Espazioa egokitu, autonomiaren alde

Espazioa egokitu, autonomiaren alde

Kattalin Barber

Behar bezala egokitutako jolasguneari esker, haurraren autonomia bilatzen da Montessori jolasguneetan. Ez hori bakarrik: irakaslearenganako menpekotasuna ezabatzea eta umea bere heziketa eta garapenaren jabe egitea dute helburu halakoetan. Urteak ditu Uharteko ludotekak. Orain dela bederatzi urte hasi ziren Txubindo natur gelakoak ingurumen hezkuntzako jarduerak antolatzen haurrekin. Uharteko Udalarekin sinatutako hitzarmenari esker, ludoteka ere hasi ziren kudeatzen. Beste urrats bat egin dute azken boladan, “aldaketarik nabarmenena”, alegia: ludoteka ziren lehen, eta Montessori jolasgunea dira orain.

Hamar urte baino gehiagoko esperientzia du Ainara Muruzabal irakasle eta Montessori gidak eskola alternatiboetan, eta, atzerrian egon ostean, ikasitako guztia Nafarroara ekartzea erabaki du. “Uharteko Udalarekin harremanetan jarri nintzen, eta ideia polita iruditu zitzaien Montessori jolasgunearena”.

Lanari ekin zion, ondorioz, Txubindo natur gelako hezitzaileekin batera, eta joan den ikasturtetik umeek jolasgune berri bat dute Uharten. “Prozesua oso polita izan da. 70 haur genituen, eta ez zuten Montessori ezagutzen, ezta gure funtzionatzeko modua ere. Denbora gutxian, hala ere, aldaketak nabari ditugu, eta ikusi dugu haurrak autonomoagoak direla, gehiago errespetatzen dutela elkar, eta mugak onartzen dituztela”, adierazi du Ainhoa Otazu hezitzaileak.

Eskulanak egiteko tokia eta jolasteko gunea zuten hasieran ludotekan. Orain, berriz, bestelakoa da jolasgunea: jolasek badute garrantzia, baina haurrek beste hamaika aukera dituzte haien garapenaren jabe izateko. Lehen, materialez eta jostailuz beteta zegoen gela; orain, material gutxiago dute, baina helburu zehatzekin. Bakoitzaren interesak eta beharrak asetzeko materiala dago, zehazki, gune desberdinetan banatuta: bizitza praktikoa, eskulanak egiteko tokia, mahai jolasak, material sentsoriala, liburutegia, matematikak, zientziako materiala…

“Benetan autonomo izateko aukera dute, eta nabaritzen da gustura daudela, nork bere lekua aurkitzen duela. Adibidez, badute tokia laranja zuku bat egiteko edota bonboiak egiteko. Zientzia esperimentuak ere egiten dituzte”, azaldu dute arduradunek.

Behaketak ezinbesteko garrantzia du Montessori jolasguneetan. “Irakaslearen zeregina behatzea da, eta behaketa horren bidez gela atontzea. Adibidez, zerbaitek ez badu ikasgelan funtzionatzen, ez diogu haurrari errua botako, baizik eta ohartuko gara tokia ez dagoela ongi antolatuta, edota materiala ez dela egokia”, azaldu du Muruzabalek. Aldaketa baino lehen gelan “gatazka” gehiago zeudela uste du Otazuk. “Orain, bakoitzak bere zeregina du, eta ez dira aspertzen”.

Bi hezitzaileen ustez, aldaketa nabarmenena da haurrek bakarrik egiten dutela dena, hasieratik bukaerara arte: “Pozik etortzen dira, eta esaten digute: ‘Nik egin dut nire laranja zukua’. Edota kristalak garbitzen eta erratza pasatzen orduak ematen dituzte. Hori lehen pentsaezina zen!”. Hortaz, haurrak eskutik helduta eduki beharrean, kontrakoa bilatzen dute Uharteko jolasgunean. Haurrak independenteak izatea, alegia: “Ez gaude haien gainean, eta giro oso lasaia egoten da. Familiak haurren bila etortzen direnean horrekin harrituta gelditzen dira”.

Uharteko Udalak ere ontzat jo du jolasgunea. “Erronka izan da guretzat, ez genuelako esperientziarik horrelako jolasguneen esparruan, baina harrera oso ona izan da”, onartu du Edorta Beltzunegi alkateordeak. Euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dute jolasgunea, eta, adierazi duenez, oraindik toki libreak daude haur gehiagok izena emateko datorren ikasturterako.

Interes gehiago hezkuntzan

Mexikon izan zen Muruzabal, eta han gertutik ezagutu zituen aspalditik Montessori ereduan oinarritzen diren ikastetxeak. Ikasitakoa bere gelan eta beste irakasle batzuekin ari da lantzen orain Uharteko jolasgunean, eta haurrak berak jolasten diren toki berean irakasleek formakuntza jasotzen dute. Nafarroako Gobernuak eta Uharteko Udalak hitzarmen bat sinatu berri dute, hain zuzen ere, pedagogia aktiboen gela sortzeko herri horretan.

Eskola publikoetan aldaketa nabaritzen hasi dela eta gaiarekin interesa dagoela adierazi du Muruzabalek. “Duela bost urte inork ez zuen honi buruz hitz egiten, baina orain jendea gaia jorratzeko prest da, eta, gutxika-gutxika, hezkuntzarekiko begirada aldatzen ari da”. Izan ere, Muruzabalek nabarmendu duenez, pedagogia hauek oso egokiak dira ikasleen aniztasunari erantzuteko. Uharten ari dira bide berriotan urratsak egiten.