baina ez da, inondik inora. Hunkitu egiten naiz, oraindik ere, gogoratzen dudanean”.

Konfiantza, zalantzan

Halako esperientziek buruko gaitza dutenen eta artatzen dituzten profesionalen arteko haustura ekartzen dutela nabarmendu du Josebak. “Nola izanen duzu konfiantza lotzen zaituen medikuarengan?”. Iritzi horrekin bat egin du Manuelek ere. Osatze psikosozialerako zentro batean bizi da, gaur egun. “Nire buruaz bertze egiten saiatu nintzen; ernatu nintzenean, ohera lotuta nintzen; egoera horrek benetan hilda egoteko gogoa ematen dizu. Hainbat orduz egon zaitezke, bai eta hainbat egun ere; ezin duzu hazka egin ere”, kontatu du.

Mejorana elkarteak eman dien babesa eskertu dute biek. Berdinen arteko espazio bat aurkitu dute taldean. Medikuen eta buruko gaitza dutenen artekoa, ordea, guztiz alderantzizkoa dela salatu du Josebak. “Botere harreman bat da, argi eta garbi; medikuaren erabakien menpe da gaixoa”. Mejoranaren bidez, hain zuzen ere, ahalduntzeko lana egin nahi dute elkarteko kideek. “Subjektu aktibo eta politikoak garela aldarrikatu nahi dugu”, erran du Josebak. Hitza hartu, eta beren errealitatearen berri eman nahi dute: “Ohera lotzen gaituzte hemen; terapia elektrokonbultsiboak ere erabiltzen dituzte. Gure bizitzari buruz erabakitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu”.

Elkarteak “galdutako gizatasuna” berreskuratzeko aukera ematen duela azaldu du Josebak. “Diagnostikoak buruko gaitzen ostrazismora kondenatzen zaitu; ez zara deus, ez duzu etorkizunik. Elkarteko lanak, ordea, antolatzeko aukera ematen digu; gure autoestimuak gora egiten du, eta ahalduntze pertsonal eta kolektiboa gertatzen da”.

Bide horretan egin nahi dituzte urratsak Mejoranako kideek. Eta, horregatik, buruko gaitza dutenak artatzeko moduan aldaketak gertatzea “funtsezkotzat” jo dute. Ohera lotzea eraldatu behar den sistema horren zati bat da; baina ez gogoeta piztu beharko lukeen bakarra, Manuelek eta Josebak nabarmendu dutenez. Botikei buruz ere badute zer erran. “Ez dugu erraten hartu behar ez ditugunik; baina botika gehiegi emateko joera dago, izan ditzaketen ondorioei erreparatu gabe. Batez beste, hogei urte gutxiago bizi gara”, azaldu du Manuelek.

Gauzak aldatzeko beharra nabarmendu du, halaber, Jose Antonio Intxauspe psikiatrak; Iruñeko Donibaneko adimen osasun etxeko zuzendaria da. “Profesionalen eta artatzen dituzten pertsonen arteko elkarlana bultzatuko duen eredu baterantz egin beharko genituzke urratsak; Erresuma Batuan eta Eskandinavian, adibidez, ari dira, eta emaitzak onak dira; psikiatriaren etorkizuna hor dago”.

Biologiaren ikuspuntutik garatutako egungo psikiatriaren emaitzak zalantzan jarri ditu Intxauspek. “Ez dira onak”. Aspaldiko inertzien eragina jarri du psikiatrak mahai gainean, eta profesionalek anitz agintzen dutela eta gutxi entzuten dutela erran du. “Ez da harritzekoa erabiltzaile anitzek esperientzia txartzat jo izana adimen osasun zerbitzuekin izandako harremana”.

Mejorana elkarteak egiten duen lana ezagutzen du Intxauspek, eta ontzat eta positibotzat jo du. Euskal Herrian hasi berri den mugimendu bat da beren burua antolatzea eta ahalduntzea erabakitzen duten erabiltzaileena, baina Katalunian nahiz Andaluzian eta Asturiasen (Espainia), adibidez, badute bide bat egina jada. “Zer erranik ez Erresuma Batuan edo bertze hainbat herrialdetan. Halako elkarteek on egiten diete erabiltzaileei”.

Mejoranako kideek ohean lotzeari buruz kontatu duten errealitatea ezagutzen du psikiatrak. Argi du ez dela terapeutikoa. “Inondik inora”. “Muturreko” prozeduratzat jo du, “estres handia” eragiten duena. “Lotzeak ekartzen du umiliatuta sentitzea, lotsatuta. Kontsultan baditut beren borondatearen aurka ospitaleratu izan dituzten pertsonak; aspaldi gertatu arren, ohera lotu izanak utzitako ondorioei egin behar diete aurre, oraindik ere”. Nahi ez duena ospitaleratzeko erabakiei buruz ere gogoeta egin behar dela argi du Intxauspek. “Epailearen baimena behar da, baina, zenbaitetan, mehatxu edo arrisku zuzen bat izan gabe, arrazoi klinikoengatik ospitaleratzen dituzte profesionalek buruko gaitza dutenak, eta hori arriskutsua da”.

Ohera lotzeari buruz zalantzarik ez du Intxauspek: “Txarra da; gaitz erdi izan daiteke, hainbat kasutan, baina zalantzak baditut horri buruz ere. Ulertzen dut larrialdi egoera zehatz bati aurre egiteko erabiltzea, baina, luzera, gerta daiteke lotzeak eragindakoa ere txarra izatea”.

Administrazioak helburutzat hartu beharko luke ohera inor ez lotzea, Intxausperen hitzetan. “Kasu guztietan, akaso, ezin izanen da saihestu, baina helburu hori izan behar dugu”. Hori da Mejoranak eskatzen duena. “Gure kontrako indarkeriak gure giza eskubideak urratzen ditu; jendeak jakin dezala zer gertatzen den”, erran du Josebak.