Lur Albizu Etxetxipia
Atzera begiratu eta bi urte hauetan gertatu denari erreparatzea ez da lan samurra. Gauza asko (gehiegi) ahaztu egiten zaizkigu. 2015. urteko maiatzetik honakoak nola laburtu hitz gutxitan? Hitz bat aukeratu beharko bagenu, zein izanen litzateke? Aldaketatik bi urte pasatu diren honetan, egindakoak ikustea ez dago gaizki; beste bi urte geratzen zaizkigu aurretik, eta ez da lan gutxi izanen: begi bistakoa da oraindik (oso) bide luzea dagoela egiteke eta egiteko. Erronka gehiegi bi urtean aurrera eramateko, baina Erregimenaren nagusitasun instituzionala bota bagenuen, nafar mafiaren sareak eraisten jarraitu behar dugu. Horretarako bide desberdinak aurrera eraman eta bateragarri, elkar-osatzaile izanen direnak diseinatzea dagokigu. Ez dira oztopo eta harri gutxi etorriko; desadostasunerako gaiak eta garaiak etorriko dira, orain ere baditugun bezala. Orain gutxi zarata handia sortu duen gaia Vascuenceren legearekin lotuta egon dena izan da; beharbada, heldu den asteetakoa, abiadura handiko trenarena.
Iruditzen zait ezin dugula ahantzi zerk ekarri zuen aldaketa instituzionala, zerk bultzatu zuen eta zein pausok eraman zuten jende gehien aldaketaren blokearen alde egitera. Eta zein den orain ere kaleak mugitzen dituena. Bi urte hauetan espektatibak izaten ikasi dugu, espektatiba horiek jaisten, dezepzioak bizitzen eta erronka berriak markatzen. Baita neurri berriak poztasunez bizitzen eta ospatzen ere (ez da ohikoena izan, baina izan da. Ez dakit ez ote dugun gauza onetan arreta gutxiegi jarri).
Aldaketa ekarri zuena ez zen edozer gauza izan: aldaketa hori ekarri zuena mugimendua izan zen; mugimenduak izan ziren. Beste eredu bat, eredu batzuk posible zirela ikusarazi zuena. Eta ez zen egun bakarrean gertatu, ezta bi urtean ere. Etenik gabeko prozesua izan zen 2015. urteko maiatzeko igande hartan Nafarroara egoera guztiz berri bat ekarri zuena.
Gaur ere, iruditzen zait kaleak apalduta daudela askotan esaten den arren, begirada azkar bat botata, ideia hori, akaso, ez dela hain zuzena. Ez dela hain zuzena kaleak eta mugimenduak albo batera utzi direla. Astebururo aukeran ditugun mobilizazio eta egunak ez dira gutxi; esajerazio hutsa dira batzuetan. Azken asteetan egon direnak zerrendatzea ezinezkoa zait: Erraustegi eta makrokartzelaren aurkako martxa, Esako urtegiaren handitzearen aurkakoa, auzo bizi onaren eskolaren aldeko Sortzen jaia, han eta hemen egin diren euskararen egunak, emakume* abertzaleon topaketa feministak, CETAren aurkako mobilizazioak, betikoen harropuzkeriaren gainetik Herria bizirik dagoela erakutsi zuen Errekaleorren aldeko manifestazioa, LOMCE-k inposatutako errebaliden kontrako plantoak…
Joan den astean Nafarroako alternatiben herria 2018. urteko ekainean izanen dela iragarri zuten. Gaur hasiko da Aroztegiaren aurkako kanpaldia Baztanen. Asko geratzen da aurretik eta mugimenduak azkartu, mantsotu, egokitu eta moldatu beharko ditugu Navarra Nafarroa dela iragartzen jarraitzeko.