Kattalin Barber
Entzuteari utzi zioten umetan Sofia de Estebanek eta Edison Quezadak. Ordutik, keinuka mintzo dira, haien hizkuntza baita keinu bidezkoa. Interpretea behar du, ezinbestean, hizkuntza hori ulertzen ez duen entzuleak. Gizarteak baztertu egiten dituela sentitzen dute entzumenik ez dutenek, hain zuzen; entzuteko gaitasuna dutenekiko komunikazioa eskasa da oso, eta horrek zailtasun handiak dakartza egunerokoari aurre egiteko.
Asorna elkarteko kide dira Quezada eta De Esteban. Nafarroako Gorren Elkartea da Asorna, eta 60. urteurrena ospatzen ari da aurten. Kideok behin eta berriz nabarmentzen duten hitza da muga. Izan ere, biek ongi dakite gaur egungo gizartean gorra izatea zeinen zaila den. Hamaika eragozpen aurkitzen dituzte egunerokoan. “Oztoporik handiena da, oro har, beste edozein pertsonak bezala ezin parte hartu ahal izatea”, esan du De Estebanek.
Asorna elkarteko proiektuen koordinatzailea da, eta pertsona gorren bizi kalitatea hobetzeko lanean dihardu, eskubideen, hizkuntzaren eta kulturaren defentsan. Zailtasunak ez dira gutxi: gainerako pertsonekin komunikatzeko ez ezik, zailtasunak dituzte lan munduan sartzeko, aisialdi eta kultur ekitaldietan parte hartzeko eta formakuntza jasotzeko, esaterako. Interpreteen beharra dute horretarako, baina baita haientzat propio sorturiko ekitaldiak ere. “Ongi iruditzen zaigu hainbat ekitalditan interpretea egotea, baina guretzat propio sorturiko antzerkiak, hitzaldiak eta jarduerak ere nahi ditugu”, nabarmendu du Asornako kideak.
Gisa horretakoa izan zen, adibidez, elkartearen 60. urteurrenaren harira larunbatean Nafarroako Antzerki Eskolan antzeztutako obra. Interpretea egon zen han, baina ez gorrentzat, baizik eta entzuleentzat. “Mundua alderantziz irudikatu genuen horrela, eta oso polita izan zen guretzat”, azaldu du. Horrelako gehiago nahi dituzte, haien eskubidea ere badelako.
Quezadak 2 urte zituelarik galdu zuen entzumena. Ekuadorren jaio zen, eta nerabea zela etorri zen Nafarroara. Haurtzaro gogorra izan zuen, ezin zuelako komunikatu, eta bere familiak ez zekielako nola jokatu. Iruñera etorri eta Asorna elkartea ezagutu zuenean ateak bete-betean zabaldu zitzaizkion. “Nik ez nuen keinu hizkuntza ezagutzen hona etorri nintzenean”, gogoratu du Quezadak. Zorte handikoa sentitzen da. Ia bi urte daramatza Iruñeko Niza jatetxeko sukaldean lanean, baina ez da batere erraza lana topatzea pertsona gorrentzat, are gutxiago ostalaritzan. Lanerako gaitasun bera izan arren, enpresako arduradunek interesa galdu ohi dute, halako langile bat kontratatzea arazo izanen dela pentsatuta.
Zorionez, ez da Quezadaren kasua izan. Sukaldaritza ikasi zuen, eta praktikak egin zituen Niza jatetxean. “Interpretearekin joaten nintzen hasieran, izenak eta menu guztiak ongi ikasteko”. Praktikak amaitu, eta “ezustean” hartu zuen bere nagusiaren eskaintza. “Nire lankide guztiek entzuteko gaitasuna dute, baina ongi moldatzen naiz. Kostatzen da hasieran, baina hasierako zailtasun horiek gaindituta, arazorik gabe aritzen naiz lanean”. Gai delako, beste edozein pertsona bezala. Adierazi du gutxika-gutxika nagusiari eta lankideei keinu hizkuntza irakasten ari zaiela, eta dagoeneko hitz batzuk ikasi dituztela. Orain, autoa gidatzeko baimena ateratzeko bidean da.
Asornako kideek haien eskubideak aintzat hartzeko eskatu dute, gauza batzuk haien beharretara moldatzea ezinbestekoa zaielako. Ezjakintasuna eta konfiantza falta ere izan ohi dira eskuragarritasun osoa lortzeko oztopo nagusiak, De Estebanek adierazi duenez. Horrez gain, argi dute gorrek ez luketela inolako trabarik izanen egunerokoan denak gai izanen balira keinu hizkuntzan aritzeko. “Keinu hizkuntza eskoletan irakatsi beharko lukete. Pauso bat litzateke gizarte inklusibo bat lortzeko”.
Eskubideak, “paper huts”
Hezkuntza izan ohi da beste eragozpen bat. Oztopoak aurkitzen dituzte, eta askotan ikasketak uztea dakar horrek. “Ahalegin handia egiten dugu, baina oso nekeza da, eta horregatik askotan lan munduan murgiltzea da lehentasuna”. Interpreteak dituzte ikasteko, baina ez ordu guztietan. Haur Hezkuntzako goi mailako zikloa ikasi zuen De Estebanek. Hezkuntza Departamentura jo zuen interprete eske, eta harrituta gelditu zen bertan jasotako erantzunarekin: “Ea zergatik ikasi nahi nuen galdetu zidaten! Nire eskubidea delako eta ikasi nahi dudalako, ez dago besterik”, gogora ekarri du. Bere eskubideak aldarrikatu, eta lortu zuen ikastea interprete baten laguntzarekin, baina horrelakoak ohikoak direla salatu du. “Eragozpenak nonahi aurkitzen ditugu”.
2007an keinu hizkuntza ofizialtzat onartu zuen gobernuak lege bidez, baina, eskubideak onartuak dituzten arren, oraindik ere behar handiak dituzte. “Eskubideak paper huts dira. Edozein erakunde publikotara joan, eta inork ez daki keinu hizkuntza”, dio De Estebanek. Aurrerapausoak eman direla badaki, baina “motelegi”. Argi dute, oraindik ere, gizartean bide luzea badela egiteko; jendea gero eta sentsibilizatuago dagoela uste dute Quezadak eta De Estebanek, halere. Entzuteko gai direnen eta gorren arteko harremana bultzatzea ere ezinbestekotzat jo dute: “Ezin dugu bakarrik protesta egin eta eskubideak aldarrikatu; besteak ezagutu behar ditugu”. Bi aldeen mesederako aritu behar dutela uste dute, aukera berdinak izateko. “Elkar ulertzea eta enpatia falta zaigu bi aldeoi, baina bidean gaude”.