Leihoa zabaldu, izarrei so egiteko

Leihoa zabaldu, izarrei so egiteko

Kattalin Barber

Esparru guztietan, Lerin izarren herri bihurtuko dugu”. Consuelo Otxoa Leringo alkatearen hitzak dira. Bada oporrak pasatzeko lekua zeruaren kalitatearen arabera aukeratzen duenik, eta hilaren 26tik 30era Lerin Tierra Estrella (Lerin Izar Lurra) izenburuko jardunaldiak eginen dituzte herrian, izarrak behatzeko eta astroturismoa sustatzeko. Zeruak eskaintzen duen gaueko ikuskizunaz gozatzeko, baldintza egokiak dituzten tokiak bilatzen ditu astronomia zaletasun duenak, eta Lerin herria turismo mota horrekin bat egin nahian dabil.

Teresa Cruz Sanchez lerindarraren ideia izan zen. Andaluziako (Espainia) Descubre fundazioaren elkarteko zuzendaria da Cruz; zientziaren dibulgazioa du helburu erakundeak. Leringo alkateari proposamena helarazi zion: “Niri inoiz ez zitzaidan bururatuko horrelako zerbait antolatzea, baina ideia ezin hobea izan da”, esan du. Erantsi duenez, Iruñeko Planetarioan lan egiten duen Fernando Jauregi astrofisikoarekin harremanetan jarri ziren jardunaldien nondik norakoak zehazteko, eta lanari ekin zioten. “Leringo zerua oso egokia da izarrak ikusteko. Batetik, gainerako herriak distantzia handira daudelako, eta, bestetik, industrialdea txikia delako. Zeru ona dugu izarrak behatzeko”.

Starlight Fundazioak ematen duen ziurtagiria lortzen saiatuko dira, ondorioz, Lerinen. Ziurtagiri horrek leku batean zeruaren kalitatea bikaina dela egiaztatzen du. Horren bidez, nolabait, Lerin babestutako eremua dela azalduko lukete, argi kutsadurarik gabekoa, alegia. Behin eskuratuta, turismo mota horretako erreferenteetako bat bihurtzeko bidean legoke Lerin. Otxoak jakinarazi duenez, orain dela urte batzuk herriko argiztapen publikoaren zati bat aldatu zuten gutxiago kutsatzeko. “Oraindik baditugu argi kutsadura duten hainbat eremu, baina murriztea da gure helburua”. Izarrak behatzeko toki egokia izatea eta zeru iluna izatea dute helburu.

Ekinaldiak harrera “ezin hobea” izan du herrian, eta hainbat elkarte eta kolektibo ari dira udalarekin elkarlanean. “Onura ekarriko digu guztioi, ondare handia dugulako herrian, eta sustatuko dugulako”, azaldu du Otxoak.

Iruñeko Planetarioko astrofisikari Fernando Jauregi ere astroturismoaren abantailaz mintzatu da: “Kalitatezko turismoa da, eta gauez egiten denez, turistek leku horretan afaldu, lo egin eta gosaldu beharko dute”. Haren hitzetan, “ingurumenarekiko sentsibilitate eta ardura berezia duten pertsonak” erakartzen ditu izarren turismoak.

Zeru iluna maite dute astronomoek eta izarren zaleek, herri eta hirietan dauden kaleko argiek behatu nahi dituzten izarrak ezkutatzen dituztelako. Arazo nagusietako bat argi kutsadura da. “Arazoa da kaleko argi askok, gainera, lurrean dagoena argitu beharrean, zerua argitzen dutela”, azaldu du Jauregik. Argi kutsadura murriztea ez da hain zaila, haren ustez, baina udalek erabakiak hartu behar dituztela zehaztu du. “Energia xahutzen ari gara, eta argiaren inguruko hezkuntza eta sentsibilizazioa beharrezkoa da argi kutsadurari aurre egiteko”.

Astrofisikariak adierazi duenez, Erronkarin ere sustatu nahi dituzte astronomia eta turismoa, eta hantxe ari da lanean Iruñeko Planetarioa Nafarroako Gobernuarekin batera, Europako proiektu bati esker. “Zehazki, Larra-Belagua astronomoentzako gune bilakatu nahi dugu”.

Egitasmoak helburu bikoitza du: turistikoa, batetik, eta zientifikoa, bestetik. Lehen neurketak Larra-Belaguan egin dituzte. Jauregik jakinarazi duenez, Leringo zerua ere egokia da izarrak behatzeko. “Argi dago ez dela onena, baina interesgarria da horrelako ekinaldiak bultzatzea”. Gutxika-gutxika astroturismoa gehiago bultzatzen ari dela nabarmendu du, eta baliabide “on eta interesgarritzat” jo du.

Errepikatzeko asmoz

Izarrei so egitera deitu du Otxoak. Baina horrez gain, herriko produktuei eta zerbitzuei bultzada eman nahi diete jardunaldien bidez. “Esan dezaket Lerinek dituen aukerak berriz ezagutzen ari naizela”, esan du Otxoak. Besteak beste, herriko elikagaien dastatzea eginen da jardunaldietan. “Dugunari duen balioa eman nahi diogu”. Hilaren 26tik 30era gauero behaketa astronomikoa eginen dute, 23:00etan, eta egunez, berriz, hitzaldiak eginen dituzte hainbat astronomok; txikientzako jarduerak eginen dituzte, halaber, izarrei lotuta, betiere.

Lehen aldiz antolatu dute ekinaldia, baina urtero errepikatzea gustatuko litzaioke Otxoari: “Lan handia egiten ari gara”. Urtez urte finkatzea, eta Lerin izarrak behatzeko toki aproposago bilakatzeko urratsak egitea da orain erronka.