Jon Barberena
Urtaro aldaketek aldaketak dakartzate gurera. Natura ez ezik, pertsonok ere aldatzen gara. Arbolak biluztu, gorritu edo hosto berdez janzten diren gisarat, pertsonon umorean eta eguneroko energian ere, eragin zuzena dute aldaketa hauek. Baina aldaketak ez dira guregan eta naturan bakarrik gertatzen. Asfalto iluna argiztatzen duten erakusleiho handietan ere gertatzen dira. Erakusleihoak izaten baitira urtaroei aitzina hartzen lehendabizikoak eta zerbait berria heldu dela begi bistan uzten digutenak. Ez dira faltako larrazkeneko beroki, zapel eta zapata aproposak gure herriko dendetako kristalen barnealdean. Kontsumoaren itzalpean agudo bizi gara. Agudoegi! Agorrilean larrazkenerat begira paratzen gaituzte, buruilean negurat, ilbeltzean udaberrirat eta martxoan udarat. Sasoi batean sagarrak biltzen, egurra xehatzen edo baratzeko lurra jorratzen ibiltzen baziren ere, egungo gizaki modernook kontsumitu egiten dugu urtaroei ongietorria emateko. Pertsona aitzinatuak gara zinez! Eta larrazkenean kontsumoa handitu bertzerik ez da egiten ikasturte akademikoaren hasmentan pizten den psikosiarekin.
Sasoia izaten da etxeko ttipienak eta nerabeak eskolan hasteko. Hondartzak hustu eta etxeko apalategiak betetzeko denbora. Hamaika koaderno, txandal eta motxila saltzeko urtaro preziatua, kontu korrontea hostoen pare gorritzeraino. Euro andana xahutzen da seme-alaben etorkizunak hori eta gehiago balio duelakotz. Kontsumo neurtezinak ikasleen etorkizuna bermatu eta kalitatea segurtatzen du, ikastetxe, irakasle eta ikasleen baldintza ezin hobeek lagundurik. Atx.
Duela urte batzuk, irakasleon lanordu kopuruak goiti egin zuen eta soldatak beheiti nabarmen. Gu omen ginen krisi honen erantzuleetako bat eta gure gabeziak krisitik ateratzeko bide. Aldaketa hau sufritu dugunok argi dugu nolako zama eta itolarria dakarren egunerokoan neurriak. Klase gehiago prestatu behar dira, zuzenketa orduak biderkatu dira, ezin ailegatuz ibiltzen gara. Gelako 30 bat ikasle izatea ez da harritzekoa, eta honek alimaleko buruhausteak ekartzen dizkigu zailtasunak dituzten ikasleak behar bezala bideratzeko eta zenbait eduki modu egoki batean lantzeko. Maiz aditzen da egungo ikasleek ez omen dakitela behar bezala idazten edo ahozkotasuna zokoratzen dela. Nola landuko ditugu behar bezala koordinatzeko eta prestatzeko ordurik gabe eta ratioak ttipitzen ez badira?
Bertzalde, Nafarroako Hezkuntzak derrigortua, diagnostiko ebaluazioak egiten dizkiegu ikasleei. Hau dugu kalitatea bermatzeko bidea, nonbait. Curriculuma eta irakaslana hobetzeko tresna. Segur zaudete? Azterketa eredu bakar bat erabiltzen da ikaslea baloratzeko beharrak kontuan hartu gabe. Non gelditzen dira dislexia, Aspergerren sindromea edo hiperaktibitatea daukaten ikasleak? Emaitzak datu estatistikoetan metatu eta Diario de Navarra-n lerroburu bihurtzea da kalitatea?
Ez dizkiet harri guztiak barrideei botako. Irakasleok ere badugu zer hausnartu. Azterketa andana paratzen eta etengabeko etxerako lanekin saiatzen gara geure burua trankiltzen. Ikasleak maiz itotzen ditugu eta emaitzak ez dira sobera aldatzen. Ez hobera, behintzat! Gelan ariketekin zailtasunak dituenak etxean ez ditu hobe eginen eta etsipena sorraraziko dio. Urtaro aldaketek aldaketak ekartzen dituzte eta aldaketaren alde ilusioa, bozka eta denbora eman genuen ZUEN langileok ere, aldaketa espero dugu urtaro hurbil batean.