“Nafarroako ubidea, edo deus ere ez”

“Nafarroako ubidea, edo deus ere ez”

Edurne Elizondo

Bigarren fasea ez zutela eginen ematen zuen, baina Nafarroako ubidearen proiektua mahai gainean jarri zuen egungo gobernuak, berriz ere, 2015eko abenduan. Geroztik, egin ditu hainbat urrats: bigarren fase hori lurpeko hoditeria baten bidez egiteko proposamena hobestea izan da nagusia. Egitasmoak, ondorioz, aurrera jarraitzen du, eta egungo proiektuak ukitzen ez dituen hainbat herrik ere eskatu dute bat egitea: Erriberako bost udalek eskatu dute Itoizko ura, beren lurrak ureztatzeko.

Zehazki, Fustiñana, Cortes, Buñuel, Cabanillas eta Fontellasko udalek sinatu dute azken egunotan Nafarroako ubidearen aldeko manifestua. UPNk eta PSNk agintzen dute udal horietan. Udalok salatu dute Ebro ibaiaren ur emariaren jaitsierak murrizketak eragin dizkiela. “Hornidura ziurtatzeko” behar den ur emaria berma dezala eskatu diote gobernuari, Nafarroako ubidearen bidez. “Ura nahi dugu txorrotarako, bai eta industria eta nekazaritza jardueretarako ere”, erran dute herriotako alkateek.

Nafarroako ubidearen bigarren fasea egiteko proiektua berriz ere martxan jarri zuenean, “eztabaida eta gogoeta prozesu bat” iragarri zuen Nafarroako Gobernuak, 2015eko abendu hartan. Prozesu hori amaitu aurretik lehenetsi zuen, ordea, aurkeztutako proposamenetako bat. Urbizi Uraren Kultura Berria fundazioak hori egin izana salatu izan du, hain zuzen ere. Ez hori bakarrik. Erakunde horrek aztertu eta mahai gainean jarri ditu bertzelako alternatibak.

“Alternatiba horiek, ordea, ez dituzte kontuan hartu. Egungo eta aurreko gobernuek nekazariei eskaintzen dieten gauza bakarra da ubidea. Ez nau harritzen udalek Itoizko ura eskatu izana, bertzerik ez dietelako ematen. Hori, edo deus ere ez”, azaldu du Urbiziko kide eta aditu Charo Brinquisek.

Nafarroako Gobernuak bazter utzi du aire zabaleko ubide bat sustatzeko aukera, baina aurrera jarraitzen du bigarren fasea egiteko egitasmoarekin; zehazki, lurpeko hoditeria baten bidez egiteko proposamena hobetsi du gobernuak.

Brinquisek ez du ontzat jo. Adituak sakon aztertu du Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioa, eta agerian utzi du, behin eta berriz, bi azpiegitura horien errentagarritasunik eza. “Ez da nik erraten dudan zerbait; datuek uzten dute errealitate hori agerian”, azaldu du.

Nafarroako ubidea “zapalgailu” bat dela erantsi du Charo Brinquisek: “Gizartea ez da konturatzen proiektu honek ekarriko digun zorraz. Denbora luzez egin beharko diogu aurre, eta erabat baldintzatuko du nekazaritzaren arloa. Nekazari gutxi batzuri mesede eginen die ubideak, baina gehienak bazter utziko ditu proiektuak”, salatu du Urbiziko kideak.

Brinquisek argi du orain arte gertatu dena gerta daitekeela ubideak uki ditzakeen gainerako eskualdeetan ere: “Nekazari txikiek beren lurrak uztea; azkenean, jabe handien esku gelditzen ari dira lurrak”, azaldu du.

Ubidearen aldeko hautuak ekarriko lituzkeen ondorioak nabarmendu ditu Brinquisek, azken urteotan jada gertatu dena adibide hartuta: Ingurumen, Landa Garapen eta Toki Administrazio Departamentuko nekazaritzarako aurrekontu ia guztia azpiegitura horrek eramanen duela. Bertzelako bideak zabaltzeko beharra jarri du mahai gainean adituak: “Bertzelako laguntzak susta ditzatela, nekazari gazteen alde egiteko; duela bi urte ubideari emateko kendu zituzten nekazaritza ekologikoaren aldeko laguntzak martxan jar ditzatela, berriz ere; hainbat nekazariren artean makinak erosteko laguntzak bana ditzatela, berriz ere, horiek ere ubideari emateko kendu baitzituzten, duela bi urte”.

Lerinen, ubideari ezezkoa

Politikarien ardura nabarmendu nahi izan du Brinquisek: “Proiektua martxan jarri, domina jantzi eta gero denon artean ordaindu behar dugu; ez guk bakarrik, hurrengo belaunaldiek jasoko dute guk utzitako zorra. UPN eta PSN sekulakoak botatzen aritu dira, gobernuari egozten Erribera egarriak jota uzten ari zela eta antzekoak. Tragedia bat da gertatzen ari dena. Uraren diskurtsoa zabaldu dute, baina kontuak ez dira ateratzen. Eta ura arto transgenikoa landatzeko bertzerik ez dute nahi”.

Lerinen, hain zuzen ere, ezezkoa eman diote Nafarroako ubideari, eta Nafarroako Gobernuak, ondorioz, proiektuaren bidea egokitzeko plana onartu du, berriki. Galdeketa 2014. urtean egin zuten Lerinen, eta herriko ureztatzaileek ezezkoa eman zioten ubideari. Sistema tradizionalaren alde egin zuten, beren lurrak Ega ibaiko urarekin ureztatzen jarraitu ahal izateko.

Carcarren ez dute galdeketarik egin; ureztatzaileek, beraz, ez dute iritzia eman ubideari buruz. Isiltasun hori ezezko gisa interpretatu, eta lehen fasea zabaltzeko hasierako bidetik at utzi dute, ondorioz. Bidea moldatu eta gero, lehen fasea zabaltzeko proiektua ia 26,5 kilometro luze izanen da, azkenean. Moldatuta, baina aurrera jarraitzen du Nafarroako ubideak, azkenean. Ekar dezakeenarekin bere kezka berretsi du Brinquisek.