Kattalin Barber
Erribera egin nahi dugu”. Horixe da jaio berri den Erriberako Elkarte Ezkertiarraren asmoa. Bederatzi herritako hamabi zinegotzik bat egin dute sortu berri duten talde horretan, eta “batasunaren indarra” baliatu nahi dute eskualdea “ezkerretik eraikitzeko”. Tuterako nekazaritzako elikagaien hirian, Bardeako tiro eremuan, Bardeako Batzar Nagusian eta beste hainbat auzitan esku hartu nahi dute, Erriberarentzat onuragarriak ez direla argudio hartuta.
Corellako Miguel Goitiandia da kideetako bat, eta, adierazi duenez, luze gabe, Erriberako 22 herriek elkartean ordezkaritza izatea nahi dute. Oraingoz, bederatzi herriren babesa dute: Corellarekin batera, Tutera, Villafranca, Cintruenigo, Fustiñana, Fitero, Cortes, Castejon eta Cascanteko hautagaitza independenteen hautetsiek bat egin dute elkartean. “Erreminta baliagarria eta erabilgarria izatea nahi dugu, eskualdearen kohesioa sustatuko duena, eta berdintasuna, justizia soziala, kooperazioa eta ingurumenaren defentsa helburu dituena”, esan du Goitiandiak.
Ezkerreko ideia politikoak dituzten hainbat lagunek osatzen dute Erriberako Elkarte Ezkertiarra, eta balioek eta eskualdean kohesioa egiteko nahiak batu ditu. Orain dela urtebete hasi ziren lanean: “Ikusi genuen beharrezkoa zela indarrak batzea ezkerra mobilizatzeko. Momentu egokia da, baina argi dugu ez dugula hautagaitza bakarra aurkeztuko; nork bere herrian lan egiten jarraituko du, eta proiektu komunak izanen ditugu”.
Horixe dute helburu, elkartea eskualdean finkatzea, eta gero eta indar gehiago izatea Erriberan dauden arazoei aurre egin ahal izateko. “Askorentzat horrela bada ere, Erribera ez da botoak lortzeko gune bat, Erribera subjektu aktibo bat da, eta gizartearen beharrei erantzuteko gaude”. Elkarlanean aritu nahi dute herrien artean.
Kezkak eta ardurak dituzte, uste dutelako azken urteetan “kudeaketa txarra” egin dutela Erriberan agintean izan diren alderdiek. “Ez dituzte herritarren beharrak ase, eta politika batzuk ez dira batere eraginkorrak izan; horregatik sortu gara, eta horregatik eragin nahi dugu gure eskualdean”.
Konponbidea eman nahi diote hamaika auziri, “baina ezkerretik”, zehaztu dute elkarteko kideek. Ardatz dituzte langabezia, desindustrializazioa, kutsatzen duten enpresak, “bideragarritasun ekonomikoa eta soziala zalantzan jartzen dituzten azpiegitura handiak”, ura, airea eta hondakinen kudeaketa, nekazaritzako elikagaien hiria, Bardeako tiro eremua eta Bardeako Batzar Nagusiaren kudeaketa, besteak beste.
“Hutsuneak ditugu eskualdean, eta irtenbidea eman behar diegu, gure ikuspegitik”. Goitiandiak adierazi duenez, oraindik ez dute erantzun “irmo” bat gai bakoitzerako, baina lanean ari direla nabarmendu du: “Oraindik ez ditugu erabakiak hartu, sortu berri garelako, baina ados gaude, adibidez, tiro eremuaren auzian; azpiegitura hori bertan behera utz dezatela nahi dugu; nekazaritza elikagaien hiriaren aurka ados gara, halaber. Oso presente ditugu arazo guztiak”.
Goitiandiak adierazi duenez, Erriberako Elkarte Ezkertiarra eskualdeko hirugarren indarra izanen litzateke. “Hautagaitza independenteak uharteak baino ez gara alderdien itsas handi honetan, baina elkartuz gero, indar handiagoa lortzen dugu; ez gara nor bere aldetik ariko, kolektiboa osatuz baizik, eta gure artean adostasunak lortuz”.
Era berean, ez dute ahaztu nahi zinegotzi bakoitza independentea dela, eta bere hautagaitzaren identitatea izaten jarraituko duela. “Gehitu nahi dugu”, zehaztu du Goitiandiak.
Euskara, lehen lerroan
Euskara ere presente izan dute elkartean, hasieratik, eta hizkuntzaren alde lan eginen dutela argi utzi dute. Ez dute zalantzarik: “Euskara nafar guztion hizkuntza da, eta eskubidea dugu, gure hizkuntza delako, eta euskaraz hitz eginez gure etorkizuna eraikitzen ari garela uste dugulako”.
Goitiandiak adierazi du “bigarren mailako herritar” sentitzen direla Nafarroako Erriberako euskaldunak. “Hizkuntza eskubideak urratzen dizkigute”.
Oztopoz betetako errealitatea aurkeztu du Goitiandiak, eta, egoera hori kontuan hartuta, beste hizkuntza politika bat beharrezkoa dela argi du. “Zonifikazioak ez dio inori mesede egiten Erriberan, eta hemengo biztanleria baztertzen du”.
Elkartea sortu berri den arren, helburu guztiak lortzeko, hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua dela uste dute. Erriberako 22 herrietan eragin nahi dute, eta dagoeneko beste herri batzuk interesa agertu dute: “Gure ateak zabalik ditugu”. Zabaltzen jarraitu nahi dute.