Kattalin Barber
Nafarroa munduarekin konektatu dugu, eta, era berean, mundua Nafarroarekin”, esan du Carsten Hoffmann Espainiarako eta Portugalerako Lufthansa Taldearen zuzendari nagusiak. Lufthansak Iruñea sartu du bere munduko ibilbide sarean, eta, azaroaren 6tik aurrera, Iruñea Alemaniako Frankfurt hiriarekin zuzenean lotuta egonen da, astean zortzi aldiz eskainiko duten hegaldiari esker. Hoffmannek adierazi duenez, konexio horrekin, nabarmen hobetuko da Nafarroaren konexioa mundu osoarekin, Frankfurteko aireportuak herrialde askotara hegaldi andana baitu.
LH118 izeneko hegaldia astelehen, asteazken, ostiral eta igandeetan irtengo da Frankfurtetik, “bidaiatzeko egun onenetan”; 09:30ean atera, eta 11:30ean iritsiko da Noaingo aireportura. Bueltako hegaldia, LH119 izenekoa, egun beretan irtengo da Iruñetik, 12:20ean, eta 14:30ean lurreratuko da Frankfurten. Alemaniako aireportu zibil handiena da Frankfurtekoa, eta airebide berria munduko beste hiri eta herrialdeekin lotzeko zubi modukoa da. Modu horretan, Iruñetik hegan egiten dutenek aukera izanen dute beren hegaldiak mundu osoko hiriekin konektatzeko: Tokio, New York, Bangkok, Hong Kong eta Johannesburgorekin, adibidez. Halaber, Europa osoko hegaldiak ere irteten dira handik: esate baterako, Hanburgo, Budapest, Viena, Varsovia eta Mosku hirietara joateko hegaldiak.
Hoffmannek aitortu duenez, “aukera ezin hobea” da Alemaniako konpainiarentzat Noaingo aireportuan jarduten hastea. “Orain arte ez da egon nazioarteko airelinearik Nafarroan, eta bidea hastea ohorea da guretzat. Nafarroako herritarrak gainerako munduarekin lotzea nahi dugu, betiere kalitate handieneko produktu eta zerbitzuekin”.
Enpresen lehiakortasunaz ere mintzatu da Hoffmann. Izan ere, nazioarteko lotura berriak “garrantzi estrategiko handia” izanen du eskualderako. Lufthansaren hegaldiek “Nafarroako enpresen lehiakortasuna hobetuko dute, eta turismo sektorearen garapenean ere lagunduko dute, Europako turismoaren irisgarritasuna erraztuz”. Donejakue bidea eta sanferminak aipatu ditu zuzendariak, eta uste du airebide berriak turista gehiago erakarriko dituela.
Lehen hegazkina Iruñean lurreratzeko oraindik hilabete batzuk falta diren arren, jada bidaia txartelak salgai daude agentzietan eta LH.com webgunean. Adibidez, azaroaren 6ko hegaldia, Iruñetik Frankfurtera, 143,32 euroren truke saltzen da. Kontrako hegaldiak, berriz, 138, 64 euroren kostua du konpainiako webgunean. Hoffmannek adierazi duenez, Lufthansak Airbus A319 hegazkin “modernoak” erabiliko ditu ibilbide berrian, 138 bidaiarirentzako lekuarekin, eta bi motatako zerbitzuetan banatuta: Business eta Economy Class.
Nafarroako Gobernua ere pozik agertu da Lufthansaren erabakiarekin, eta eskerrak eman dizkio konpainiari Nafarroako merkatuan egindako apustuarengatik. Lurraldeari begirako apustu garrantzitsutzat jo du gobernuak: “Nazioarteko konektibitatea nafarren eskaera bat da, eta abian jarriko dugu Lufthansaren bidez”, adierazi zuen Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak, aurkezpen egunean. Hoffmannek, berriz, Sodena sozietate publikoaren lana goraipatu du, funtsezkoa izan delako ibilbide berria ezartzeko.
Orain dela hilabete inguru etorri ziren Lufthansa konpainiako ordezkariak Iruñera, eta Nafarroako Gobernuko arduradunekin eta hainbat enpresa publiko eta pribatutako ordezkariekin bilerak egin zituzten. “Herrialdea sustatzeko, tokiko enpresak sustatzeko eta turismoa erakartzeko aukera ezin hobeak daudela ikusi genuen, eta uste dugu apustu hau oso onuragarria izanen dela guztiontzat”, adierazi du Hoffmannek.
Bidaiariek, gora
Ez da albiste on bakarra Noaingo aireportuarentzat. Iruñerriaren garapen geografiko, sozial eta ekonomikoarekin batera inauguratu zen 1972an aireportua. 2011n, berriz, terminal berria eraiki zuten. Inbertsio horrek urtean milioi bat bidaiari izateko ahalmena eman zion Noaingo aireportuari, baina krisi ekonomikoak gogor jo du azpiegitura hori, eta ez dira espero ziren kopuruak lortu. Nolanahi ere, egoera aldatu, eta garai latzak gainditzen ari da. 2017ko lehen seihilekoan, Noaingo aireportuan %9,1 hazi da bidaiarien kopurua. Denera, 80.728 bidaiarik erabili dute aireportua. Hegazkinen joan-etorriek ere % 8,9 egin dute gora, guztira 2.781 operazio izan baitira. Hegaldi berrieekin, gainera, nabarmen haziko da zirkulazioa.