Edurne Elizondo
Azarotik ari dira Iruñeko Erruki Etxeko langileak hitzarmena negoziatzen. Joseba Asironengana jo dute, bitartekaritza lana egin dezan, hura baita, Iruñeko alkate gisa, zahar etxea zuzentzen duen batzordeko presidente. Irabazi asmorik gabeko fundazioa da Erruki Etxea. Horrek gatazka “baldintzatzen” duela azaldu du Susana Laia langile batzordeko buruak (Iruñea, 1970).
Zein da lan gatazkaren jatorria?
Aspaldikoa da, egia erran. Duela lau urte sinatu genuen azken lan hitzarmena. Lehen, jaiegunetan txandaka lan egiten genuen; batean bai, bertzean ez. Denera, zazpi jaiegunetan aritzen ginen lanean. Aparteko orduak ziren, berez, ez zeuden egutegiaren barruan, eta, ondorioz, bazen jaiegunetan lan egiten ez zuen jendea. Ezin gintuzten behartu. Lan egiten zuenak, berriz, aukera zuen ordaina dirutan jasotzeko, edo besta egun bat hartzeko. Duela lau urte hitzarmena negoziatzen ari ginenean, besta egun horiek lan jardunaldian sartzea proposatu zigun zuzendaritzak; hori eginez gero, lanaldia murrizteko aukera onartuko zutela. Sinatzea erabaki genuen, azkenean. Ezustekoa hitzarmen berria negoziatzen hasi ginenean hartu genuen.
Zeintzuk dira ezin onar ditzakezuen baldintzak?
Soldatak ez dituzte igo nahi, ezta KPIa ere! Erruki Etxea hagitz etxe sendoa da Iruñean. Eta KPIa ez bermatzea ere! Guk KPIa eskatzen dugu. Orain arte, krisi garaian ere, KPIa igo badigute, orain zergatik ez? Ezin dugu onartu. Egia da irabazi asmorik gabeko fundazioa dela, baina irabaziak baditu. Bertze ezustekoa lanaldia murrizteko aukerarekin hartu dugu.
Ez dute onartu, azkenean?
Lanaldia murrizteko aukera izanen genuela uste genuen, baina ez da erabat gauzatu guk espero genuena: bi lanaldi murrizteko aukera izanen dugu, baina ez denok, bakarrik 1.699 orduko lanaldia dugunok. Lanaldi partziala dutenek ez dute aukera hori izanen. Zuzendaritzaren logika da, berez gutxiago lan egiten dutenez, ez dutela are gutxiago lan egiteko aukera izan behar. Behin betiko lanpostuen kontua ere hagitz garrantzitsua da guretzat, eta ez dugu kopuruak behera egitea nahi.
Arrisku hori bada?
Duela lau urte, 30 langileren erretiroa aurreratzea sinatu genuen; uste dugu norbaitek erretiroa hartzen duenean lanpostu hori betetzen duenak behin betiko kontratua lortu beharko lukeela. Ez dute hori eskaintzen. 50 lanpostu finko eskaintzen dizkigute, baina proposamen nahasgarria da. Lantaldean, udako egoera bazter utzita, 270 langile gara. Horietatik ehun behin-behineko langileak dira. Hori nabarmentzekoa da, eta, are gehiago, ehun horietatik berrogeik zortzi urte baino gehiago egin dituztela, jada, behin-behineko egoeran. Beraz, 50 kontratu finko horiek aspaldi eginak behar zituen enpresak. Erran behar da, gainera, behin-behineko langileek ez dituztela lan baldintza berdinak.
Mobilizazioak hasi dituzue. Enpresak egin du urratsik geroztik?
Irailaren 17an, manifestazioa egin genuen, eta egun horretan egin genuen azken bilera etxeko arduradunekin. Manifestazioa hasi baino bi ordu lehenago egon ginen. Bilera motza izan zen, ez zigulako deus eskaini.
Iruñeko alkate Joseba Asironekin ere egin duzue bilerarik?
Bai, irailaren 21ean egon ginen Asironekin. Bitartekari lana egin dezala eskatu diogu, hura baita fundazioko zuzendaritza batzordeko buru. Alkateak betetzen ohi du kargu hori. Guk argi dugu Asironek, alkate gisa, baduela auzi honetan ardura sozial eta politikoa. Auzia aztertuko zuela erran zigun. Nik espero dut Asironek bere gain hartuko duela bitartekaritza egiteko ardura.
Irabazi asmorik gabeko fundazioa da Erruki Etxea. Horrek baldintzatzen du, nolabait, lan gatazka?
Bai, baldintzatzen du. Irabazi asmorik gabekoa izanda, ulertzen dut irabazitakoa berriz inbertitu egin behar duela. Eta horren barruan gaude langileok. Zerbitzu hobea eskainiko du langileen lan baldintzak egokiak badira. Ezin dugu ahaztu Erruki Etxea dela Espainiako zaharrentzako egoitzarik handiena; 600 erabiltzaile ditugu. Bertzeentzat ispilu izan behar duzu.
Greba egiteko aukera mahai gainean duzue?
Bai. Duela hamabost urte egin genuen, eta aukera hori mahai gainean dago orain ere. Udalak ez badu bitartekaritza lana egiteko ardura bere egiten, eta enpresak urratsik ez badu egiten, greba izan daiteke hurrengo urratsa.
Zer giro duzue langileen artean?
Sindikatu guztiak bat eginda gaude, eta horrek indarra ematen die langileei. Ez da egoera samurra inorentzat, baina indarra badute, argi dutelako eskaera bidezkoak ari garela egiten.
Eta erabiltzaileek zer jarrera dute?
Zer gertatzen ari den jakin nahi dute zenbaitek, eta galdetzen duenari azaltzen diogu. Baina pertsona zaharrak dira, eta ez ditugu gehiegi kezkatu nahi. Ez lukete gure kontuekin kezkatu behar. Galdetzen dutenen erantzuna izaten ohi da lan handia egiten dugula.
Merezi duen aitortza jasotzen du zahar etxeetan egiten duzuen lanak?
Ez, inondik inora. Lan gogorra da, gorputza eta burua nekatzen dituen horietakoa. Pertsonekin lan egiten dugu; pertsona zaharrekin. Beren bizitzaren azken txanpan diren pertsonekin. Horrek ere berezi bilakatzen du lana.
Emakumeek egindako lana da, batez ere. Horrek badu lotura aitortza falta horrekin?
Nik argi dut baietz. Bigarren mailakotzat jotzen dela egiten dugun lana, emakumeok egiten dugulako. Etxeko lanen gisakotzat hartzen dutelako, oraindik ere. Langileoi, halere, gero eta gauza gehiago eskatzen digute; titulu, ikastaro eta ezagutza gehiago. Baina ez diote gure lanari duen balioa ematen.