Lohizune Amatria
Senegalen egon beharko zinateke. Alde hemendik! Nazkagarriak zarete!”. Iruñeko Sarasate pasealekua jendez gainezka zegoen. Arratsaldeko bostak eta erdi, sanferminetako azken eguna. Postuak noiz jartzeko zain, saltzaile asko zeuden itzalean gordeta. Haien tartean ehunka pertsona geunden, Gazteluko plazara bidean. Kontrako norabidetik zetorren oihuak atzera begirarazi zidan, ordea. Semea eskutik helduta zeukala, gogor oldartzen ari zitzaion gizon bat han ziren saltzaileetako bati. Eta benetan lotsagarria zela pentsatu nuen.
Orduan entzun nuen eguneko lehen alde hemendik-a. Eta ez zitzaidan batere gustatu. Hitz horiek entzun behar izan zituenari ere imajinatzen dut ez zitzaizkiola gustatuko. Ezer ez esatea eta jaramonik ez egitea erabaki zuen hark. Ez da estrategia txarra. Okerrena da oraindik ere askotan entzungo dituztela hitz itsusiak, XXI. mendean horrelakorik gertatzen ez dela diogun bitartean.
Hala, Gazteluko plazara iritsi nintzen. Jendez gainezka zegoen plaza hori ere. Eta antzeko oihuak entzun nituen han ere: “Alde hemendik, utzi bakean!”. Hitz horien helburua, baina, oso bestelakoa zen. Baita jende kopurua ere. Aurrekoan pertsona bakar bat ikusi nuen hitz horiekin saltzaileari oihu egiten; plazan, berriz, milaka pertsonak kantatu zuten. “Altsasukoak, askatu!”. Injustizia baten aurrean, berriz ere; eta gure herriari egin dioten beste eraso bat salatzen, beste behin.
Esaldi berdinak, beraz, erabat ezberdinak diren bi egoeratarako balio izan zuen egun hartan. Guztiz arbuiagarria den jarrera bat irudikatu zuen lehendabizikoan; bigarrenean, berriz, lotsagarria den egoera, atxiloketa eta eskaera bat arbuiatzeko balio izan zuen.
Hitz hunkigarriekin amaitu zen Gazteluko plazako elkarretaratzea. Altsasuko gazteen gurasoek hitza hartu zuten momentuan, zirrara handia eragin zidan hotsak. Txalo zaparrada ere halakoa izan zen, eta berriro hitz berdinak aditu ziren plazan. “Alde hemendik, utzi bakean”. Peñen pankartak, gainera, Que se vayan abestiaren doinuak lagunduta urrundu ziren plazako protestatik.
Horrela, salaketa hotsek musika dantzagarriari utzi zioten tokia. Festa ez da eteten sanferminetan. Baina aldarrikapenak ez ziren amaitu. Bat-batean, kolore askotako mazedonia kalejiraren ondoan nengoen, aniztasunak dakarkigun aberastasunaren alde dantzatzen ni ere.
Ehunka pertsona geunden momentu hartan plazan, Amerika, Asia eta Afrikako jantzi, abesti eta mugimenduekin erabat liluratuta. Hamaika kolorekoa iruditu zitzaidan orduan Iruñea, eta irekiagoa, gainera. Denbora gutxi pasa da lehendabiziko gertakaria jazo denetik, baina esperantzarik badagoela pentsatu nahi dut orain.
Arazoz beteta dago gure mundua, eta sanferminetan, bereziki, ia denak azaleratzen dira hirian. Krudeltasuna ageriagoa izaten ohi da, baita bizitzeko gogoa ere. Horien aurrean zer egin dezakedan erabakitzea egokitzen zait orain.