Saioa Alkaiza
Facebook kendu berri du oso gertuko dudan lagun batek: “Zoriontasunak nazkatu egiten nau”, esan zidan, erabakia azaltzerakoan, eta ohiko kasketa ozpina zela pentsatu nuen hasieran. Kontatu zidan sare sozialeko bere murrua, lehen orria, “Bizitza bat eta bakarra da, goza ezazu!”; “Munduak negar eginarazten badizu, egizu barre”; “Zoriontasuna ez da norberak gustuko duena egitea, egiten duzuna egitea gustuko izatea baizik” eta enparauez beteta zegoela, zoriontasunaren tiraniaren betekada zeukala, aski zela Iphonearekin editatutako ilunabar ezin perfektuagoak ikusteaz, ortzadarrez eta itsasoaren irudiez. Gogaituta zegoela.
Kontua puzten ari zela pentsatu nuen hasieran, etxera igo nintzenera arte. Gure etxeko igogailuaren konponketa zerbitzuak honako pegatina hau dauka jarrita, igogailu barruan, justu botoiak sakatzeko plakaren gainean: “Ez zaitez arduratu konponketaz, hori gure kontu; zoriontsu izatea izan dadila zure zeregin bakarra”. Etxeko igogailuko konponketa pegatinak esaten dit egunero zoriontsu izateko.
Telebistan, “animoa igotzeko pilulak”; bitaminak, “egunerokotasunari tamaina hartzeko”; eta aurrezkirako kontu korrontea, norberak lasaitua har dezan, “bizitzaren gauza garrantzitsuez” baino ez kezkatzeko. Eta pentsatu nuen agian lagunak arrazoia daukala, agian errazagoa litzatekeela gaizki egotea, triste, baxu, pentsakor, gatzgabe, motel, besterik gabe, etengabe munduan egoteko era perfektu baten bila ariko ez bagina. Beti nola egon aginduko ez baligute.
Pentsatu nuen “Nahi baduzu, ahal duzu” eta esaldi sasi ahalduntzaileek ahultzeaz gaindi deus gutxi egiten dutela. Batez ere, ez direlako egia: batzuetan, nahi izanen duzulako, esaterako, langabezia egoera aldatu, baina ezin izanen duzu lanik aurkitu; eta soldata berdintasuna nahi, nahi izanen duzu, baina desioekin ez da egiturazko sistema heteropatriarkala eraitsiko; seguru lesbofobiarik ez duzula nahi bizitzan, baina tokatuko zaizu. Zapalkuntzak ez dira desira kontua.
“Performace konstante bat baino ez da etengabeko zoriontasuna”, esan zidan Facebooketik borratu berri den lagunak, eta BERRIA egunkarian Lucia Egaña postporno egileak egindako hausnarketa etorri zitzaidan akordura: “Performatibitatea da egunez egun era berean egitea zerbait, eta hala norma eraikitzea. Egunero performatzen dugu zer den langile ona, etxekoandre ona izatea… Baina, berez, langile onak edo etxekoandre onak ez dira existitzen bere horretan; iruditeria sozialaren bidez sortu ditugu”. Jende zoriontsua, bere horretan, ez da existitzen.
Facebooken kontrako elkarrizketa erdian, kanta bat jarri zuten tabernan, izurra izurtzeko. Jende zoriontsua, herri libre batean… Ia kafea mindu zitzaigun. Nik ez dut zoriontsu izan nahi etengabe, baldintzarik gabe, buklean, poztasunaren sorgin gurpil gera ezin batean. Batzuetan, ahula izan nahi dut, zaurgarria, aspergarria, desatsegina, ahozikina, absurdoa, monotonoa, eta ez horregatik gaizki sentitu. Ez dut jende zoriontsuz beteriko herri libre bat nahi; izan ere, aske izateko nahi dut herri libre bat.