Ez dutelako aldatzea nahi

Ez dutelako aldatzea nahi

Edurne Elizondo

Inork ez du eskatu”. “Inork ez du aldatzea nahi”. “Arazorik ez bada, zertarako antolatuko dugu bertze modu batera?”. Mezu horiek eta gisako bertze hainbat entzun ahal ziren, duela astebete, Pio XII.a etorbideko bizilagunek eta dendariek antolatutako bileran. 50 pertsona inguru izan ziren Civican aretoan egindako saioan, eta plataforma bat osatzea erabaki zuten. Iruñeko Udalak martxan du karrika hori berrantolatzeko proiektua. Asmoa da oinezkoei, garraio publikoari eta bizikletei ematea lehentasuna. Egitasmoak, ordea, ez ditu kontent utzi auzokide anitz. Egun dauden aparkalekuak kentzea ekarriko luke.

“Udalak hutsaren hurrengotzat hartu gaitu; maiatzetik ari gara proiektuaren aurkako gure iritzia azaldu nahian, baina ez gaituzte prozesuan kontuan hartu, inondik inora”. Horixe salatu du plataformako kide eta Pio XII.a etorbideko dendari Ainhoa Comeronek. Argi du, gauzatuz gero, udalaren proiektuak kalte eginen liekeela auzoko dendariei. “Anitzek ateak itxi egin beharko genituzke, zalantzarik gabe”.

Autoek aparkatzeko aukerarik ez izatea da arazo nagusietako bat, dendarion hitzetan. Bizilagunek haiekin bat egin dutela azaldu dute. “Etorbidea gai da duen zirkulazioari aurre egiteko. Arazorik ez bada, ez dezatela uki”, berretsi du Comeronek. Plataformako kideen lehen asmoa da Iruñeko alkate Joseba Asironekin bilera egitea, proiektua gelditzeko eskatzeko, batetik, eta auzoan egin beharreko lanetan eta proiektuetan parte hartu nahi dutela argi uzteko, bertzetik.

Iruñeko Udalak maiatzean onartu zuen Pio XII.a etorbidea berrantolatzeko proiektua. Joan den abuztuan, berriz, proiektua idazteko kontratuaren lizitazioa onartu zuen. Asmoa da datorren urte hasieran lanak martxan jarri ahal izatea.

Iruñeko Udalak mugikortasun iraunkorraren aldeko urrats gisa jo du Pio XII.a etorbideko berrantolatzea, eta proiektua “ontzat” jo du Asiron alkateak. Egun, autoak aparkatzeko bandaz gain, hiru bide ditu karrikak, norabide bakoitzeko. Xedea da aparkatzeko banda bizikletentzako bide bilakatzea; kanpoko bideak espazio malgu eta askotarikoak izanen lirateke, eta balioko lukete, adibidez, billabesen geltokiak eta edukiontziak jartzeko, bai eta zamalanetarako ere; gainerako bi bideak izanen dira zirkulaziorako bide, eta haietako batean garraio publikoak izanen du lehentasuna. Gaur egun etorbidearen erdian dagoen espazio erdibitzaileari eusten dio proiektuak. Bidegurutzeetan nola lan egin zehazteko bidean dira orain udaleko Mugikortasunerako Talde Teknikoko kideak. Asmoa da, batez ere, abiadura murriztea. Proiektuak biribilguneak baliatu nahi ditu, hain zuzen, zirkulazioa lasaitzeko.

Pio XII.a etorbideko proiektuak hiriko erdigunea atseginago bilakatzeko planari eman nahi dio segida. Plan horren eskutik, Alde Zaharreko hainbat karrika berrantolatu ditu udalak, jada, autoak erdigunetik urruntzeko asmoz. Iruñerriko Mankomunitateko presidente Aritz Aiesak “ontzat” jo ditu egindako aldaketak eta izan duten eragina. Aiesaren hitzetan, lehen datuak kontuan hartuta, aldaketek eragin dute billabesetako bidaiarien kopuruak gora egitea.

Taxientzat ere aldaketa “ona” izan dela uste du Aiesak. “Lehentasuna dute planak eragindako eremuan, eta Sarasate pasealekuan, gainera, geltoki berri bat badute”. Onartu du, hala ere, San Lorenzo aldean “zer hobetu” badela, oraindik ere.

Sistema berria

Erdigunea atseginago bilakatzeko planak, bertzalde, autoen zirkulazioa mugatu nahi du Alde Zaharrean. Horren arabera, baimena dutenak baino ezin izanen dira sartu. Datorren asteartean, hilaren 10ean jarriko da martxan sistema berria. Herritarren esku informazioa jartzeko asmoz, udala kanpaina bat egiten ari da egunotan. Sistema berriak autoen matrikulak irakurriko dituzten kamerak izanen ditu ardatz nagusi.

Alde Zaharrean egindako aldaketei so dira Pio XII.a etorbideko dendariak ere. “Han egindako aldaketek Zabalgunean dute eragina, bai eta hemen ere. Hemengo proiektua gauzatzen bada, gainera, herritarrek oztopo gehiago izanen dute erdigunera ailegatzeko; hiritik kanpoko merkataritza guneetara joko dute”, erran du Comeronek.

Udalak kontrakoa defendatu du beti; oinezkoei, bizikletei eta garraio publikoari lehentasuna emateak gehiago hurbilduko dituela herritarrak erdigunera.