Soka bat generoa eta klima aldaketa lotzeko

Edurne Elizondo

Uste okerrak bazter utzi nahi dituzte. Argi eta garbi azaldu hemengo eta gure auzi bat ere badela. Ez dituela bakarrik urrun direnak ukitzen. Eta, batez ere, modu ezberdin batean eragiten diela gizonei eta emakumeei. “Konplexua da, bai eta lausoa ere”, aitortu dute Graciela Gonzalezek eta Maricruz Lergak, klima aldaketari buruz. Horregatik sortu dute haren kontrako emakumeen sarea. Generoa eta ingurumena uztartu, eta andreen ezagutzak landu eta baliatu nahi dituzte klima aldaketari aurre egiteko. Orain eta hemen, urrunekoak ahaztu gabe, hemengo herri eta hirietako egunerokotik abiatuta. “Egungo bizimodua aldatzeko beharra dugu; bertzeekin, planetarekin, ingurumenarekin harremana izateko bertzelako moduak bilatu behar ditugu, aurrera egin ahal izateko, denontzat hobea izanen den mundu bat osatzeko”, laburbildu dute.

Gonzalezek eta Lergak hainbat urtez lan egin zuten elkarrekin Crana Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroan. Erakunde publikoa zen, eta 2015eko otsailaren 3an itxi zuten, behin betiko, Nafarroako aurreko gobernuak hura desegitea erabaki eta gero. Ixteko prozesua gogorra izan zen Gonzalezentzat eta Lergarentzat, aitortu dutenez. “Dolua pasatuta”, ordea, eta Cranan ez zuten “independentzia” bilatuz, egindako urratsei segida eman nahi izan diete, eta lanerako gogo horren ondorio da klima aldaketaren aurkako emakumeen sarea.

Emakumeen sarea da, generoaren auzia txertatu nahi dutelako klima aldaketarekin eta ingurumenarekin lotutako kontu guztietan. Xede horrekin bat eginen duten gizonen lana ere ez dute bazter utzi nahi. “Gizarte patriarkal batean bizi gara, eta horrek klima aldaketarekin eta ingurumenarekin lotutako esparruetan ere badu eragina eta isla”, nabarmendu du Lergak. Patriarkatuak ekarri du naturarekin menpekotasun harreman bat ezartzea, hain zuzen ere. “Patriarkatuak bere menpe hartu du natura”, azaldu du. Botere harreman hori errepikatzen da gainerako bertze esparru guztietan ere. “Sistema patriarkalak markatzen du gure bizitzeko modua, zehazten ditu gure bizitza estiloak, bai eta gure pentsatzeko moduak ere; klima aldaketaren auziak, finean, horrekin guztiarekin du lotura estua; gure bizitzeko modua aldatu behar dugu, edo gureak egin du. Klima aldaketa ez da lehorteak edo uholdeak gertatzea. Hori gertatuko da, baina klima aldaketak erraten digu, batez ere, bertze modu batera bizi behar dugula”, erantsi du Gonzalezek.

Lerga eta Gonzalez soziologoak dira, eta gizarte zientziek klima aldaketaren esparruan errateko dutena nabarmendu nahi dute, hain zuzen ere, osatu berri duten sarearen bitartez. Cranan bat egin aurretik, Emausko Trapuketariekin aritu zen Gonzalez lanean, eta han ere izan zuen aukera baztertzeko arriskuan diren pertsonak gizarteratzeko lana hondakinen kudeaketarekin eta ingurumenarekin lotzeko eta lantzeko.

“Zientzia fisikoek, nolabait erranda, pisu handia dute, eta etengabe ari dira datuak jartzen mahai gainean: isurtzen dugun CO2 kopurua, murriztu behar duguna, kontsumitzen dugun energia… gizarte zientziek, ordea, bazter utzi dute ingurumenaren esparrua; huts nabarmena da hori, klima aldaketarena, argi eta garbi, arazo soziala delako. Argi eta ozen erran behar dugu hori, gizarte zientziek behar duten protagonismoa berreskura dezaten”, erran du Lergak.

Emakumeen ezagutza

Soziologiaren bidetik egin nahi dute sareko bi kideok beren ekarpena. Ikasketa esparru zehatz eta ofizialetatik at, gainera, emakumeek duten ezagutza aldarrikatu nahi izan dute, eta hori baliatu nahi dute, aurrerantzean, klima aldaketaren kontrako estrategiak finkatzeko beren jardueran. Cranan egindako lana jarri dute bilatzen dutenaren adibide. Herritarren kontsumoaren arloko esperientziak jarri zituzten martxan, batetik, Kyotoko akordioak finkatutako etxe berdeak lortzeko bidean urratsak egiteko; eskoletako jantokietan ere aritu ziren lanean, elikagaien subiranotasuna lantzeko; hirugarrenik, andreen parte hartzea jorratzeko Emakumeak bustitzen dira izenburuko programa jarri zuten martxan hainbat herritan, toki horietan emakumeek urarekin, ibaiekin, eta uraren kudeaketarekin zuten harremanean sakontzeko.

“Esperientzia hagitz polita izan zen azken hori; hasieran, zer eskaini ez zutela erraten zuten emakumeek, ez zekitela deus urari buruz; baina programan aurrera egin ahala anitz zekitela konturatu ziren. Eguneroko bizitzaren esperientziak eta erabilerak ematen zien ezagutza bazuten”.

Horixe bilatzen dute klima aldaketaren aurkako sareko kideek. “Genero rolen ondorioz, eguneroko kontsumo patroietan zer erran badugu emakumeok, eta horrek ematen digu baliatu behar dugun aukera bat; egunerokoan zer kontsumitu erabaki dezakegu”.

Klima aldaketaren auzia, noski, ez da hain erraz aldatzen. Eguneroko kontsumoko patroietan bai, baina bertze arlo anitzetan zer erran ez dutelako emakumeek. Aukera hori gabe uzten dituzte sistema patriarkalak eragindako ezberdintasunek: “Gizaki guztiok dugu ingurumen baliabideekiko menpekotasuna; baliabide horien inguruko kontrola, ordea, baliabide horiek eskuratzeko aukera, ez da berdina gizonen eta emakumeen artean; gizonen esku dago, batez ere, kontrol hori, eta haiek dira, gainera, baliabide horiek eragiten dituzten onurak jasotzen dituztenak”, nabarmendu du Gonzalezek.

Haren ustez, egun gertatzen da erraz ikusten dela hori hemendik urrun diren errealitateetan, baina ez, ordea, etxekoetan. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak erran du, adibidez, 100 milioi pertsona gutxiago egongo liratekeela goseak landa eremuetako emakumeek gizonek adina kontrol izanen balute baliabideak eskuratzeko. “Erraz ikusten dugu urrutiko landa eremuetako baratzeetan klima aldaketak duen eragina; erraz ikusten dugu eragin hori are handiagoa dela lur horretan lan egiten ahalegintzen den emakumearengan. Ez dugu ikusten, ordea, hemen ere, ezberdintasunez betetako gizartea dugun neurrian, hori gertatzen dela, ezberdin eragiten digula klima aldaketak emakumeoi”, azaldu du Gonzalezek.

Horregatik da hain garrantzitsua, haren hitzetan, generoaren ikuspegia txertatzea. Oraingoz, ordea, hori lortzeko egindako urratsak urriak dira herrialdean. Gonzalezek eta Lergak onartu dute “borondate ona” badela egungo gobernuan hori egiteko; baina argi eta garbi erran dute borondate on hori ez dela, inondik inora, nahikoa. Gobernuak onartutako hondakinak kudeatzeko plana jarri dute egungo egoeraren adibide: “Berdintasunaren eta generoaren atalera ailegatzen zarenean jartzen duen gauza bakarra da daturik ez dagoela; generoaren ikuspegia aztertu duen ikerketarik ez dagoela. Eta kito!”, salatu du Lergak. “Daturik ez dagoela erratea ez da onargarria; ikerketarik ez bada, egin ditzatela”.

Hori da, Lergaren ustez, egungo arazo nagusietako bat. Datuak eta ikerketak falta direla, hain zuzen ere. “Irizpideak falta dira; egiten ari diren urratsen inguruko balorazioak falta dira, ongi ari ote diren jakiteko; egiten ari garenaren neurria emanen diguten adierazleak falta dira”.

Antzekoa da, sareko kideen ustez, Nafarroako Gobernuak onartu berri duen Klima Aldaketaren Bide Orriaren zirriborroarekin gertatu dena. “Ez dago gaizki, eta egia da ikuspuntu transbertsalago batetik landu dutela; baina, berriz ere, generoaren auzian motz gelditu dira, borondate ona izatea ez da nahikoa”.

Parte hartzearen ingurukoak jarri ditu mahai gainean Lergak, Nafarroako Gobernuak herritarren parte hartzea jo baitu helburu nagusitzat, hasieratik. Soziologoak nabarmendu du, ordea, parte hartzea bultzatu nahi dela errateak ez duela bermatzen parte hartze hori gertatuko denik. “Are gehiago, parte hartze prozesu bat zabaltzeak ere ez du bermatzen halakorik gertatzea. Jendeak parte ez hartzea erabakitzen badu, irakurketa ezin da izan bazuela aukera eta bazter utzi duela. Aztertu beharko dugu zergatik ez duen parte hartu”.

Parte hartzeko prozesuen ordutegiak zehazten ahal du, adibidez, emakumeen parte hartzea nolakoa izanen den. Horixe erran du Gonzalezek. “Ordutegiak, bertzerik gabe, prozesutik kanpo uzten ahal ditu emakumeak. Halako gauzak kontuan hartu behar dira. Bertzela, orain arte ikusezin izandakoak ikusezin izango dira aurrerantzean ere”. Interneten bidezko parte hartzeak ere, gauzak erraztu beharrean, zaildu bertzerik ez dituela egiten erantsi du Gonzalezek. “Prozesu korapilatsuak izaten dira anitzetan. Jendea urrundu bertzerik ez dute lortzen”.

Esperientziak

Lan anitz bada egiteko. Zalantzarik ez dute Lergak eta Gonzalezek. Hala ere, eredutzat har daitezkeen adibideak badirela nabarmendu du. “Agenda 21 ekinaldiaren eskutik, gauzak egin dira udaletxe anitzetan”, erran du Gonzalezek. Antsoaingo Udalaren ahalegina nabarmendu du, bereziki, Lergak. “Berdintasun arloko arduradunak konturatu dira ingurumena kontuan hartu beharreko esparru bat dela, eta genero ikuspegi batetik eutsi behar zaiola, gainera, egin beharreko lan horri”, azaldu du.

Udaletan sortutako esperientziak ezagutu nahi dituzte klima aldaketaren aurkako emakumeen sareko kideek, hain zuzen ere. Duten balioa aitortu, eta zabaldu. Gonzalezek izanen du, aurrerantzean, lan horren ardura, Redgenerocambioclimatico.org webgunearen bidez. “Parte hartzea nola bermatu aztertu nahi dugu, tailerrak antolatu emakume taldeekin; dagoenaren berri eman eta lan egiteko modu berriak ikertu”, azaldu du Gonzalezek.

Eta berretsi du, zientziak eta teknologiak erraten dutenaz harago, inguruarekin eta ingurukoekin harremana izateko modua dela giltzarri; esparru horietan egin behar direla aldaketak. Teknologiaren arloaz Lergak erantsi du, gainera, “emakumeak ekonomia berdetik at” gelditu direla, teknologia berde horretara eramaten dituzten ikasketetatik at ere badirelako.

Inguruarekin eta ingurukoekin zer-nolako harremana izaten den aztertzeko beharraz, gizaki ez diren bertze animaliak ere kontuan hartu behar direla uste du Lergak, bertzalde. “Ikuspuntu etiko batetik egin beharko genukeena bazter utzita ere, ekologiaren ikuspuntutik ezinezkoa da egungo kontsumoari eustea; sekulakoa da animaliak hazteko gastatzen dugun ur kopurua. Ezin dugu bide horretan aurrera jarraitu”, erran du soziologoak.

Klima aldaketaren aurkako emakumeen sarea martxan da. Zabalduz joan nahi du. Emakumeekin lan egiten eta ezagutzak partekatzen. Generoa eta klima aldaketa lotzeko sokari eutsi diote Lergak eta Gonzalezek, eta bidean bertze emakume anitzek haiekin bat egitea bertzerik ez dute nahi. Erdiaren begirada direlako.