Edurne Elizondo
Zaratak iragarri du Miluzeko parkean suhiltzaileak bueltan direla. Abisua jaso dute Zangoza ondotik; norbaitek kea ikusi omen du. Deia jaso, eta berehala abiatu da helikopteroa; barruan dira pilotua, lau suhiltzaile eta haien kaboa. Basoko esku hartze azkarreko brigada osatzen dute. “Ez zen suterik; irteera baliatu dugu, halere, ariketa bat egiteko”, azaldu du Kike Arizaleta kaboak, itzuli direnean. Aurizko parkeko kide da Arizaleta, baina udako kanpainarako Miluzera mugitzen da.
Sute bat pizten denean, basoko esku hartze lasterreko brigadetako kideak dira tokira ailegatzen lehenak. Helikopteroak ematen die inor baino azkarrago iristeko aukera. Haien helburu nagusia da ahalik eta lasterren hastea lanean, sua zabal ez dadin. Txinpartak itzali, suteak ez pizteko. Arizaleta buru duen brigadak ekainarekin batera hasi zuen udako kanpainako bere lana; atzo, berriz, bertze bi hasi ziren lanean, bertze helikoptero batekin. Bi brigada horietako bakoitzean emakume bana dago.
Ohi baino goizago jarri da martxan aurten suteen aurkako udako kanpaina, aurreratzea erabaki baitu Nafarroako Gobernuak: batetik, bereziki herrialdeko hegoaldean dagoen lehorteagatik; bertzetik, laboreen uzta ohi baino lehenago hasiko dutelako; eta, hirugarrenik, datozen hilabeteotarako bero handia eta euri gutxi espero delako. “Pentsa daiteke basoko sute handi bat izan dezakegula aurten ere”, azaldu du Juantxo Cisneros sarjentuak.
Miluzeko parkean 11 orduko lanaldia dute udako kanpainarako kontratatu dituzten suhiltzaileek. Zangozatik itzuli eta gero, zain gelditu dira. Zain, baina adi. Bero handiko eguna da, eta, lurraren hezetasuna kontuan hartuta, edozein momentutan piztu daiteke sute bat eraginen duen txinparta. “Gauez hobera egiten du egoerak, baina, egunez, nabarmen egiten du behera lurraren hezetasunak”, azaldu du Arizaletak. Uzta garaian laboreak biltzeko erabiltzen dituzten makinek sortzen dituzte, kasu anitzetan, gero suteak eragiten dituzten txinpartak. Larreak erretzeko ohiturak ere eragiten ditu suak, haizearen eraginez, adibidez, egoerak kontrolari ihes egiten dionean.
Suteren baten berririk ematen duen deirik ez, oraingoz, Miluzeko parkean. Han, Tafallako iazko sua dute denek gogoan. Azken urteotako handiena izan zen. Suak 3.500 hektarea hartu zituen abuztuan. “Azken urteotako joera da sute handi bat gertatzea udan”, azaldu du Cisnerosek. Iaz, hagitz lehorrak izan ziren udako hilabeteak, eta larreak ahitu egin ziren herrialde osoan. Tenperaturari buruzko datuak jasotzen direnetik, iazko abuztua izan zen inoizko beroena.
Iazko udako kanpainan, denera, 516 sute izan ziren herrialdean; 4.600 hektarea erre zituzten su horiek. 198 hektarea baino ez ziren erre 2015. urtean, eta 894, berriz, 2014ko udan. 218 hektarea hartu zituen suak 2013. urtean, eta, 2012. urtean, berriz, 1.297. Urte hartan, 621 sute gertatu ziren Nafarroan, udan, hain zuzen ere. Iparraldean, neguan gertatzen ohi da sute gehien. Klimaren aldaketaren ondorioak gero eta nabarmenagoak direla argi dute suhiltzaileek.
“Lan teknikoa”
Basoko esku hartze lasterreko brigadako kideen lana “oso teknikoa” dela nabarmendu dute kideek. Helikopterotik jaisten direnean, aizkora, pala edo arrasteluaren gisako tresnak dituzte suari aurre egiteko. Bizkar zorroan 20 litro ur badituzte. Gehiago ez. Helikopteroak, halere, badu ura hartu eta botatzeko poltsa. “Suhiltzaileok beti gara helikopteroarekin harremanetan; ura non bota esaten ahal diogu; pilotuak, halaber, toki txarrean bagara, ohartarazten ahal gaitu”. Bai eta lagundu eta diren tokitik atera ere, arriskuak gora eginez gero.
Helikopteroak du, finean, sutearen irudirik argiena. Horregatik, basoko esku hartze azkarreko brigadako kideen lana funtsezkoa da, lurretik ailegatzen diren lankideek ezin baitute izan sutearen irudi orokor bat. Kamioiak ailegatzen ez diren tokietara iristen ahal dira, gainera.
Aurtengo udan, denera, ohiko taldeko 400 suhiltzaileekin ariko dira kanpainarako kontratatutako bertze 150. Nafarroako Gobernuak azaldu du 140 suhiltzaile boluntario ere ariko direla lanean, bai eta Ingurumen Departamentuko 109 basozainak ere. Suhiltzaile boluntarioei buruz, Arizaletak argi utzi du ezin direla sartu suteak itzaltzeko moduan direnen taldean. “Boluntarioak dira; horrek esan nahi du sua pizten denean, akaso, lanean edo oporretan direla; hasierako esku hartzerako ez dira prest izaten”. Lan egiteko moduan direnean, halere, haien parte hartzea eskertu ohi dute suhiltzaileek, tokia ongi ezagutzen dutelako.
Nafarroan, suhiltzaileen taldeak zerbitzu integrala eskaintzen du. Hau da, edozein motatako suteen kontra egiten dute lan. Hainbat tokitan, basoko suteetan aritzen diren suhiltzaileek talde berezia osatzen dute. “Hemen ez, baina ohiko taldea ez da nahikoa udako eta neguko kanpainei aurre egiteko”, salatu du Arizaletak. Horregatik kontratatu behar dituzte suhiltzaile gehiago suteen aurkako kanpainetan aritzeko. 150, aurten. Basoko suteetan aritzen dira bakarrik.
Gobernuak, zehazki, suhiltzaile laguntzailetzat ditu langileok. Haiek ez dira kontent. “Egiten dugun lanari ez diote duen balioa aitortzen”, erran du Iñigo Lasheras suhiltzaileak. “Gehiago profesionalizatu beharko lukete”, erantsi du Toño Jasok. Izan ere, kanpainarako kontratatzen dituzte; hau da, hainbat hilabetez, eta, ondorioz, bertze lanen bat bilatu behar izaten dute, egunerokoari aurre egin ahal izateko. Egoera horrek zerbitzuari kalte egiten diola uste dute suhiltzaileek: “Udako eta neguko kanpainak egiten badituzu, gehienez zazpi hilabetez egiten duzu lan; jende berria etortzen da, bertze lan batzuk bilatu behar dituzulako. Formakuntzari egiten dio kalte egoerak”, erran du Jasok.
Segurtasuna
Lasheras duela bederatzi urte hasi zen suhiltzaile lanetan. Lehendabizikoa du aurtengoa Miluzeko parkean. Rafa Aullo, berriz, esperientzia handiko suhiltzailea da. 1983. urtean hasi zen udako eta neguko kanpainetan lan egiten, eta Miluzeko parkean da 2007. urtetik. “1982an hasi nintzen berez, baina hilabete bat pasata bota ninduten, 17 urte baino ez nituela konturatu zirenean”, gogoratu du Aullok. Sumatzen zaio suak itzaltzeko lanak betetzen duela. Horregatik, inorentzat baino mingarriagoa da beretzat iazko Tafallako sutearekin oroitzea, hangoa baita.
2004an jarri zuten Miluzeko parkean martxan basoko esku hartze azkarreko brigada. Geroztik, gauzak anitz aldatu direla uste du Aullok. “Orain, protokolo gehiago dugu, adibidez, geure burua zaintzeko; hasieran, esperientzia gehien zuenak erraten zuenari egiten genion kasu”.
Hala eta guztiz ere, oraindik ere zer hobetu badela nabarmendu du Arizaletak. Basoko esku hartze lasterreko brigadak helikopteroak duen tokia baino ez du bere materiala garraiatzeko; toki mugatua da, alegia. Jasoren lana da, hain zuzen ere, errepidetik joatea, helikopteroan sartzen ez den materialarekin. Suari basoan aurre egiteko, partikula solidoen kontrako maskara baino ez dute. “Ez gaude behar bezain ongi babestuta”, erran du Arizaletak. Etxebizitza bateko sutera joaten den suhiltzaileak erabiltzen duen maskarak babes handiagoa ematen du, baina Arizaletak onartu du basoan halako batekin lan egiteko zailtasun handiak izanen lituzketela. “Jende gehiago beharko genuke txandak osatzeko; edonola ere, babestuta lan egiteko dugun eskubidea aldarrikatu behar dugu”.
Solastatzeko gairik ez da falta Miluzeko parkean, surik ez dagoenean. Lasheras, Aullo eta Jasorekin batera, Luis Elizegik eta Enrique Martosek osatzen dute Arizaletaren brigada. Basoko suhiltzaileak direla nabarmendu dute, administrazioak izen hori onartzen ez badie ere. Adi dira. Prest. Suak itzaltzeko prest.