Jose Luis Villena: “Ezin izanen dugu erran ez genekiela zer ari zen gertatzen”

Jose Luis Villena: “Ezin izanen dugu erran ez genekiela zer ari zen gertatzen”

E. Elizondo

Hezkuntza zientzietan doktore eta Granadako Unibertsitateko irakasle da Jose Luis Villena (Priego de Cordoba, Espainia, 1976). Melillan (Espainia) egiten du lan, eta arlo akademikoak han gertatzen ari dena lantzeko eta zabaltzeko duen konpromisoa berretsi nahi izan du koordinatu duen liburuaren bidez.

Derechos humanos y justicia universal en la frontera sur izenburuko liburuaren koordinatzailea zara. Lan horrek ekarri zaitu asteon Nafarroako Parlamentura. Zer asmo du liburuak?

Granadako Unibertsitatearen gisako erakunde publiko batek hegoaldeko mugan gertatzen ari denari eman beharreko erantzuna da liburua. Nazioarteko babesa eta aterpea bilatzen duten jende anitzen oinarrizko eskubideak urratzen dituzte muga horretan. Arazoaren dimentsioa ikaragarria da, eta ekarri du, bertzeak bertze, ehunka adingabe bakarrik egotea Melillako karriketan. Egoera benetan latza da.

Adingabe horiek egoera bereziki zaurgarrian dira?

Hala da. Espainiako Arartekoak txostena egin du, eta nabarmendu du ez direla betetzen ari mugara ailegatzen diren adingabeak dokumentatzeko epeak. Bederatzi hilabeteko gehienezko epea zehazten du legeak, eta epeak are laburragoa izan behar duela Melillako harrera etxeetan diren adingabeen kasuan. Finean, Arartekoa erraten ari da adingabeon agiriak tiradera batean gordetzen dituztela. Adingabeok ez diote beren egoerari inolako konponbiderik ikusten, eta argi dute hemezortzi urte beteta Marokora itzuliko dituztela. Ondorioz, egunean ehun haur inguruk beren burua arriskuan jartzen dute ontziren batean sartzeko. Tamalez, hiltzen ari dira erakundeek ukatzen dieten etorkizunaren bila joateagatik.

Estatuek ez diote jaramonik egiten duten ardurari?

Espainiak sinatutako nazioarteko hamaika hitzarmen daude, adingabeoi babesa emateko; Espainiako legeak ere argi erraten du adingabeok dokumentatu egin behar dituztela, eta hezkuntzaren, osasunaren arloko oinarrizko zerbitzuak eman behar zaizkiela. Baina hori guztia ez da betetzen ari. Melillako agintariek diote sistemak ez duela gaitasunik dauden haur guztiak artatzeko; argi dago egoera zaila eta konplexua dela, baina ezin dugu horren ardura prozesu osoko alderdirik ahulenaren esku utzi; adingabeen esku, alegia. Ezin dugu onartu adingabeok karrikan egotea, ontzi batean sartzea.

Herritarrak hegoaldeko muga horretan gertatzen ari den guztiaz jabetzen direla uste duzu?

Egoera ez da erraza. Kontinente oso bat dago hamabi kilometro koadroko hiri baten kontra talka egiten. Melilla ez da gai han dagoen migrazio fluxuari aurre egiteko eta behar bezala interpretatzeko. Neurri batean, bada interesa han gauzak ongi egiten ari direla zabaltzeko, eta mezu hori da hainbat hedabidetan gailentzen dena. Sortzen den zarata mediatiko hori ez da zintzoa, eta ekar dezake jendeak ongi ez ulertzea gertatzen ari dena. Horregatik, karabanaren gisako ekinaldiak funtsezkoak dira, errealitatea zuzenean ezagutzeko eta zabaltzeko.

Zer ari da gertatzen?

Gutxieneko bermeak eskainiko dituen Europa dago hemen jokoan. Hesiek lehen eta bigarren mailako herritarrak sortzen dituzte. Ez dugu ahaztu behar mugara ailegatzen diren pertsona horietako anitz gerra bati ihes egiten ari direla, eta nazioarteko potentziak dira gatazka horien erantzule. Espainiak ere badu arduraren zati bat, eta onartzeko ordua da. Estatuek ez badute egin behar dutena egiten, herritarrek egin beharko dute. Ezin izanen dugu erran ez genekiela zer ari zen gertatzen.

Herritarrek jarrera hartzeko aukera ematen dute karabanaren gisako ekinaldiek?

Herritarrek zuzenean ikusi behar dute zer gertatzen ari den, eta, ondorioz, jarrera hartu. Hainbat konturi buruz iritzi ezberdinak egon daitezke, baina hegoaldeko mugan direnen sufrimendua errealitate gordina da. Ez dago modu batera edo bertzera interpretatzeko aukerarik. Ezin dugu deus egin gabe gelditu errealitate horren aurrean. Deus egiten ez badugu, gure duintasuna izanen da kolokan.

Marokok betetzen duen rolari zer deritzozu?

Migrazio fluxuak nahieran erabiltzen ditu Marokok Europako Batasunarekin negoziatzeko. Diskurtso ofizialak dio Marokorekin elkarlanean ari dela Europa, baina errealitatea da Marokok salgai gisa erabiltzen dituela pertsonak. Hesian gertatzen diren eskubideen urraketek okerrera baino ez dute egin 2013tik.

Zergatik 2013tik?

Espainiak pentsatu zuen, antza, mugak kontrolatzeko egiten ari zen lana ez zela nahikoa. Ordutik, sufrimenduaren politikak gora egin du. Kontua da horrek ere ez duela migrazioa gelditu; alderantziz, gora egin du. Gainera, dirutza gastatu dute, 293 milioi euro. Melillako eta Ceutako [Espainia] hesiek 22.000 euroren gastua dute, egunean. Migrazio politika horrek, ordea, ez du inolako arrakastarik. Ez du funtzionatzen. Negozioa baino ez dago mugako segurtasuntzat duten horren atzean. Mugara ailegatzen direnek legeak betetzea baino ez dute eskatzen. Beren eskubideak errespetatzea.