Mundua eraldatzeko espazioa

Mundua eraldatzeko espazioa

Kattalin Barber

Egin dezagun bidea, mundua alda dezagun. Horixe da, hain zuzen ere, Setem gobernuz kanpoko erakundearen lelo nagusia. “Badakigu hitz handiak direla, askotan esan digute nahiko utopikoak garela, baina ziur gaude erabaki oso txikiekin mundua aldatzen ari garela”. Iratxe Torresen hitzak dira, Nafarroako erakundeko batzarreko idazkariarenak. Mundua aldatzen ez ezik, haien egoitza aldatzen ere aritu dira azkenaldian, eta Mercaderes kaleko 20. zenbakiak badu funtzio berria: bidezko merkataritzako denda eta informazio gunea da.

Iruñeko Iturrama auzotik Alde Zaharrera egin du salto Setem elkarteak. “Ikusgarriago, hurbilago eta eskuragarriago izateko erronka berri bat hartu dugu”, dio Torresek. Aurten, gainera, 25 urte beteko ditu erakundeak Nafarroan, eta bada, behintzat, ospatzeko modu bat. Bidezko merkataritza sustatzea eta giza eskubideak defendatzea dira elkartearen lan ildoak, besteak beste. “Merkataritzako harremanak aldatzen saiatzen gara, eta harreman bidezkoagoak lortu nahi ditugu kontsumitzaileen eta ekoizleen artean”.

Horretarako, hainbat kanpaina aurrera eramaten dituzte. Arropa Garbia da abian dutenetako bat. Ehungintzaren sektorean lanean ari diren pertsonen lan baldintza kaskarrak eta jasaten duten tratua salatu nahi dituzte. Bangladesh datorkio gogora askori, 2013an Rana Plaza eraikina eraitsi eta mila pertsona baino gehiago hil zirelako han. Baina ez da kasu bakarra. Produkzioa deslokalizatzeak eta enpresa transnazionalen garrantzia handitzeak are gehiago okertu du ehungintzaren sektoreko langileen egoera. “Soldatak oso txikiak dira oraindik, eta fabriketan bertan lo egiten dute askok; istripu larriak izaten dira”, azaldu du Setemeko kideak.

Arroparen atzean zer dagoen ikusi behar dela uste du Setem erakundeak. Etiketan, prezioa, materiala eta garbitzeko moduari buruzko informazioa begiratzeaz gain, garrantzitsuak dira langileen lan baldintzak eta produkzioaren atzean dagoen prozesu osoa ere. “Orain jendeak askoz arropa gehiago erosten du, kontsumoa asko handitu da, baina ekoizpenaren kalitatea, aldiz, trakestu egin da”.

Kanpoan eragina

Kanpaina horren barnean, hain justu, iaz Aldatu zure zapatak ekinaldia abian jarri zuten, zapatagintzaren sektorean dauden itzalak salatzeko, eta langileen eskubideak eta ingurumena errespetatzeko neurriak hartzea galdegiteko. “Gure dinamikek eta kontsumo ohiturek munduko beste toki batzuetan duten eraginaren inguruan sentsibilizatu behar dugu”. Horregatik, Alde Zaharreko egoitza berrian, elikagaiek ez ezik, ehungintza sektoreak ere bere txokoa izanen du. “Bestelako arropa nahi dutenentzat izanen ditugu jantziak, eta, horrez gain, kosmetika produktuak eta eskulangintza ere bai”. Elikagaien artean, kafea, txokolatea, marmeladak eta edariak nabarmendu ditu Torresek.

“Guk bidezko soldatak eta baldintza duinak aldarrikatzen ditugu. Bidezko merkataritzak ziurtatzen dizu ekoizpen prozesu osoan giza eskubideak bermatuta daudela”. Gizartea askoz sentsibilizatuagoa dagoela uste du Torresek, eta informazio gehiago dutela bidezko merkataritzaren inguruan. Aldaketa nabari da: “Orain dela urte batzuk, gehiengoak ez zekien ezer bidezko merkataritzaren inguruan; orain, produktuak gehiago ezagutzen ditugu; nondik datozen galdetzen dugu”.

Izan ere, gizartearen inplikazioa “beharrezkoa eta funtsezkoa” da mundua eraldatzeko, Torresen ustez. Krisi ekonomikoaren ondoren, gehiago: “Kontziente izan behar dugu hemen ditugun jarrerek eta kontsumo ohiturek ez dutela bakarrik eragina hemen eta gure inguruan, baizik eta ekoizleak dauden tokietan ere bai”. Hala, jakinarazi du kontsumitzen diren produktu gehienak atzerrian ekoitzitakoak direla. “Tamalez, gero eta enpresa gehiago joaten dira kanpora, eta lan baldintzak oso txarrak dira”.

Norbanakoan jarri du arreta Torresek, bakoitzaren erabakietan dagoelako gakoa haren ustez. “Erabaki sinpleekin gauzak aldatzen lagundu dezakegu. Jakin behar dugu badirela beste kontsumo ohitura batzuk ere”. Setemek argi du, eta mundua eraldatzeko urrats txikiak egiten jarraituko du, mundu hobe baten alde, merkataritza duin eta zuzena bultzatuz. Hemendik aurrera, lan hori Iruñeko Alde Zaharretik eginen dute erakundeko kideek.