Tania Arriaga Azkarate
Gizakion artean espezie arraro asko dago, horietako bat frontalierrak gara, mugakoak, fronterizoak; auskalo zein estatutan lan egin eta beste batean bizi garenok, alegia. Hamaika egoerak eraman gaitzake mugan bizitzera. Baina zergatik ipurdia toki batean jarri eta ez bestean? Aldi oro hartzen ditugun erabaki ttikiek zein handiek hona eta hara eramaten gaituztelako. Tantaka-tantaka betetzen den edalontziarekin bezala, halako batean hor nonbaiten bete-betean gaudela ohartzen gara, diru sarrera beste nonbaiten dugun arren.
Transmugakoon aukera edo, hobeki esanda, erronka erromantikoa da, pixka bat intsumisoa, librea eta zalantzarik gabe ausarta. Dena dela, erabaki hori hartzear dagoen orok jakin beharko luke garai honek hibridotasuna ez duela sobera ongi onartzen. Trans den guztia behin eta berriz azaldu beharra dugu, gero aztertua, ikuskatua izan dadin. Diagnostikoaren emaitza, ia beti, transaren kontra eta fiskoaren alde ateratzen delarik.
Lau haizeetara, hark esaten zuen modernitate edo gizarte likidoan bizi garela. Nik, ordea, Zygmunti esan nahi nioke administrazioek, burokraziek eta sursunkordek ez dutela berak azaldutako ideia bakar bat ere ez entzun, ezta irakurri ere. Izan ere, hemen dena oso solidoa baita. Bulegarien egunerokotasunean salbuespenak deserosoak dira. Praktikotasunak markotik ateratzen dena onartzea eragozten die eta mugakook hori gara: Europako herrialdeen salbuespen administratibo nekagarriak. Frikiok ere errenta aitorpena egiteko garaia dugu. Gutako batzuk erotuko gara frantsesa ongi ulertu edo idazten ez dugulako; beste batzuk, espainolez iristen zaizkien paperak nondik hartu ez dakitelako. Lana Frantzian eta Espainian egin eta zergak muga zurruneko estatu horietako batean ordaindu behar dituzten horiek nola egin ez dute jakinen. Meritua dute erakunde publikoetan lan egitean, zergak herrialde bietan ordainduko dituztenek. Mingarria da lana galdu eta mugakoa izateagatik gertatuko zaiguna: dagokigun diru-laguntza eskatzera joan eta kartilla fronterizoa ikustean iruzurkerietan ibilitakoak garela pentsatuko dute.
Egoerak aldeko alderdiak ditu. Mugako identitatea ipar-orratz, Hego eta Ipar Euskal Herria josten ditugu. Egunerokotasunak euskaldunon kultura komuna elikatu eta, askotan, asmatzen du. Errutinarekin harreman-sarea iltzatzen dugu, gure herria errealagoa eginez. Egoera eta baldintza berriei aurre egitean, pentsamoldeak astindu eta sormen eta berrikuntzari ateak irekitzen dizkiegu.
Leihotik, Hegoaldeko gurasoen seme-alabak Iparraldeko gurasoen seme-alabekin futbolean jokatzen ikusten ditut. Hendaiako hondartzak izaera hibridodun gaztetxo eleanitzak hartzen ditu, batekin frantsesez aritzen dira, bestearekin euskaraz eta hirugarrenarekin espainolez. Mugako belaunaldi bitxi bezain ederrak dira, gure herriaren etorkizuneko jostunak. Hortaz, bozgorailu hau baliatu nahi dut gure hiru administrazioetako arduradunei eskakizun bat egiteko. Zaindu gaitzazue; paperen artean aritzeko ohitura dugun arren, laguntza pixka bat izateari ez genioke muzin eginen. Mesedez, mugako-frontalier-fronterizoentzat bulegoak ireki, paperak euskaraz idatzi guztiok dena uler dezagun. Kontuan izan estatus arraro eta hibrido hau existitzen dela, besteak beste, gure herriaren aurpegirik errealena delako.