Saioa Alkaiza
Demagun zure etxetik ateratzen zarela eta goizeko 07:00ak baino ez direla. Demagun, gainera, mozkorrez beteta dagoen kale bati aurre egin behar diozula, The Walking Dead telesaileko kapitulu batean nola, zonbiak ezker eta eskuin saihestuz, pausoa zuzen ezin eramanaz, zakarrak bere egindako kalean, botila hutsek, erdizka jandako pizza zatiek eta norbaiten barrenetik ateratako okadek konkistatutako eremu horretan.
Demagun hori gertatzen dela, eta pentsa dezagun, gainera, bizirik irauteko lanak dituzten izaki horiek denek zurekin erlazionatzeko gogo handia dutela, are zuri edozein gauza esateko nor direla pentsatzen dutela. Erlazionatzeko forma, askotarikoa: izan daiteke Lolololololololololo kantu amaigabea; aurretik pasatzen zarenean txistu egitea, edo Guapa! oihukatzea, mundura zisgizon sozializatu izate hutsagatik eskuratutako pribilegio guztiak tarteko.
Edo gertatzen ahal da edozein aitzakia erabiltzea izaki horiek, auskalo zein tontakeria galdetu ahal izateko zuri. Irudika dezagun zu zure etxetik jaisten zarenerako, inguratzen zaituen mundu osoa festa deritzoten horretan murgilduta dagoela, eta zuretzako jaia, jaia izan baino, kontsumismoan oinarritutako eta masifikatutako ihesbide kolektibo bat besterik ez dela.
Imajinatzen duzu festa bat non aita familiakoek urtean bederatzi egunez jarraian sudur zuloak farlopaz zikintzen dituzten, gainontzeko errutina egun guztietan familia nuklearraren perfektutasuna antzezteko?
Irudikatzen duzu espazio bat zeinean ongi ikusia baitagoen kamiseta kentzen duen emakume bati edozer egiteko baimena izatea?
Ikusten al duzu hitzordu bat, uniformatuki homogeneizatua, erritualaren pisu kolektibo guztiarekin, ezen ez bazara sartzen kanpoan bazter batean uzten zaituena?
Bisualizatzen al duzu zezenak hil bitartean euforia kolektiboan murgiltzen den basakeria?
Egin dezagun ariketa bat. Eta saia gaitezen imajinatzen denbora-espazio zurrunbilo hori martxan dagoen bitartean, Alde Zaharrean bizi zarela eta ospitalean zaintzeko norbait duzula; 70 urte baino gehiago dituzula, eta kosta egiten zaizula kaletik gora eta behera ibiltzea; mugikortasun arazoak dituzula; antsietatea ematen dizutela jendez gainezka dauden inguru eta bazterrek; txakurra paseatzera irten nahi duzula; bizikleta hartzeko beharra duzula; isiltasun une bat erabat premiazkoa zaizula egun horietan, zure buruarekin egon ahal izateko.
Beste aldagai bat sartzen ahal dugu: pentsa, jakin badakizula herri mugimenduek bestelako espazioak eskaintzen dituztela festa egunetan hirian, eta zuk, barren barrenean, parranda bera maite duzula, eta kontent zaudela oso utopia mikro guneak existitu existitzen direlako, desfasearen muinean, eta pentsa, batez ere, zerbait sortzekotan, kontra-esanak sortzen dizkizutela zuri egun horiek; baina, nolanahi ere, ezin duzula halakorik esan jendaurrean, hiriko festa kritikatzea Voldemort aitatzearen gisakoa delako.