Edurne Elizondo
Figurazioa bidezidor bilakatu zen Oaia Peruarena artistarentzat (Irun, Gipuzkoa, 1972), eta abstrakzioak eman zion, azkenean, barruan zuenari erantzuteko behar zuen plaza zabala. Apezetxearen eta Sobrinoren ikasle, bertze anitzen irakasle da orain.
Nola ailegatu zara pinturaren mundura?
Nik uste dut txikitatik zegoela nire bidea pinturara bideratua. Amak lan egiten zuen, eta nik denbora anitz pasatzen nuen amatxiren eta atatxiren etxean. Niretzat, plazera zen amatxiren aldizkarietan agertzen ziren irudiak kopiatzea.
Margotzen hasi aurretik, halere, bertze hainbat arlo jorratu zenuen, ezta?
Ikasketetan, garai batean, ez nuen emaitza onik lortu, eta, pinturaren grina hor egon arren, bertzelako gauzatan saiatzen hasi nintzen. Hasi nintzen altzariak zaharberritzen eta margotzen ikasten, eta denda zabaldu nuen, azkenean.
Nola erabaki zenuen denda uztea, eta pintura lehenestea?
Denda nuenean ere hasi nintzen Baztango Jose Mari Apezetxea eta Tomas Sobrino margolariekin harremanetan. Ikastaroak egin nituen haiekin. 2002an, alaba jaio zen, eta ordukoa giltzarri izan zen niretzat. Ohartu nintzen hautua egin behar nuela, eta denda itxi eta pinturaren alde egin nuen, hori zelako nahi nuena, barruak eskatzen zidana.
Ikasle izan zinen, eta, orain, erakusketa egile eta irakasle.
Bidea hagitz naturala izan da. Eta momentu batean iruditu zitzaidan oraindik ere gauza anitz ez jakin arren, bertze anitz ezagutzen nituela, eta nekizkien horiek irakasten ahal nituela. Beti gaude ikasten, beti gaude bidean, baina konturatu nintzen eskaintzen ahal nuela zerbait. Harrera ona izan du, eta lagungarri da niretzat. Neguan egiten ditut ikastaroak, helduekin, denbora ere behar baitut nire lanak osatzeko.
Ospe eta bide luzeko margolariak dira Apezetxea eta Sobrino. Zer eman dizu haiekin egindako lanak?
Gauza anitz. Lagunak ditut, eta anitz estimatzen ditut. Hagitz harreman polita dute, gainera, haien artean. Hori oso aberatsa iruditzen zait. Nire abiapuntua ere paisaia izan zen, eta biekin ikasi dut anitz. Apezetxearen margotzeko modua, gainera, oso hurbilekoa sentitzen nuen. Haren erreferentzia Cezanne izan da, eta nire hasierak ere inpresionistak izan ziren. Hor sortzen zen kate edo lotura puntu bat. Harremana bada hiruren artean, bakoitzak bere bidea egin arren.
Abstrakzioaren esparrura eraman zaitu zure bideak.
Paisaia landu nuen denbora anitz, baina 2007 aldera, Madrilen egon nintzen, Van Goghen erakusketa bat ikusten, eta Reina Sofia museora joan nintzen. Han, abstrakzioaren aretoan sartu nintzen. Ordura arte, nigandik oso urrun sentitzen nuen arlo hori, eta ezin nuela ulertu iruditzen zitzaidan. Baina, han, hunkitu ninduten hainbat margolari aurkitu nituen, tartean Esteban Vicente. Hor zerbait gertatu zen, eta figurazioaren bidetik jarraitu banuen ere, konturatzen hasi nintzen jada ez nintzela eroso sentitzen. Mugatuta sentitzen nuen neure burua. Estu. Behar nuen bertze zerbait. Eta saiatzea erabaki nuen.
Egin beharreko hautua egin zenuela uste duzu?
Bai. Hautu hori egin, eta ezagutu nuen bertze hainbat artista: Rafael Ruiz Balerdi, Esteban Vicente, Joan Mitchell, Sam Francis… haien bidez, ate handi bat zabaldu zitzaidan aurrean, lan egiteko bertze modu bat azaldu zidana.
Baztan-Bidasoan, hemengo margolarien eskolaz mintzatzen dira hainbat aditu. Zuk uste duzu badela lotura?
Nik uste dut zerbait badela. Baina ez dakit zer hitz erabili lotura hori azaltzeko. Baina lotura badela, hori argi dut, bakoitzak bere lan egiteko moduak dituen arren. Orain bide berriak jorratzen dira, baina nonbaitetik gatoz denak, eta bada hari bat hor, lotzen gaituena. Bizirik dago, aldatzen da, mugitzen da: horixe baita artea, finean.
Erran duzu figurazioa utzi zenuela eroso ez zinelako. Orain, hala zaude?
Gero eta gehiago. Hasieran, ez zen erraza izan, ez nuelako erreferentziarik, eta beti nuen jauzi bat egiteko sentsazioa, nora jakin gabe. Sentsazio hori ez da inoiz erabat galtzen, eta nik neuk ere hori lortu nahi izaten dut. Iruditzen zaidalako ez jakite horri esker aurkitzen ditudala gauza berriak, eta horrek bultzatzen nau aurrera egitera. Sentitzen dudanari so egiteak laguntzen dit niri.
Sortzen dira sentitzen duzunaren eta pentsatzen duzunaren arteko eztabaidak?
Gertatzen da gauzak okertzen ahal direla burua sartzen bada tartean honela edo horrela izan behar dutela erratera. Sentitzen dudanaren arabera, gauza bat edo bertze egiten dut, eta hori da koxka: barruko behar horrek gidatzea lana; horrek ekartzen du orain olio pintura bat egitea, eta gero tinta erabiltzea. Barruak eskatzen ahal didalako lan isilago eta bilduago bat, orain, bertze lan indartsuago bat, gero.
Eta kolorea beti dago?
Bai, kolorea beti. Beltza eta zuria izaten ahal da, baina beti kolorea. Forma gustatzen zait, baina koloreak ematen dit gehiago. Kolorea da ukitzen nauena.
Ikuslea ukitu nahi izaten duzu?
Bai. Pintura ez da ulertu behar; edo ez da, behintzat, buruarekin ulertu behar. Ireki behar duzu, eta sentitu.
Zure hizkuntza da pintura?
Bai. Niretzat, margotzea da barruan ditudan gauzei erantzun bat emateko modu bat.