Edurne Elizondo
Pianoa du lan tresna Javier Perez de Azpeitia musikariak (Bera, 1963). Etxalarko Karmen pastoralean aritu zen duela bi aste, eta sorterrian kontzertua ematen, igandean. Musika klasikoaren mugak gainditzea maite du, baita pianoa bertzelako diziplinekin nahasteak ematen dion askatasuna ere.
Kontzertua egin berri duzu Beran, Miguel Olano tenorrarekin batera. Musika, zuzenean?
Bai, zalantzarik gabe. Musika zuzenean jotzeko da. Grabazioak ongi daude, baina zuzenean jotzea da kontua. Zuzenean jo behar da.
Publikoa erakartzea zaila da?
Egia da musika klasikoaren esparruan dagoen publikoa gero eta zaharragoa dela. Jende gaztea ez da ikusten. Hor badago hutsune handi bat, nola edo hala gainditu beharreko arrakala. Ez dakit nola, egia esan. Baina musika herriko gauza bat da. Eta herriko gisa tratatu behar dugu. Hori ezin dugu ahaztu.
Musika herrikoa dela diozu, baina zenbaitentzat kutsu elitista bat ere badu musika klasikoak.
Musika klasikoan formalismo gehiegi dagoelako gerta daiteke hori. Jotzera, adibidez, frakarekin edo esmokinarekin ateratzen gara. Irudi serioa ematen dugu. Bertzalde, uste dut gaur egun diziplina ezberdinak batzea dagoela modan, eta jendeak eskatzen du, musikaz gain, irudia edo hitza, edo poesia ere txertatzea.
Bide berrien zale zara zu?
Nik beti egin dut denetarik. Musikari klasikoa izateaz gain, zinemarekin ere, adibidez, lotura handia izan dut. Grabatu dut soinu banda dezente, Pascal Gaignerekin, eta zine mutuarekin ere izan dut harreman handia. Madrilgo zinematekan eta hainbat jaialditan aritu naiz zine mutuko filmei musika jartzen, bakarlari gisa, edo The Silent Band nire taldearekin, zuzendari moduan.
Zine mutuko filmak berreskuratzeko lan ere egin duzu. Nola murgildu zinen arlo horretan?
1994. urtean, Madrildik dei egin zidaten esateko garai hartan Donostiako Zinemaldian film mutu bat eskainiko zutela, eta bazituztela lan horrekin lotutako materialak. Zinemalditik bidali ninduten deitu zuen pertsonarengana, eta elkarrekin lan egiten hasi ginen Luciano Berriatua eta biok. Zarzuela asko berreskuratu ditugu, adibidez, bai eta hamaika motatako beste film asko ere.
Eroso sentitu zara gisa horretako lanetan?
Bai, oso eroso. Musika klasikoak, finean, lotu egiten zaitu. Tradizioak lotzen zaitu. Beethovenen sonata bat jotzen duzunean, adibidez, zure aurretik mila bertsio entzun dira. Jendeak, nahi gabe ere, alderatu egiten ditu. Ez dakit nork bezala jotzen ez baduzu, gaizki. Askatasun gutxiago dugu, bidea zehaztu egiten dizutelako. Zinemaren esparruan, ordea, askoz ere askatasun handiagoa dugu. Film bat hartu, eta jartzen diozu zure ustez egokiena den musika. Sormenerako erabateko askatasuna duzu. Zehaztu dezakezu musika piano doinuekin osatzea, kutsu klasiko bat emanez, edo rock talde batekin egitea. Emaitza erabat ezberdina izanen da.
Berako kontzertua Isidoro Fagoagaren omenezko egitarauaren barruan antolatu zenuten. Lehen mailako tenorra izan zen beratarra. Bazenuen haren ibilbidearen berri?
Herritar askori gertatu zaiona gertatu zait niri Fagoagaren omenezko egitarauarekin: haren bidez jakin dudala nor izan zen, eta zer egin zuen. Orain arte, izena baino ez nuen ezagutzen. Polita izan da haren omenez egindako guztia.
Beran nabarmena izan da beti herriak musikarekin izan duen lotura. Talde anitz sortu dira. Zer deritzozu?
Egia da, mugimendu handia dago, jende asko musikaren esparruan lanean eta gauzak egiten. Oso herri musikala da Bera. Ni 7 urterekin hasi nintzen. Aitak erosi zuen piano bat, eta etxeko korridorean jarri zuen. Jolas moduan hasi nintzen, baina zaletu nintzen. Gaur arte.
Gaur arte, hamaika saltsatan sartuta.
Bai. Azkena, Karmen Etxalarkoa pastorala izan da. Urtebeteko lana izan da.
Irakasle ere aritu izan zara, Donostiako kontserbatorioan.
Bai. Orain eszedentzia hartuta nago, eta Musikenen ari naiz lanean. Piano sailburu lanetan ari naiz, bertzeak bertze; errepertorioak prestatzen ere bai.
Maite duzu irakasle lana?
Bai. Oso lan aberasgarria dela iruditzen zait. Ikasleek zurekin ikasten dute, eta zuk haiekin. Polita eta aberasgarria da esperientzia hori. Irakaskuntzan ere denetarik egin dut.
Zaletasuna zabaltzeko aukera ere ematen dizu irakaskuntzak? Hasieran aipatu duzun arrakala salbatzeko lanetan urratsak egitekoa?
Bai, zalantzarik gabe. Egin daiteke zaletasuna bultzatzeko lana. Gazteak motibatu behar ditugu. Hori funtsezkoa da. Bestela, zaletasuna galtzen da, eta musika, ondorioz, zahartu egiten da. Musikak, ordea, zerbait bizia behar du izan. Horri eutsi behar diogu.
Musika garaikideko Nak 2017 jaialdia egin berri dute. Halakoek balio dute musikarako grina pizteko?
Ez da erraza; egileak ez dira ezagunak, eta musika klasikoak, oraindik ere, zale gehiago ditu. Erakundeak, halere, ari dira musika garaikidea zabaltzeko lana egiten. Poliki, baina aurrera goaz.