Karrikak ez galtzeko

Karrikak ez galtzeko

Edurne Elizondo

Zer ospatu izanen da, Nafarroan, datorren astean: ekainaren 28a da LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna, eta, bezperan, hain justu, Iruñeko Udalak martxan jarri duen LGTBI bulegoa inauguratuko dute hiriko agintariek. Ez da hori LGTBI komunitatearen aldeko azkenaldiko urrats bakarra, gainera, Nafarroako Parlamentuak onartu berri baitu berdintasun sozialeko foru legea. Testuinguru berezia ematen diote ekinaldiok aurtengo ekainaren 28ari; LGTBI kolektiboek, halere, lanean jarraitzeko beharra berretsi dute; ospatzeko, eta, aldi berean, aldarrikatzen jarraitzeko beharra, alegia.

Bidean urratsak egiten segitu ahal izateko helduleku aproposa izan daiteke parlamentuak onartutako lege berria, hain zuzen ere. Nafarroako Gobernuari eusten dioten lau indarrek hasieratik adierazi zuten LGTBIfobiaren aurkako politikak iraultzeko asmoa, baina, azkenean, PSN izan zen LGTBI kolektiboaren eskubideak bermatzeko lege berri bat ontzea proposatzen lehena. Laukoaren eta sozialisten artean adostu zituzten legearen oinarriak, eta parte-hartze prozesua egin eta gero, hilaren 8an onartu zuten legearen behin betiko testua.

Eragile sozialek aurrerapausotzat jo dute lege berria, baina argi eta garbi erran diote Nafarroako Gobernuari behar diren baliabideak jarri beharko dituela araua garatu ahal izateko. Bertzela, hutsean gelditzeko arriskua bada. Kattalingorriko Raul Lopezek, adibidez, legea “hagitz orokorra” dela ohartarazi zuen, onartu berritan, eta, ondorioz, ezinbertekotzat jo zuen dekretuen bidez garatzea. “Borondate ona” sumatzen du Kattalingorriko kideak, halere.

Lugatibe eta Zikutak kolektiboetako kide Luna Martinikorenak ere “aurrepausotzat” jo du testua, baina adi egoteko beharra nabarmendu du: “Pozik gara, baina gauza bat da lege on bat egitea, eta beste bat, lege horri zehaztasuna ematea”, erantsi du. Indarkeria matxistaren aurkako legeen kasua jarri du mahai gainean, lege horiek ekarri duten markoa ez delako nahikoa izan emakumeen aurkako indarkeria bertan behera uzteko, eta ez dutelako benetako berdintasunik ekarri.

Borrokari eusteko arrazoiak badira, LGTBIfobia, oraindik ere, gizartetik desagertu ez den arazoa baita. Martxoan Hazte Oir elkartearen autobusa iritsi zen Nafarroara, adibidez, bere lelo eta ikur transfoboekin. Karrikan aurre egin zioten herritarrek. Erasoek ere gora egin dutela gaineratu du Martinikorenak. “Ezin dugu egungo testuinguruaren perspektiba galdu”.

Adierazpen instituzionala

Udalak jarrera hartu zuen Hazte Oir elkartearen autobusaren aurka, eta hirian sartu ahal izateko ikur eta lelo horiek guztiak kendu behar izan zituen autobusak. Udalak asteartean inauguratuko duen LGTBI bulegoa ere jarrera hartzeko modu bat da. San Gregorio karrikako 28. zenbakian izanen da, eta Kattalinguneko kideek artatuko dituzte herritarrak zerbitzuan. Iruñeko Udalak adierazpen instituzionala onartu du LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko. Adierazpen horretan udalak konpromisoa hartu du berdintasunaren aldeko eta bazterketaren aurkako borrokan “eredugarri” izateko. Udalak, gainera, Nafarroako Gobernuari eskatu dio LGTBI berdintasun sozialeko foru legea garatzeko baliabideak jar ditzala.

Nafarroako Gobernuak Kepa Iekora izendatu du bere LGTBI unitateko arduradun; Iekorak ere aurrerapausotzat jo du lege berria onartu izana, eta talde feministek eta LGTBI elkarteek egin duten bidea nabarmendu du. Eragileen ekarpenek hasierako testua aberastu dutela erran du.

Legeak Berdintasun Institutuaren organigraman txertatu du LGTBI unitatea, eta bere lana izanen da gobernuaren politikak koordinatzea alor horretan. Legeak, gainera, LGTBI pertsonen aurkako jazarpen kasuetan ofizioz esku hartzeko aukera ematen die administrazio publikoei eta Arartekoari; transexualitatearen despatologizazioa berariaz aipatzen du testuak, bertzetik. Gainera, hezkuntzaren esparruan, komunitate osoa inplikatzea da helburua, LGTBIfobiari aurre egin ahal izateko.

Asmo horrekin antolatu du Iruñeko Udalak LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko programa. Hainbat hitzaldik, mahai inguruk eta zinema emanaldik osatu dute. Laura Berro da Iruñeko Udaleko Berdintasun eta LGTBI zinegotzia, eta gogoratu du ekainaren 28koa 1969. urtean New Yorkeko Stonewall tabernan gertatu zena oroitzeko eguna dela. Homosexualek, lesbianek, transexualek eta bertzek bat egiten zuten taberna hartan, eta poliziaren etengabeko jazarpena jasaten zuten; aurre egitea erabaki zuten arte. Egun toki anitzetan besta bilakatu den egun horrek, beraz, erresistentziarako ekinaldi politiko bat du bere oinarrian.

Lugatibe kolektiboak, hain zuzen ere, Joseba Berdugo kideak errandakoak partekatu ditu egunotan. LGTBI mugimenduan dagoen “despolitizazioa” salatu du Berdugok, hain zuzen ere, eta “LGTBI komunitatearen instrumentalizazioa” ere kritikatu du. Bat egin du Martinikorenak, eta instrumentalizazio horren aukerak kezkatzen duela aitortu du. Batez ere, kolektiboek aurretik egindako lana nabarmendu du; eskertu eta aitortu egin du, eta borrokatzen jarraitzeko beharra jarri du mahai gainean.

Udalak antolatutako programaren barruan, intersexualitateen inguruko hitzaldia emanen du Cira Lopez antropologoak, datorren astelehenean, hilaren 26an. 19:00etan hasiko da, Caldereria aretoan. Asteazkenean, E28 plataformak antolatutako manifestazioak hartuko ditu Iruñeko karrikak. Besta giroko protesta izanen da, baina aldarrikatzeko beharra bazter utzi gabe.