Lur Albizu Etxetxipia
Ez da egun batetik besterako kontua. Aldaketa guztiek behar dituzte lanketa handiak. Aldaketak egosten aspaldi jartzen dira; prestatutakoa borborka hasten denerako eternitatea pasa daiteke. Batzuetan, ez da aldaketarik etortzen, eta beste osagai batzuk bota behar zaizkio lapikoari. Beste batzuetan, berriz, asmatu duzu. Eztanda egin du lapikoak. Konturatu orduko, ez dago gelditzerik.
Eta, bat-batean, gutxiesten genituen bitartean, edo hainbestera helduko ez zela pentsatzen zuten guztien gainetik, Kataluniaren lapikoak eztanda egin zuen, eta hor jarraitzen du, bidea marrazten. Askotan pentsatu dut zein konbinazio perfektuk eragin duen ekaitza, eragin dituen trumoi eta tximistak. Eta oraindik ikusteko dago zer gertatuko den. Baina lezio bat ematen ari zaizkigu.
Lezio bat ematen ari zaizkigu Katalunian, Kataluniatik. Ez da independentzia kontua (bakarrik), ez da estatu propio edo errepublika kontua (soilik). Ez da hauteskunde, norgehiagoka kontu soila. Beste zerbait da. Beste asko da. Beste asko dira. Eta, beharbada, lortuko dute. Kataluniako Printzerriko prozesuak, gertatzen dena gertatzen dela, ez du jada atzera bueltarik. Hilabete hauen guztien ondoren, ez dakigu zer gertatuko den hurrengo asteetan, baina hazia, oinarria badago. Bi aukera ditugu guk: inbidiaz harantz begiratu eta ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitu, edo inbidiaz harantz begiratu, ezagutu, ikusi, eta ikasi. Ez da independentzia kontua bakarrik. Gehiago da, Eraldaketarako aukerak biderkatu egiten ditu, eraldaketari bideak irekitzen dizkio eta herri oso bat duintzen du, handiago egiten du, hain zuzen ere.
Azkenaldian pentsatu izan dut zerk egin duen berezi koktela. Eta gero eta konbentzituago nago kontu batez: zerbait (er)aldatzeko, beharrezkoa da horretan sinestea. Katalan askok sinetsi egin dute lortzen ahal zutela. Sinesten dute lortzen ahalko dutela, eta horretarako aukerak dituztela. Eta aurrera jarraitu dute. Baimenik gabe, beste inorengandik ezer espero gabe.
Urriaren 1a ez dago urruti. Aste hauetan bi aukera ditugu: etxean geratu eta kanpotik ikusi edo erabakiak hartu eta aktiboki Kataluniarekiko eta prozesuarekiko elkartasuna adierazi, bultzada ematen saiatu.
Bi hitzordu ditugu, gutxienez, egun hauetarako: bihar Bilbon eginen den erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioa, eta hilaren 28rako antolatu diren gazte mobilizazioak, Euskal Herriaren independentzia ere aldarri izanen dutenak.
Gramscik esan zuen, CUPek hartu dio lekukoa: bizitzea posizionatzea da. Jarrera hartzea. Eta eraldaketaren, burujabetzaren eta bestelako ereduen alde gaudenok ezin gara espaloiaren beste aldean gelditu. Dena aldatu nahi dugulako, dena aldatu behar dugulako, eta horretarako ardura ere geurea delako.
Ez dugu baimenik eskatu oraina eraikitzeko. Eta ez dugu baimenik behar, gainera, libre bizitzeko. Ez dugu baimenik nahi historia idazteko. Eta ez diogu inori baimenik eskatuko aske izateko.